Galdakao kultur plaza bihurtuko da era guztietako 61 ekitaldirekin

Data

21.09.08 - 21.09.26

Lekua

Bizkaia - Galdakao

Aurtengo kartela. (NAIZ)

Zirkoa, antzerkia, kabareta, jazza, mariatxiak, pilota partidak, klown, rocka, jotak, bertsoak, punka, dantza, zinea, memoria historikoaren inguruko bisita gidatuak, mendi irteerak, txistu eta dultzaina kalejirak… Mota guztietako 61 ekitaldi izango dira Galdakaon 19 egunetan. Kalean ia ia denak, eta guztiak doan. Abiatzera doa Kultur Plaza.

Galdakaoko Udalak «kulturaren alde egina duen apustua» berretsi du Iñigo Hernando alkateak Kultur Plazaren egitaraua aurkezteko agerraldian. Herrian egiten den kultur eskaintza zabalaren jarraipen gisara dator bigarren edizio hau, iazko arrakasta ikusita, Udalak esperientzia errepikatzea erabaki baitu.

Adin eta gustu guztietarako programa prestatu dute irailerako, disziplina asko biltzen dituen ekitaldi sorta. Hala nabarmendu dute aurkezpenean.

Eta, kultur hartzaile gisa ez ezik herritarrak kultur sortzaile gisa aritzea sustatu nahian, bertoko musikari zein bestelako sortzaileek ere leku izango dute.

Kultura segurua dela nabarmendu, ekitaldietan gozatzeko deia egin, eta edozein ekitaldi zein jardueretan erantzukizunez aritzeko eskatu die herritarrei, ardura kolektiborako deia eginda.

Erantzukizun deia egin die herritarrei Jai Batzordeko Angel Ezkurrak ere. Iaz proiektuak izandako arrakastaren ondoren, aurten ere Kultur Plazari jarraipena ematea erabaki dutela adierazi du,  horretarako Udalarekin elkarlanean arituz.

Izan ere, programa osatzeko ekarpenak egiteaz gain, ekitaldiak gauzatu ahal izateko laguntzaile gisa arituko dira Jai Batzordeko kideak, eta elkarlan horren parte izateko deia egin die batzordea osatzen duten elkarteei zein kuadrilei. Baita publiko gisa parte hartu eta garaiotan arduraz jokatzekoa ere, ‘jai maiteak’ ahal bezain laster itzul daitezen.

Amets Iturbek, Jaiak, Gazteria eta Kiroletarako zinegotziak, eskerrak eman dizkio Jai Batzordeari, ekarpenengatik eta egingo duten boluntario lanagatik. Herriko elkarteen proposamenak programazioan txertatu direla azaldu du, eta herriarentzako landutako egitaraua herritarrekin ondu dela. Bertako musika taldeen emankizunak jarri ditu adibide. Izen eman duten guztiei egin zaie lekua eta herriko hamar musika talderen kontzertuak entzun ahalko dira.

Formato txikiaren xarma eta ikuskizunak leku gehiagotara zabaltzearen aberastasuna aipatu ditu Iturbek, Urretan eta Aperribain ere emankizunak egongo direla gogoratuta.

Honakoa azpimarratu du Aiora Azagirre programatzaileak: «Periferiak erdigunera ekarri nahi izan ditugu aurten». Gazteengan jarri du fokua. Egoera gogorra pairatzen ari direla eta, haiengan bereziki pentsatu dela azaldu du; haien proposamenak aintzat hartu direla, gazteentzako eskaintza handia egongo dela, herriko gazte sortzaileek euren gunea izango dutela eta bertoko musika taldeak hiru egunez arituko direla.

«Emakumeak dira periferiatik erdigunera ekarri beharreko beste alor bat», esan du Azagirrek. Hartarako, benetan protagonista izango dira emakumeak egun askotako ikuskizunetan. Bestetik, binarismoaren inguruan hausnartzeko lanak ere erakutsiko dira kabaret zein performance bidez, esate baterako. Aniztasunaren adierazgarri gisa aipatu ditu Clara Peyaren ‘Periferiak’, Willis Drumonden formato berria, Kai Nakai, Petti, Iheskide zein Puro Relajoren kontzertuak, Bataklan kabareta, Circ Eiaren samurtasuna eta Los Barlouren umorea, edota bisita gidatuekin herriko iragana ezagutzeko emango den aukera. ‘Erakutsi kultura’ Tik tok lehiaketa ere egingo da 12 eta 16 urte arteko gazteentzat.

Ikuskizunak Ardanza parkean, Iturrondo plazan eta Aperribaiko frontoian izango dira, zine eta dokumentalak Urreta H.I ikastetxean, eta pilota partidak Kurtzea frontoian. Euria egingo balu Torrezabal kultur etxera edo Urreta H.I ikastetxera eramango dira kalean aurreikusitako emanaldiak.

Sarrera guztiak doakoak izango dira, aforoa bete arte. Ateak emanaldia hasi baino 30 minutu lehenago zabalduko dira eta sarrerak zein irteerak modu mailakatuan egingo dira. 

Egitarau osoa hemen ikus daiteke.


Kokapena

Ardanza Parkea
uan Bautista Uriarte Kalea, 50
Galdakao. Bizkaia