Ertibil erakusketak Bilbon hasi du ibilbidea 18 artistaren lanekin

Data

21.07.15 - 22.01.07

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Aurkezpenaren irudia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Ertibil erakusketak hasi du bere ibilbidea. Bilbon du lehenengo geldialdia. Sestao, Elorrio Balmaseda, eta Barakaldo etorriko dira atzetik.

Guztira, 18 artistaren obrak izango dira ikusgai. Lehiaketako lehenengo saria Iñigo Varonarentzat izan da, ‘Ocharcoaga’ obrarengatik; bigarrena Nora Aurrekoetxearentzat, ‘Diki 2’ lanarengatik; eta hirugarrena Natalia Suárez Ortizentzat, ‘Crema’ obrarengatik. Gainera, Andrea Aguilera & Jaime Gutiérrez, Maider Aldasoro, Miren Barrena, Detrito, Mar de Dios, Garazi Etxebarria, Roberto Freire, Tana Garrido, Maider Gonzalo, Nora Goyalde, Izaro Ieregi, Dogartzi Magunagoicoechea, Oihane Sánchez, Amaya Suberviola eta María del Mar Torre artistek ere euren lanak erakutsiko dituzte.

Teknika eta espezialitate guztietako 138 sortzailek hartu dute parte, 192 lan aurkeztuz, eta horien artean aukeratu dira erakusketa ibiltaria osatzen duten 18 obrak.

Bilboko Rekalde Aretoan egongo da urriaren 12ra arte. Gero, Sestaoko Erakusketen Aretoan jarriko da ikusgai urriaren 13tik azaroaren 4ra bitartean, eta segidan Elorrioko Iturri Kultur Etxean azaroaren 5etik 19ra bitartean. Hurrengo geltokia Balmasedako Horkasitas Jauregia izango da, bertan, erakusketa azaroaren 20tik abenduaren 13ra bitartean egongo da ikusgai. Azkenik, Ertibil Bizkaia 2021 Barakaldoko Erakusketen Udal Aretora iritsiko da abenduaren 14an, eta bertan izango da 2022ko urtarrilaren 7ra arte.

«Ertibilen inguruan hitz egitea Bizkaiaren gaitasunaren inguruan eta artearen inguruan hitz egitea da» Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Kultura foru diputatuaren esanetan.

«Ikus arteen esparruan eskarmentu handiko proiektu bat da, gazte sortzaileen espektro artistikoaren alderdirik berritzaile eta sortzaileena barne hartzen baitu. Ikus arteen erakusketa ibiltaria 39. ediziora iritsi da, gaur egungo sorkuntzari ematen zaion bultzadaren tenperatura neurtzeko aukera eskaintzen duen proiektu finkatu gisa», gaineratu du.

1983an lehenengo edizioa egin zenetik, Ertibilek beren sorkuntza lana Bizkaian garatzen duten eta gorabidean dauden artistak babestu eta bultzatu nahi ditu.

Epaimahaia honako hauek osatu dute: Helena Goñi, Ertibil Bizkaia 2020 edizioko artista irabazlea; Miriam Alzuri, Bilboko Arte Ederren Museoko kontserbatzailea; eta Jaime Cuenca eta Peio Aguirre, arte kritikariak. Peio Aguirre, gainera, erakusketaren harira editatu den liburuko testuen autorea da.

Aurten, Ertibil Bizkaia ez da covid-19ak eragindako egoeratik kanpo geratu, eta horregatik 2022ra atzeratu dira Japonian egin ohi diren egonaldi artistikoak (lehiaketako irabazleen saria).

Erakusketaren inguruan hainbat egitasmo prestatu dira. Lantegia egingo da uztailaren 27, 28, 29 eta 30ean. Lau saiotan zehar, publikorik gazteenak Ertibil Bizkaia proposamen artistikoak ikusiko ditu eta gaur egungo praktika artistikoen inguruan lan egin ahalko du.

Bisita gidatuak ere egingo dira taldeentzat, beti ere hitzordua aurrez hartuta.

Horrez gain, Rekalde Aretoko erakusketa nagusiekin lotutako ikus-entzunezkoen aukeraketa bat eskainiko da, «horiek berriro entzuteko, ahots berrien bitartez».

Irailean ‘Topaketak Artistekin’ programa iragarri dute. Erakusketan jarri diren obren funtsezko kontzeptuak ezagutuko dira Ertibil Bizkaian parte hartu duten artisten eskutik.

Eta irailean berriro ekingo zaio familiei zuzendutako programazioari. «Artearekin, arkitekturarekin eta irakurketarekin jolasteko jarduerak izango dira», diote.

Sarrera doan da. Ordutegia, honakoa: asteartetik larunbatera 10.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.30era. Igande eta jai egunetan: 10.00etatik 14.00etara.

Kokapena

Rekalde Aretoa
Alameda de Rekalde
Bilbo. Bizkaia