Egiazko Bilintx ezagutu nahian, bere jaiotzaren 190. urteurrenean

Data

21.05.02 - 21.05.11

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Bilintxen hilerriko irudia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Suerte txarrekoa, itsusia, desamodioari erraietatik kantatzen ziona. Horren bueltan eraiki da Bilintxen irudia. Baina hori baino gehiago izan zen Indalezio Bizkarrondo Ureña (Donostia, 1831-1876). Gai sozialei zorrotz abesten zien, barre aise egiten zuen, parranda eta lagunartea maite zituen eta bat-bateko bertsolaria zen. Bilintxen bertso sozialetan garaiko Donostiaren erretratua ikus daiteke, euskaraz eta bertsotan. Jaio zela 190 urte bete dira, Bilintxen historia osoago kontatzeko une aproposa.

Manex Mujika bertsolari donostiarrak hiriko bertsolariak ikertu ditu, tartean Indalezio Bizkarrondo. Berak oso garbi dauka Bilintx garaiotara iritsi zaigun estereotipoa baino askoz zabalagoa eta aberatsagoa dela. «Gaur arte bizirik iritsi da Bilintx. Orain, guztia, osotasuna, kontatzea tokatzen da, askoz ere aberatsagoa gertatzen delako. Bilintx oso sonatua da Euskal Herri mailan eta mito horrekin lotuta batez ere; gizon sentiberaren mitoa, bere desamodioaren minaz hain modu publikoan kantatzen duena. Hori ere bazen, baina beste aurpegia ere bazeukan. Gai sozialez aritzen diren bertsoak, ironia zorrotzez idatziak, zoragarriak dira. Langile baten ahotsa sumatzen da. Oso modu sinplean kontatua, baina oso modu ebidentean. Potajearen bertsoak ere zoragarriak dira. Gertaera xume batekin erretratatzen du gizarte baten kronika. Aparta da nola kontatzen duen teknikoki, hizketan bezala. Gauza sinplea dirudi, baina atzetik karga handia dauka. Bilintxen hizkuntza zoragarria da, bere xumean zorrotza, zirtolaria, hitzen jira ederrak dituena. Grazia bereziko hizkuntza da».

Garaian Bilintx «desberdina» zela uste du Mujikak. «Galdetu beharko genuke zenbateraino onartu izan dugun Bilintx bertsolari bezala, hain zuzen bertsolariaren estereotipo horretatik urruti deskribatu zaigulako. Askotan zalantzan jarri izan da idazlea, poeta, bertsolaria... zer ote zen. Segur aski hori horrela gertatu da bere inguruko irudia edo narratiba aldatu egiten zutelako zenbait datuk. Dena ez da zuria edo beltza. Bilintx zirtolaria izan zen, parrandazalea, sagardotegizalea eta, era berean, poesia irakurlea eta maitasunaren inguruko bertso eta idatzi sentiberak idazten zituena. Hori guztia izan zen Bilintx. Eta askoz interesgarriagoa da horrela».

Bertsolaria gogoan, eta euskal bertsogintzak bere iruditerian gordetako Bilintxen egiazko poliedroa osatzen joateko asmoz, Bilintxen Menda bertso hamabostaldia antolatu du Donostiako Udalak.

‘Askok diyote kantetan beti/amore-kontu naizela/nik esaten det arriturikan/motibo gabe daudela/Zer egin biat baldin zerubak/doaitu banau horrela?/Ez dute ikusten usaia mendak/bere izatez dubela?/Nere biyotzak amoriyua/mendak usaia bezela’.

Bilintxek kantatuko bertso honek eman dio hamabostaldiari ‘Bilintxen menda’ izenburua jartzeko bidea Euzkitzeri. Ekitaldien diseinu eta koordinazioaz arduratu da bera. 

Izenburu berarekin hitzaldi musikatua izango da maiatzaren 2an Antzoki Zaharrean. Hitzaldi musikatuan zehar donostiar bertsolari historikoaren bizitza eta pentsamendua aztertuko dituzte Unai Agirre, Eñaut Agirre, Maddalen Arzallus eta Amets Arzallus bertsolariek. Horrez gain, Bilintxen hainbat bertso kantatuko dituzte Joxan Goikoetxea eta Imanol Kamio musikarien laguntzaz. Sarrera 5 eurokoa da.

Esanahi berezia du Antzoki Zaharrak, bertako atezain izan baitzen urte askoan eta, gainera, emazteak eta biek denda bat zeukaten antzokiaren parean bertan. Bertan saltzen omen zituzten edariak, egunkariak, tabakoa...

Horrez gain, ‘Erdaretatik bertsotara’ mahaingurua antolatu da maiatzaren 6an Okendo Kultur Etxean. Bilintx donostiarra eta euskalduna zen, baina, gaur egungo hainbat bertsolarik bezala, beste sustrai batzuk ere bazituen. Dionisio Ureña, aitona, Huelvako Ayamonten jaioa zuen, Portugalgo mugan. Erdaretatik plazetarako urratsa egin duten hiru lagunen lekukotasunak bilduko dira: Jone Uria, Jon Maia eta Aitor Servier bertsolarienak. Amagoia Mujika GARA egunkariko kazetariak gidatuko du saioa.

Aforoa mugatua da (70 pertsona) eta gonbidapen bidez bakarrik sar daiteke. Maiatzaren 5etik aurrera lortu ahal izango dira webgunean eta Okendo Kultur Etxean.

Egitarauan aurrera eginez, ‘Imanol Lazkanoren gorbatatik piercingera’ hitzaldia iragarri da maiatzaren 11erako, Victoria Eugenia Club-ean. Gonbidapenarekin bakarrik sartu ahal izango da. Eta azkenik, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi Joxerra Gartziaren esanetara arituko dira bertsotan maiatzaren 14an Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan. Sarrerak 5 euro balio ditu.

Eta ekitaldiei amaiera emanez, bertso saioa egingo da maiatzaren 14an Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan. Sarrera 5 eurokoa da. Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi arituko dira bertsotan Joxerra Gartziaren esanetara.

Jarduera guztiak iluntzeko 19.00etan hasiko dira.

Kokapena

Antzoki Zaharra
Kale Nagusia, 3
Donostia. Gipuzkoa