Bulegok kontzertu isila eskainiko du BBK Aretoaren erakusleihoan

Data

21.11.27

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Bulego taldea. (NAIZ)

Bulego taldea formatu berriarekin dator. Izan ere, kontzertu isil batekin aurkeztuko du bere lehen albuma Bilboko BBK Salako erakusleihoan. Taldeak ‘Erdian oraina’ diskoa joko du aretoko beiratearen barruko aldetik, Bilboko Kale Nagusiaren erdian, eta kalean hara-hona dabiltzanek telefono mugikorraren bitartez entzun ahal izango dute emanaldia.

Euskal pop boskoteak ‘Erdian oraina’ lehenengo albuma oso-osorik joko du aretoko erakusleihoaren barruko aldetik, oinezkoek ikusteko moduan. «Ikusi bai, musika ez da kaletik entzungo, jendearen telefono mugikorretik baizik; izan ere, erakusleihoan QR kode bat jarriko dute eta kode hori eskaneatuta emanaldia entzuteko aukera izango baita. Kodeak esteka batera eramango gaitu, albumaren pre-save bat egin ahal izango dugu eta, hortik, emanaldia Youtube Live plataforman jarraitzeko aukera izango dugu», azaldu dute antolatzaileek.

Azaroaren 27an, larunbatean, 12.30ean Bilboko BBK Salaren erakusleihora hurbiltzen direnek soilik izango dute Bulegoren diskoa primizian entzuteko aukera kontzertu isil horretan, ‘Erdian oraina’ lana ez baita abenduaren 3ra arte kaleratuko. Bulego taldearen aurrekaririk gabeko ideia hau elkarlanari esker gauzatu ahal izango da; hain zuzen ere, BBK Aretoa, Oso Polita disketxea, Panda Artist Management agentzia eta musika taldeko kideak aritu dira elkarlanean.

«Esperientzia paregabeaz gozatzeko aukera ezin hobea, pop estiloan erreferentzia berri bihurtu den euskal taldearekin», diote.

Bulego 2019. urtean sortu zen Azkoitian. Pop dantzagarria eginez, euskal musikaren panoraman eskemak urratzeko asmo sendoa adierazi dute kideek hasierahasieratik, beren proposamenean musika, estetika eta ikus-entzuleekin konektatzeko modu berriak uztartuta. Besteak beste, ‘Bueltan da!!!’ singlea aurkezteko bideo-dei jendetsua egin zuten zaleekin, «eta kontzertu isil hau ere ez da erraz ahazteko moduko ekimena izango», nabarmendu dute.

‘Pizten ari da’ eta ‘Bueltan da!!!’ abestien ostean, taldekideek hirugarren aurrerapen-singlea kaleratu berri dute, ‘Bagoaz’. Konfinamendua hasi aurreko astean eman zuten zuzeneko lehen kontzertua, baina horrek ez zituen geldiarazi, eta pandemia garaian aire zabalean kontzertu bat antolatu eta egin zuen lehen taldea izan zen Bulego.

Adinekoen egoitzetan barrena tour bat ere egin zuten bai egoiliarrei, bai egoitzetako langileei elkartasuna adierazteko, eta uda ostean Madrilen egin zuten debuta; horren ondoren, duela bi aste eskas, Bilbao BBK Live jaialdiaren Udazkena edizio berezian aritu ziren.

Eta ideia berriekin datoz, ‘Erdian oraina’ diskoaren birari hasiera emateko kontzertu berezi bat diseinatu baitute, 360º esperientzia ikus-entzuleentzat: taldekideak aretoaren erdialdean kokatutako agertoki baten gainean egongo dira, alde guztietatik entzulez inguratuta, datorren abenduaren 26an, Donostiako Tabakaleran.

Kokapena

BBK Aretoa
Gran Vía, 19-21
Bilbo. Bizkaia