Errobiko Festibala uztailaren 22tik 25era egingo da, bere 25. edizioan

Data

21.07.22 - 21.07.25

Lekua

Lapurdi - Itsasu

Old School Funky taldea. (NAIZ)

Uztailaren 22tik 25era Itsasuk Errobiko Festibalaren edizio berri bat hartuko du, ez edonolakoa, 25. edizioa ospatuko baitu.

Musika, dantza eta artea ardatz dituen egitaraua prestatu du Ezkandrai elkarteak. Aurreko urteetako lan ildoari jarraiki, Euskal Herritik mundu zabaleko kulturari irekiko zaio leihoa. Bertako izenak zein atzerrikoak elkartuko dira emanaldietan.

Jaialdiari uztailaren 22an, Elizaldian (17.30ean), ekingo zaio. ‘25 urte sorkuntza eta topaketa artistikoetan Itsasun’ izenburupean ekitaldia egingo da. Bertan Mizel Theret, Mixel Etxekopar, Paxkal Indo, Gabriel Durif, Beñat Achiary, Pantxoa Etchegoin, Kimu Txalapartaren partehartzearekin.

Erritu, Kukai dantza taldea, San Salvador, Revolutionary Birds, Malandain Bllet Biarritz-Silhouetee % Mozart à 2, Joseba Irazoki, Pedro Soler $ Beñat Achiary, Old School Funky Family, Bilaka_ Basaide, Itxaro Borda, Haratago, Petites Planetes, Maddi Oihenart & Jérémie Garat eta Kimu Txalaparta dira aurtengo artista gonbidatuak.

25. urteurreneko edizioak izen propioa du: Maite Etchemendy-Achiary. Ezkandrai elkarteko lehendakaria, joan den otsailean zendu zen. 72 urterekin hil zen ezpeletarra, gaixotasun baten ondorioz. Berari eskaini diote aurtengo jaialdia. Lapurdiko kulturgintzaren eta feminismoaren kide ezaguna, modu berezian gogoan izango dute. 

Ezkandrai elkarteko kideek eskerrak eman nahi izan dizkiete boluntario gisa antolakuntza lanetan parte hartu dutenei, bereziki, bizi ditugun garai zail hauetan euren laguntza eskaini duten horiei. Baita babesa eman duten erakunde publikoei ere.

Beñat Achiaryk hastapenetara egin du atzera. «1996. urtean izan zen eta orduan ezin genuen irudikatu hastera zihoan abentura zoragarri hura», esan du. Munduan zehar hainbat musika jaialditan izandako bizipenak gogoan, Ipar Euskal Herriko arte eszenikoen festibalarekin egin zuten amets. Eta lortu zuten. «Mundu osoko artistak etorri dira urte guzti hauetan gure artera», nabarmendu du.

Covid-19a dela eta, herritarren artean jaialdia berriz asmatzeko egiten ari diren ahalegina txalotu du. «Naturarekin dugun orekaren zaurgarritasuna begi bistan jarri du pandemiak, gure lanbideei eta pasioei zentzua ematen diena, eta gure esperantzak eta gure bizitzei zentzua emateko nahiari desafio egiten diona», esan du Achiaryk.

Mikel Hiribarren Itsasuko alkateak, bere aldetik, festibalaz gozatzeko deia egin du. «Artista guzien eskuak, ezpainak eta hankak loturik eta ixilik eta geldirik egoiten behartu dira hainbeste hilabetez. Sorkuntza guzia etzanik eta antzu egon da. Bihotzek danba danba hatsa berritz abiatu arte jarraiki dute hil bizirik».

«Iritsi da aro berria, altxatzen ari da iguzki gorria. Munduko oihartzun guziak entzunen dirá Atharriko zelaitik. Atalaiatik bezala, alagi berdeen, zuhaitz ilunen eta mendi tontorren itsasoari, ixuriko zaizkio lagunen solasak, altxatuko dira abestien eta olerkien hitzak, zabalduko dira saisujoileen musika guak uhainez uhain. Alaitasuna eta Euskal Herria dariotela gure harriek, gure zuhaitzek eta gure gogoek. Zabal eta gora doatzila aurten ere gure plazatik herriko eta munduko hitzak eta abotsak, txori kantak, bihotz ilun eta airos guzien doinuak», adierazi du.

 

Kokapena

Sanoki Gela
Herriko plaza, D249
Itsasu. Lapurdi