Genetika ardatz duen argazki erakusketa prestatu du Juno argazkilariak

Data

21.08.30 - 21.09.29

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

‘Las dos hebras’ erakusketako irudietako bat

Juno izen artistikoa hartu duen Juliana Gómez argazkilari kolonbiarrak ‘Las dos hebras’ deituriko argazki erakusketa aurkeztu du. Erakusketa Bilboko eta Donostiako Fnac dendetan egongo da ikusgarri aldi berean. Donostiakoa erakusketa abuztuaren 30ean, astelehenean, irekiko da eta Bilbokoa, aldiz, martxan dago jada. Bi erakusketak irailaren 29an bukatuko dira.

Sortzeko inspirazioa bere ahizpa bikiarengandik iritsi zitzaion Junori. Hori horrela, pertsonak bata bestearekin batzen dituen harreman molekularra irudikatu du argazkien bitartez.

‘Las dos hebras’-ek egilearen eta bere ahizparen irudi diagnostiko molekularrak, ugalkortasun-laborategietan egindako argazki mikroskopikoak, genetikaren historiako artxibo-materiala eta antzeko egiten gaituena zer den aztertzea ahalbidetzen duten argazkiak erlazionatu eta biltzen ditu.

Beraz, historiaren eta metaforaren bidez, bestea norbera dela ulertzea bilatzen du Junok erakusketan zehar. Historiari dagokionez, pentsalari eta filosofo ezberdinek bizitzaren sorrera, informazio hereditario edota eboluzioari buruz plazaratu dituzten ideiak oso presente egongo dira. Tartean, Pitagoras, Aristoteles, Darwin, Mendel eta Rosalind Franklin bezalako figurak.

Inspirazioaz haratago, bisitariek erakusketan topa dezaketenaren aurrerapen bat egin du Junok: «Bi hariek genetikaren azterketako artxiboko irudiak biltzen dituzte, nire geneen eta nire bikiaren irudi diagnostikoak, biki monozgotikoen argazkiak, zientzia eta ugalkortasun laborategietan egin nituen argazki mikroskopikoak».

Erakusketa ibiltaria izango da. Beraz, Euskal Herriko geldialdiaren ondoren, espainiar Estatuko beste txoko batzuetara eramango dute. Bilbo eta Donostiako erakusketetako ordutegia astelehenetik larunbatera goizeko 10.00etatik gaueko 21.00etara bitartekoa izango da. Sarrera doakoa izango da.

Kokapena

Fnac
C. C. San Martín, Loiola Kalea, s/n, 20006 Donostia-San Sebastian, Gipuzkoa
Donostia. Gipuzkoa