Jazzaldiak 60 kontzertu eskainiko ditu, Donostiako zortzi agertokitan

Data

21.07.21 - 21.07.25

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Kartela. (NAIZ)

56. Jazzaldia uztailaren 21etik 25era egingo da. Guztira 60 kontzertu eskainiko ditu, doan eta ordaintzekoak, hiriko zortzi agertokitan.

Ordaindutako emanaldiei dagokienean goizeko 11.00etan, San Telmo Museoko Klaustroan, bost piano solo saioak. Lau aditu izango dira espezialitate konplexu eta moldakor honetako protagonistak: asteazkenean, 21ean, Franco D’Andrea; 22an eta 23an, bi programa desberdinekin, Marcin Masecki musikari poloniarrak omenaldia egingo dio Thelonious Monk-i lehenengo kontzertuan, eta ragtime gogora ekarriko du bigarrenean; Marco Mezquidak uztailaren 24an joko du; eta, azkenik, Iñaki Salvadorrek, Donostiako Jazzaldia saria jaso zuenak 2020an, igandean, 25ean, emango du bere kontzertua.

Victoria Eugenia Antzokian egunero, eguerdiko 12.30ean, estatuko jazz doinuak entzungo dira. Uztailaren 21ean, Kataluniako Jazz talde zaharrak, La Locomotora Negra-k kontzertu bat emango du bere agurreko biran. Ondorengo egunetarako, 22tik 25era, ordutegi berean, SGAE Fundazioaren eskutik JazzEñeren zazpigarren edizioa egingo da. Bertan lau saio bikoitz izango dira: 22an Ariel Brínguez Quintet eta Caminero Quintet; 23an Daniel García eta Chano Domínguez pianisten hirukoteak; 24an Smack Dab boskote katalana eta Sumrrá hirukote galiziarra; eta, azkenik, 25ean Alba Careta tronpeta jotzailea eta Manolo eta Curra bikote andaluziarra.

Kontzertu bat emango da, arratsaldero, Kursaal Auditorioan. Arlo Parks abeslari gazteak, uztailaren 21ean emango du bere kontzertua, 18.45ean; Buikak 22an emango du kontzertua, ordu berean. Chick Coreari omenaldi bat egingo diote Jorge Pardok eta Niño Joselek uztailaren 23an, laukote formatuan; beste omenaldi bat ere izango da, 24an, Giovanni Guidi gazte italiar eta pianista bikainak eskainiko diona Gato Barbieri saxofonista argentinarrari musikari amerikar eta transalpinoek osatutako Ojos de Gato seikotearekin; azkenik, uztailaren 25ean, 17.30ean, Sílvia Pérez Cruzen Farsa Circus Band-ek, abesti berrienak aurkeztuko ditu.

Trinitate plazan gaueko 21.00etan saio bikoitzak hasiko dira eguneroko programazioari bukaera emanez. Uztailaren 21ean, Dave Douglas tronpetistaren eta Franco D’Andrea pianistaren koartetoarekin hasiko dira; ondoren, Cécile McLorin Salvant frankoamerikarra, gogokoen duen pianista, Sullivan Fortner, ondoan duela.

Hurrengo egunean, 22an, Aymée Nuviola eta Gonzalo Rubalcaba kubatarrek boleroen eta Karibeko musikaren programa eskainiko dute; haien ondoren, Mulatu Astatke bibrafonista eta perkusionista etiopiarraren taldea, aurreneko aldiz emango duena kontzertu bat Jazzaldian.

Ostiralean, 23an, bi pianista bikain, Marco Mezquida, bere azken proiektuarekin –‘Talismán’– eta Kenny Barron handia, All Star Quartet batekin, Steve Nelson bibrafonista kide duenarekin. Uztailaren 24koa saio anitza izango da; Naïssam Jalal flautista frankosiriarra igoko da aurrena eszenara bere boskotearekin. Bere atzetik, Noa israeldarrak, Gil D’Or gitarristarekin eta Iñaki Salvador pianista donostiarrarekin, argitaratu berri duen ‘Afterallogy’ eskainiko digu.

Amaitzeko, uztailaren 25ean, 20.00etan, jazzaren bi irudi gailen-gailenak beren hirukoteekin: Brad Mehldau pianista, lirikoa eta bikaina, eta Bill Frisell gitarrista, magistrala eta bakana bere sonoritatean.

Berritasun gisa, aurten, 56. Jazzaldiak bi kontzertu eskainiko ditu Chillida Lekun. Biak 19.00etan hasiko dira. Igandean, uztailaren 18an, jaialdi aurreko saio batean, Cécile McLorin Salvant abeslaria eta, larunbatean, uztailaren 24an, Ceramic Dog hirukotea, Marc Ribot gitarrista harrigarriarekin, bere azken lana, Hope aurkezten.

Ordaintzekoak diren saio guztietarako sarrerak eta abonamenduak asteazken honetan jarri dira salgai. Abonamenduek –kontzertuak emango diren lekuen eta ordutegiaren arabera– % 20ko deskontua izango dute sarreren prezioan. Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan eskuratu ahal izango dira, baita Jazzaldiaren webgunean, Donostia Kulturarenen atarian eta jarduerak garatuko diren gainerako lekuen webguneetan ere.

Doan eskaintzen diren emanaldien programa ere aurkezten da. «Publikoari irekiak, aforo kontrolatuekin eta iriste-ordenaren arabera sartzeko moduan», adierazi dute antolatzaileek. Emanaldi horiek arratsaldeetan eskainiko dira, Kursaal, Frigo Gunea eta Guuk Gunea terrazetan, eta bost saio emango dira egunero, uztailaren 21etik 25era.

Guztira 25 kontzertu, non Jean Toussaint eta Éric Séva artista eta Benkadi talde atzerritarrak ez ezik, tokiko gure taldeak ere izango ditugun: Jazzaldiak aurten hautatutako Tokiko 10 Taldeak, tokiko bost talde —disko bat kaleratuak dutenak 2019an edo 2020an— eta 4 talde hautatu Katapulta Tour-ekoak.

Azkenik, familientzako Jazz sailean, Txikijazzen, lau saio eskainiko dira, doan ere, Guuk Gunea terrazan eta Kutxa Kultur Tabakaleran, uztailaren 22tik 25era, eguerdiko 12.00etan.

Kokapena

Trinitate Plaza
Trinitate Plaza, 4
Donostia. Gipuzkoa