Bilboko Nazioarteko Txotxongiloen Jaialdiaren 40. edizioa abiatzera doa

Data

21.11.20 - 21.11.28

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Jaialdian ikusiko den lanetako bat. (NAIZ)

Bilboko Nazioarteko Txotxongiloen Jaialdia 40. edizioa betetzera doa. Azaroaren 20tik 28ra BBK aretoak, La Fundición-ek eta auzoetako auzoetxeek –eskolaumeentzako saioak egingo dira– hartuko dituzte emanaldiak. Bilbon gain Bizkaiko zenbait udalerrietara ere zabalduko da egitaraua, Areatza, Arrigorriaga, Larrabetzu eta Lezamara.

Egitaraua zabala da. «Ziur gaude publikoak aurkituko duela txotxongiloen eta objektuen antzerkiaren forma eta estetika zabala, bai istorioak kontatzeko, bai horretarako erabiltzen diren baliabide eszeniko eta sortzaileetan. Eszenaratutako diziplinen fusioak mosaikoak konbinatuko ditu, non dantzak eta antzerki
fisikoak txotxongiloa aurkitzen duten, objektu arkitektonikoek memoria inspiratzen duten eta musikak istorio atseginak mezu positibo eta sentsibilizatzaileekin gidatzen dituen», adierazi dute.

Helduengana, familiengana, haurrengana eta nerabeengana zuzentzen dira antolatzaileak. La Fundición-en adibidez, formato txikiko hiru ikuskizun eskainiko dituzte, nerabeentzat eta helduentzat.

Garrantzi berezia emango diete eskolei. «Haurtzaroa izango da gure etorkizun publiko heldua, eta zaindu egin behar dugu», azpimarratu dute.

BBK aretoan euren lanak aurkeztuko duten konpainiei dagokienez «maila handiko ikuskizunak» iragarri dituzte. «Harro gaude aurtengo programazioaz», gaineratu dute. Valenziako Bambalina konpainiaren bi ikuskizun egingo dira, bata klasiko bat (‘Kixotea’) eta bigarren bat, ‘KuKu’, erabateko estreinaldia dena. Bertan bullying-aren inguruko istorioa hunkigarria kontatzen da.

Greziatik Antama Pantahou konpainiaren eskutik ‘Musikaren Hariak’ ikuskizuna iritsiko da. Munduko hainbat lekutako musikekin osatutako kontzertua da, txotxongiloak orkestra berezi horren musikariak direlarik.

Andrea Diez aktoreak objetu antzerkia egiten du, antzerki arkitektonikoa deitutakoa, zehazki. Zerikusi handia du espazioaren eraikuntzarekin ‘M.A.R’ ikuskizunak. Paper Cut Yael Rasooly israeldarraren ikuskizuna ingelesez ikusi ahal izango da. Sortzaile honek master class-a erakutsiko du, emakume txotxongilolari guztiei zuzendua, Hari Morea espazioaren jardueren artean.

Andrea Cruz aktoreak dantza, objektuen antzerkia eta performancea erabiliko ditu, hainbat hizkuntzatara itzulitako zuzeneko off-eko ahotsekin. Ikuskizun hau ere Hari Morea espazioaren beste jarduera bat izango da. Etcétera konpainia eskularruko titereak eta zuzeneko musikaren bidez arituko da. Valenziako Teatre de l'Bast konpainiak dantza, antzerki fisikoa eta objetu antzerkiaren bidez, Rob antzezlanean bakardadeari buruzko istorio umorezkoa kontatuko du.

Eta Zero en Conducta konpainiak zahartzaroa eta memoriaren inguruko antzezlananean titereak eta dantza nahasten ditu. Jaialdiko azken egunean Gorakada euskal konpaniaren txanda helduko da, zuhaitzak landatzen zituen gizona antzezlanarekin, euskaraz izango den ikuskizun bakarra.

Berrikuntzak

40. edizioa berrikuntzekin dator. Egoitza berriak, Txotena zentroak, ateak ireki ditu. «Arte eszenikoen arloko beste elkarte batzuekin partekatutako gune batean kokatu gara Otxarkoagan, bi helburu dituen komunitate bat sortuz: antzerkiaren artea sustatzea eta arte hori gizartearen eta herritarren kohesiorako ekintzetan aplikatzea. Espazio hori artista eszenikoen sormen prozesuen eskura dago, eta herritarren eskura ere bai, antzerkia gizartea hobetzeko eta aldatzeko tresna bihurtzen den jardueretan», kontatu dute.

Kokaleku berriarekin batera, proposamenak eta proiektuak sortzen joateko asmoa dute, hausnarketa eta praktika uztartuz. «Lehen adibidea hausnarketarako eta jarduerarako gunea sortzea da, txotxongiloen eta objektuen antzerkiaren sormen unibertsoan emakumearen ikusgarritasuna eta balioespena sustatzeko lan egingo duena. Harimorea deitu diogu, eta Bilboko emakumezko txotxongilolarien eskutik hasiko du ibilbidea, munduko gainerako herrialdeetara zabalduz», gaineratu dute.

Harimorea txotxongiloen eta objektuen antzerkiarekin lotutako profesionalen sareada, topaketa eta lankidetza bultzatzen dituena eta emakumeek ingurune horretan egiten duten lana ikusarazten duena. «Titiriteroen belaunaldi ezberdinak batzen dituen proiektua, diziplina honen historia berreskuratzeko eta berau garatzeko erronka berriak planteatzeko interesa duena», diote.

Harimoreak txotxongiloen eta objektuen antzerkia arte eszenikoen funtsezko diziplinatzat hartzen du, eta emakumeek arlo horretan egiten dituzten ekarpenen garrantzia aldarrikatzen du. «Helburu horrekin, prestakuntza, dibulgazio eta topaketa-ekintza ezberdinak planteatzen dira. Era berean, emakumeek sortutako txotxongiloen eta objektuen antzerkiaren aplikazioa sustatzen da, hezkuntzako eta esku-hartze sozialeko estrategia gisa», esan dute.

Aurtengo beste berrikuntza da Bilboko BBK Aretoarekin jaialdiak duen akordioa. «Izan ere, Zinemaldiko ekitaldi eta jardueretarako gune nagusi gisa hartuko gaitu, denboran zehar jarraitzeko asmoarekin. Akordio honek Bilbon kokatzen gaitu, helburu argiago batekin: ekitaldi hau hiriko bizitza kulturalaren barruan identifikatu ahal izatea, tokiko publikoak urtez urte espero dituen gertaeretan«, kontatu dute.

Formakuntza alorra ere ez dute ahaztuko. «Jarduerak artisten eta diziplina horietako sorkuntzen eskura egotea nahi dugu. Horregatik, azken hiru urte hauetan prestakuntza-zikloak antolatu ditugu txotxongiloen eta objektuen antzerkiko figura garrantzitsuekin, eta gure baliabide guztiak jarri ditugu titiritero eta antzerki-talde guztientzat eskuragarri izan daitezen. Bilboko jaialdia txotxongiloen eta objektuen mundurako elkargune eta
erreferentzia izan dadin lan egiten dugu», diote.

Web orrian eros daitezke sarrerak eta egitaraua ere bertan kontsulta daiteke.







 

Kokapena

BBK Aretoa
Gran Vía, 19-21
Bilbo. Bizkaia