Gure Zirkuaren karpa Errenterian izango da apirilaren 8tik 18ra

Data

21.04.08 - 21.04.18

Lekua

Gipuzkoa - Errenteria

Gure Zirkua prest da denboraldi berriari ekiteko. (NAIZ)

Erabateko arrakastarekin, lehen hiru biretan 100.000 ikusle bildu ondoren, Gure Zirkua prest da laugarren urteari ekiteko. Errenteria izango du 2021eko biraren abiapuntu. Apirilaren 8an ekingo dio taldeak laugarren bira izango denari, datozen hilabeteetan Euskal Herri osoa zeharkatzeko asmoz.

Errenterian Agustinak auzoan, Lousada kalean, egongo da apirilaren 18ra bitartean. Honakoak dira emanaldiak: apirilaren 8an (16.30ean eta 19.00etan); apirilaren 9an (16.30ean eta 19.00etan); apirilaren 10ean (16.30ean eta 19.00etan); apirilaren 11an (16.30ean eta 19.00etan); apirilaren 16an (19.00etan); apirilaren 17an (16.30ean eta 19.00etan) eta apirilaren 18an (16.30ean eta 19.00etan).

Lehen 13 emanaldietarako sarrerak salgai daude jada Gure Zirkuaren webgunean.

Covid-19 birusaren eraginez Gure Zirkuak erabat moldatu behar izan zituen iaz aurreikusitako ibilbideak eta helburuak; eta ondorioz, 2020an bete ezin izan zituen helburu eta konpromisoei helduko die taldeak 2021ean. «Oraindik ere pandemiak baldintzatuta, baina iaz urratutako bidetik zirkuaren magia zabaltzeko gogo betez. Covid-19aren eraginez iaz ezarri ziren segurtasun- eta garbitasun-neurriei eutsiko diegu», azpimarratu dute arduradunek.

Batetik, Euskal Herri osora iristeko asmoa du aurten Gure Zirkuak. «Pandemia tarteko, zirku ibiltaria ez zen iaz hain ibiltari izan, eta karpa ez zen Gipuzkoako mugetatik atera. Asko izan zirenez ikuskizunaz gozatu gabe geratu zirenak, taldea sekula baino lehenago hasiko da aurten emanaldiak eskaintzen, urtean zehar Euskal Herriko ahalik eta txoko gehienetara iristeko asmotan», esan dute.

Bestetik, osasun agintariek ezarri dituzten segurtasun- eta garbiketa-neurriak betetzeko helburuz, Gure Zirkuak beste karpa bat erabiliko du aurten, «lehen urteetan erabilitakoaren ‘ahizpa handia’, lehenbiziko hark eskaintzen zuen goxotasuna galdu gabe, baina 1,5 metroko gutxieneko distantzia fisikoa errespetatzea ahalbidetuko duena».

Gainera, eta Errenteriako Udalarekin elkarlanean, herriko ikastetxeetako ikasleek Gure Zirkua bisitatzeko aukera izango dute eskolako jarduera gisa, apirilaren 12ko astean, «zirkuaren atzean dagoen lana eta erantzukizuna ezagutu ahal izateko», iragarri dute.

Kokapena

Lousada Kalea
Lousada Kalea
Errenteria. Gipuzkoa