Arrue anaien bi lan elkarrekin berriz, Bilboko Arte Eder Museoan

Data

21.11.16 - 22.03.27

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Ramiro Arrueren ‘Fandango’ margoa. (NAIZ)

Obra Gonbidatua ekimenari esker berriz elkarren ondoan ikus ahal izango dira Jose eta Ramiro Arrueren formatu handiko bi margolan: Joseren ‘Baserritarrak’ eta Ramiroren ‘Fandango’.

Biak batera aurkeztu ziren Parisen 1925. urtean, eta, orduz geroztik, bereizita egon dira. Ekimen horren bitartez ospatu nahi da, batetik, Jose Arrueren familiak ‘Baserritarrak’ lana eman berri diola museoari dohaintzan, eta, bestetik, Ramiro anaiaren heriotzaren 50. urteurrena. Ramiroren ‘Fandango’ lana Donibane Lohizuneko Udalaren aldi baterako maileguari esker erakutsiko da museoan.

«Bi mihiseak ikusgai jarrita, Parisko 1925eko Exposition Internationale des Arts Décoratifs et Industriels Modernes erakusketan bi lan horiek izan zuten partehartzea berregiteko aukera eman duen ikerketa egin ahal izan da», adierazi dute museotik.

Museoaren Kontserbazio eta Ikerketako koordinatzaile Javier Novo izan da ikerketaren egilea. Hitzaldi batean azalduko ditu, azaroaren 22an, ikerketaren ondorio nagusiak. «Lagunduko digu euskal artearen pasarte interesgarri horren garrantzia ulertzen», diote.

19.00etan Auditoriumean egingo da ekitaldia, sarrera doan. Gonbidapenak webgunean eta museoko leihatilan eskuratu daitezke. YouTubeko museoaren kanalean azaroaren 25etik aurrera jarriko da ikusgai.

Bi margolanak testuinguruan jarri nahian beste hainbat material dokumental eta artistikorekin erakutsiko dira: erakusketa hartako ‘Stand Basque’ delakoaren maketa –hor egon ziren lanak–, Baionako Departamentuko Artxiboetan gordetako planoetatik abiatuta egina; Parisko 1925eko Nazioarteko Erakusketa iragartzeko Robert Bonfilsek (Paris, 1886-1972) egindako kartela –koloretako litografia, museoko kartel bilduman gordea–; eta Ramiro eta Ricardo Arrueren esmalte multzo bat (Bilbo, 1889-Caracas, 1978), museoaren dekorazio arteen funtsetakoa eta Espainiako Pabiloian ikusi ahal izan ziren berrogeita hamar lanen ordezkari, zeinari eman baitzitzaion Urrezko Dominaren diploma.

Arrue anaiak Parisen

Jose Arrueren ‘Baserritarrak’ eta Ramiro Arrueren ‘Fandango’ ‘Stand Basque’-n, Ipar Euskal Herriko sekzioan, erakusteko helburuz agindu ziren. Bertan bildu ziren margoak, eskulturak, zeramikak eta altzariak, 1925eko Parisko Exposition Internationale des Arts Décoratifs et Industriels Modernes erakusketan.

«Urte hartako apirila eta urria bitartean izan zen erakusketa hartara bisitari ugari joan ziren, eta arkitektura modernoa erreibindikatzeko helburuarekin antolatu zen, industriaren aurrerakuntzak eta hark dekorazio arteetan zuen aplikazioa erakutsiz. Horrez gainera, funtsezko ekimena izan zen art déco estiloa nazioartean zabaltzeko», gogoratu dute.

Arrue anaien bi lanek izan zuten saria erakusketan, eta Benjamin Gomez (Baiona, 1885-1959) arkitektoak nazioarteko ekimen entzutetsu hartan Euskal Herria sustatzeko turismo bulego gisa egindako eraikuntza efimeroan, Hall d’un syndicat d’initiative en Pays Basque, egon ziren ikusgai.

Orduz geroztik, lan bakoitzak bere bidea egin zuen. ‘Baserritarrak’ Bilboko museoan egon da gordailututa 2003ko azaroaz geroztik, eta orain dela gutxi artistaren familiak dohaintzan eman du. Bestalde, ‘Fandango’ lana aurrekoarekin elkartu ahal izan da, lanaren gaur egungo jabeari esker, hau da, Donibane Lohizuneko Udalari esker maileguan utzi baitio museoari, Arrue anaien ekoizpenean eta aurreko mendearen hasierako euskal artean funtsezkoak izan diren bi lan hauek elkarrekin ikusteko asmoz.

«Jose Arrueren erromerien eta eszena kostunbristen arrakastak –zeinek baitute indar komiko handia– ezkutatu egin du, maila handi batean, margolariaren gai aldakortasuna. Edonola ere, margolariaren izaera artistiko zabalaren alderdi nagusietako bat formatuetara eta tekniketara egokitzeko gaitasun handia da: gouachea, olio pintura, murala edo beirategia», azaldu dute Arte Eder Museoko arduradunek.

Hego Euskal Herriari eskainia, ‘Baserritarrak’ margoak landa-lanari dagokion eszena bat erakusten du, egileak berezkoak dituen argitasunarekin eta indarrarekin. Jatorrizko kokaera dela-eta, altuan, ia-ia neurri naturalean ageri diren irudiak dira protagonistak. Atondoaren beste muturrean dagoen anaiaren lanean bezala, behean zeramikazko plaka bat zegoen, lelo honekin: ‘Biarritz reine des plages. Plage des rois’ (Biarritz, hondartzen erregina. Errege-erreginen hondartza). Zilarrezko Dominaren diploma eman zioten.

Kokapena

Arte Eder Museoa
Museo Plaza, 2
Bilbo. Bizkaia