‘Atzerrian lurra garratz’ antzezlanean migrazioari ahotsa eman dio Artedramak

Data

21.02.12 - 21.06.06

Lekua

Gipuzkoa - Oñati

Laura Penagos, antzezlanean. (Ainhoa RESANO)

Gure herrian bizi den atzerritarrak zer du esateko? Ez ote da interesgarriago migranteei, eurei, ahotsa ematea? Euskal kulturaren olinpoan ez dute lekurik atzerritar euskaldunek? Ze eskubide dugu esklabutzari buruz hitz egiteko kolonizatzaileak izan garenaren pertzepziorik ez badugu? Galderak. Artedramako kideek hasteko euren buruari egindakoak eta orain agertokitik, ikusleari luzatuko dizkiotenak.

‘Etxekoak’ lanean euskaldunok atzerritarrekiko dugun begirada jorratu zuen Artedramak. Orain atzerritarrek gurekiko duten begiradari jarri dio fokua. Bi urteko bidearen ostean, publikoarekin partekatzeko unea iritsi da. Oñatin ikusiko du argia antzezlanak urtarrilaren 12an (19.00etan). Hil honetako hitzorduak Andoain (19), Markina-Xemein (20), Errenteria (21) eta Donostia (otsailak 26, 27, 28) dira. Momentuz ekaina arte hainbat emanaldi dituzte lotuta (egutegi zehatza Artedrama, arte eszenikoen plataformaren webgunean).

‘Atzerrian lurra garratz, hoña ibini egik baratz’ dio XV. mendeko esaerak. «Atzerrian pausua ez dugu hain irmoki ematen, ez baita gure lurra», eman digu azalpena Ander Lipusek. Esaldia present dago antzezlan osoan zehar.

Dolua da ‘Atzerrian lurra garratz’ antzezlana. Gaua. Aurora Mora (Laura Penagos) aurkituko du ikusleak agertokiaren gainean. Haren inguruan, joan-etorrian, beste hainbat pertsonaia: ama, ahizpa, amona indigena, Kepa mutilaguna, eta honen aita. Denak Ander Lipusek gorpuztuak.

Gauaren erdian ahizparen deia Kolonbiatik. Ama hil da. Amaren galerak bide emango dio Aurorari bere identitateaz hausnartzeko. «Ama da, baina aberria ere izan daiteke. Biak ala biak oso garrantzitsuak dira zer garen jakiteko. Bere amaren heriotzak lagunduko dio aurorari gauzak ulertzen eta bere bihotza entzuten, bere bizitzarekin zer egin erabakitzen», kontatu du Penagosek.

Bogota ondoan jaioa, hamabi urte daramatza gure artean, Iruñean lehenik, Etxarrenen azken urteotan. Erronka handia da berarentzat euskaraz lan egitea. «Erronkak gustukoak ditut [barreak], euskara maite dut eta luxua da euskaraz lan egitea».

Bere bizipenak eta sentipenak ditu abiapuntu obrak, nahiz fikziora jo duten sortzerakoan. Gurean izan duen esperientziaz honakoa aitortu dio NAIZ-i: «Hasieran sentitu nuen hau ez zela nire lurra baina poliki-poliki moldatu naiz. Deserria oso gogorra da. Hemen nagoenean desiratzen nago Kolonbiara joateko, baina han nagoenean, Euskal Herrira etortzeko irrikaz nago. Nire sustraiak airean daude. Kolonbiarra naiz eta beti izango naiz, baina orain ez da gauza bera. 12 urte asko dira. 25 nituen iristean, gazte», aitortu du.

Distantziak bere herria hobeto ulertzeko perspektiba eman dio. Batetik, hizkuntzari dagokionean. «Hemen euskarak biziraun du baina kolonialismoak gure hizkuntza desagerrarazi zuen. Nik ez dut gure hizkuntza, chibcha, ezagutu. Hitz solteak bakarrik gorde dira. Pena handia da. Eta prozesua ulertu dut. Horrez gain, dugun arazo handia nortasunari lotutakoa da. Ez dakigu zer garen, kolonialismoaren eta beste hainbat faktoreren eraginez. Euskal Herrian identitateak indar handia du eta eman dit perspektiba Kolonbia ongi ikusteko», gaineratu du.

«Lan intentsoa» izan dela aitortu du Amancay Gaztañagak. Zuzendari lanetan dabil. Oparia izan da beretzat proiektua. «Min handia sufritu duen herria izan garenez, horrek eramaten gaitu sufritu dutenen aldera eta ez gara kontziente gu ere borrero izan garela. Eta izaten garela beste herri batzurentzat. Gure zuritasunetik eta gure pribilegioetatik abiatuz era inkontziente edo kontzientean guk ere kolonizatu eta esklabizatu ditugu beste herri batzuk. Horren jabe izatea eta horren inguruan lan egin ahal izatea, nork bere kontraesanekin topo egitea, oparia izan da. Momentu batzutan zaplaztekoa jasotzea ere bai, eta hori oso ondo etortzen da beti» [irribarrea]».

Belarriak adi izan ditu Ander Lipusek. «Besteei entzuteko espazioa izan da niretzat». Belarriak adi, begiak irekita. «Bestearen istorioa gurea ere bada. Elkar ezagutzea da», azpimarratu du Lipusek.

Garbi izan zuen emakume batek gidatu behar zuela antzezlana. «Laurak [Penagos] kontatu behar zuen eta emakumetasunetik egin behar zen. Horregatik aukeratu genuen Amancay Artedramatik berak zuzendu zezan. Beste pisu bat ematen dio, gizonezko batek ala nik zuzendu banu beste era batera egingo nuke. Eta horri ere lekua utzi nahi izan diogu».



 

Kokapena

Santa Ana udal antzokia
San Juan Kalea, 1
Oñati. Gipuzkoa