Bilboko Udal Txistulari Bandak ‘Arineketan’ kontzertuarekin emango dio hasiera urte berriari

Data

21.01.07 - 21.03.15

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Iñar Sastre eta Jagoba Astiazaran. (NAIZ)

Bilboko Udal Txistulari Banda Euskalduna Jauregira bueltan da, Euskal Museoan aritu ostean. Garikoitz Mendizabal, Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier Garciak ‘Arineketan’ kontzertuarekin emango diote hasiera urte berriari.

Jagoba Astiazaran txistulariaren eta Iñar Sastre pianistaren elkarlanaren emaitza da ‘Arineketan’. Saioan Bilboko udal txistulari bandaz gain Leire Bellosok, Anne Jauregik eta Jon Arsuagak parte hartuko dute. Hitzordua ostegun honetan da, Euskalduna Jauregiko 0D aretoan. 

‘Arineketan’ proiektuak dantza tradizionala du abiapuntu. Fandangoa, arin-arina, zortzikoa eta  beste melodia tradizionalak oinarri hartuta gaur egunera ekarri dituzte, sorkuntza garaikidearekin uztartuz. 2017an 250 urte bete ziren Juan Inazio Iztueta jaio zela eta aitzakia horrekin ‘Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia’ (1824) liburuan jaso zituen doinu batzuetatik abiatuta ekin zioten sorkuntzari. «Garbi geneukan ez genuela lan historizista bat egin nahi. Gaur egun Iztuetaren lanak ze zentzu duten ikusi nahi genuen. Doinuekin jolastu, berritu, sortu...», azaldu du Astiazaranek.

Diskoan jaso dute emaitza. ‘Arineketan dantzan’. Ainara Ortega eta Eñaut Elorrietaren kolaborazioa izan dute grabazioan. «Gu mundu klasikotik gatoz eta hortik ateratzeko aukera eman digute, Ainararekin jazzera jo dugu eta Eñautekin pop-rockera. Uste dut ez dela jendeak espero duen txistu eta piano diskoa», adierazi du.

Datozen hilabeteotan guztira bost saioa iragarri ditu Bilboko Udal Txistulari Bandak. Hilaren 27an itzuliko dira agertokira Euskalduna Jauregian eskainiko duten musika eta dantza ikuskizunarekin: Esku burdinak, Oinkari dantza taldearen eskutik. Aitor Furundarena arituko da eskusoinua jotzen.

Hurrengo emanaldia, ‘Hegaldiak’, otsailaren 10ean izango da, Bandak bakarrik eskainiko duena. Otsailaren 24an dantzarako musika joko du bandak, lau dantzariz lagunduta. Azken emanaldia martxoaren 15ean izango da. Xabier Saldias kantari, Iñar Sastre pianoan eta Gorka Eskauriaza baxu elektrikoan batuko zaizkie Euskaldunako agertokian.

Txistu doinuak belarri berrietara iristea. Horixe Bilboko Udal Txistulari Bandaren helburua. Horretarako errepertorio klasikoa oinarri hartuta pieza berriak sortzen dituzte, musika desberdinei eta beste musikari zein dantzariekin kolaborazioei zabalik. Ohiko lanak ahaztu gabe -kale animazioak, dantzak, udal protokoloari lotutako ardurak...- esperimentazioari toki eginez.

«Txistuak aurpegi asko ditu eta ezagutarazi egin behar dira. Iruditzen zaigu Euskal Herrian denok ezagutzen dugula txistua. Hala da, baina modu mugatuan dela esango nuke. Badago beste musika asko egiteko aukera», nabarmendu zuen Garikoitz Mendizabalek bandaren 10. urteurrenean NAIZ-i eskainitako elkarrizketan. Udal Txistularien Banda zuzentzen du 2004etik zestoar musikariak.

Aurreko txistulari belaunaldien lekukoa hartu eta hainbat egitasmo berri jarri dituzte abian. Euskalduna Jauregian kontzertu denboraldia dute, diskografia ugaldu dute eta kanpora ere dezente atera dira.

Kokapena

Euskalduna Jauregia
Abandoibarra, 4
Bilbo. Bizkaia