Arte Eder Museoko zortzi artelanen gainean hausnartu dute hamasei emakumek

Data

21.10.06 - 22.03.27

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Aurkezpenaren irudia. (NAIZ)

Maiz, ikuspuntu akademizista gailendu zaie artea ikusteko eta ulertzeko beste modu batzuei. Ideia horretatik abiatuta, Bilboko Arte Eder museoko Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailak, Tamara Garcia Iglesias (Lasarte, Gipuzkoa, 1978) zinemagilearekin batera, ekimen berritzaile hau landu du, behaketaren ohiko kodeak desegin eta museoko bilduma era aske eta subjektiboan interpretatzea sustatzeko.

Lehen emanaldi honetan, bostna minutu inguruko zortzi ikus-entzunezkok osatuko dute ‘Ikuspuntuak’ erakusketa. Horietan, hamasei emakumek hausnarketa egiten dute, beren testuinguru kultural eta sozial desberdinetatik abiatuta, era berean emakumeak protagonista diren bildumako zortzi margolani buruz.

Sormena, aktibismoa edo zientzia abiapuntu hartuta arituko dira, besteak beste, Karmele Jaio, Izaskun Landaida, Miriam Ocariz eta Marta Macho-Stadler, kulturarteko bitartekaritzan diharduen emakume ijito gazte batekin eta emakume trans batekin batera, esaterako.

«Proposamen bakoitzak, gainera, bere narrazioa du, batzuetan poetikoa eta zentzumenen arlokoa, eta, bestetan, emozioentzako eta ideientzako pizgarria. Gorputzak saileko zortzi kapituluek erronka iradokitzaile bat proposatzen diete ikus-entzuleei: hesiak desegin eta museoan izandako bizipena eraldatzea, artelanak modu berri batean behatu eta interpretatzeko ariketa egiteko», adierazi dute museotik.

Museoko Hezkuntza Saileko Maria Victoria Antoñanzasek eta Csar Ochoak aukeratu dituzte proposameneko artelanak. BBK Aretoan jarriko dira ikusgai, bakoitzari dagokion ikus-entzunezkoarekin batera, formatu handian proiektatuta (lau metro luze eta bi metro altu, gutxi gorabehera): ‘Jan-edan umoretsua’ (c. 1550), Jan Mandijnena; ‘Europaren bahiketa’ (c. 1570-1575), Martin de Vosena; ‘Amatasuna’ (1895), Angel Larroquerena; ‘Mathieu de Noailles kondesaren erretratua’ (1913), Ignacio Zuloagarena; ‘Kaleko emakumeak’ (c.1915-1917), José Gutierrez Solanarena; ‘Emakumea biluzik irakurtzen’ (1920), Robert Delaunayrena; ‘Hiru Graziak’ (1959), Antonio Saurarena; eta ‘Hispanista’ (Nissa Torrents) (1977-1978), R.B. Kitajena.

Erakusketaren ordutegia 11.00etatik 20.00etara (asteartean itxita) da. Igandeetan 11.00etatik 15.00etara. Museoko BBK Aretoan ez ezik, Ikuspuntuak erakusketa digital modura ere bisitatu ahal izango da, museoaren YouTube kanalean.

Erakusketa osatuz, Alicia Garcia Santosek, emakumeentzako ahalduntze eskoletan arte irakasle diharduen berdintasunari buruzko espezialistak, zortzi solasaldi eztabaida gidatuko ditu, genero ikuspuntutik hausnartzeko emakumeek artean duten presentziaz: sortzaile gisa duten rola, gizonek egindako arteak emakumeak objektu bilakatzeko izandako funtzioa, edo emakume izaera prostituzioarekin eta amatasunarekin lotuta, besteak beste. Egitaraua web orrian kontsulta daiteke.

Kokapena

Arte Eder Museoa
Museo Plaza, 2
Bilbo. Bizkaia