Gure Zirkuak Bakion amaituko du Bizkaiko egonaldia

Data

21.06.11 - 21.06.27

Lekua

Bizkaia - Bakio

Gure Zirkuaren karpa. (NAIZ)

Gure Zirkua Bakioa iritsiko da eta ekainaren 11an hasita, Gure Zirkuak hamabost emanaldi eskainiko ditu Uribe Kostako herrian.

Joan den apirilaren 8an ekin zion Gure Zirkuak laugarren birari Errenterian eta Bizkaira egin zuen jauzi maiatzean. Busturialdean egin zuen lehen geldialdia, Muxikan; eta Arratiako bailaran ondoren, Diman.

«Ia 2 urte ziren taldeak ez zuela Bizkaia zapaltzen, eta herritarren erantzun bikaina ikusita lurralde berean jarraitzea erabaki du, lehenbiziko aldiz hiru egonaldi jarraian kateatuz. Bizkaiko egonaldia biribiltzeko, taldea itsasertzera hurbilduko da oraingoan eta Uribe Kostan, Bakion altxako du karpa datorren ekainean», adierazi dute Gure Zirkuaren arduradunek.

«Gure Zirkuak aurten Bizkaian egingo duen azken egonaldia izango da Bakiokoa, eta ondorioz 2021ean euskal zirku ibiltariaz gozatzeko azken aukerak izango dira hauek lurralde horretan. Hala, ilusio handiz iragarri nahi du Bakion, 2019ko esperientzia errepikatzeko asmotan, Bakeako berdegunean eskainiko dituela emanaldiak», esan dute.

Ekainaren 11an, ostiralean, 20.00etan; ekainaren 12an, larunbatean, 17.00etan eta 20.00etan; ekainaren 13an, igandean, 16.30etan eta 19.00etan; ekainaren 18an, ostiralean, 20.00etan; ekainaren 19an, larunbatean, 17.00etan eta 20.00etan; ekainaren 20an, igandean, 16.30etan eta 19.00etan; ekainaren 25ean, ostiralean, 20.00etan; ekainaren 26an, larunbatean, 17.00etan eta 20.00etan; eta ekainaren 27an, igandean, 16.30etan eta 19.00etan iragarri dituzte emanaldiak.

Erabateko arrakasta izan du Gure Zirkuak orain arteko ibilbidean. Izan ere, lehen hiru biretan 100.000 ikusle bildu zituen. Errenteria izan du abiapuntu laugarren urte honetan.

Euskal Herri osoa zeharkatzeko asmoari helduta ari dira Gure Zirkuko kideak. «Pandemia tarteko, zirku ibiltaria ez zen iaz hain ibiltari izan, eta karpa ez zen Gipuzkoako mugetatik atera. Asko izan zirenez ikuskizunaz gozatu gabe geratu zirenak, taldea sekula baino lehenago hasiko da aurten emanaldiak eskaintzen, urtean zehar Euskal Herriko ahalik eta txoko gehienetara iristeko asmotan», esan zuten denboraldi hasieran.

Aipatzekoa da osasun agintariek ezarri dituzten segurtasun- eta garbiketa-neurriak betetzeko helburuz, Gure Zirkuak beste karpa bat duela aurten, «lehen urteetan erabilitakoaren ‘ahizpa handia’, lehenbiziko hark eskaintzen zuen goxotasuna galdu gabe, baina 1,5 metroko gutxieneko distantzia fisikoa errespetatzea ahalbidetuko duena».

Emanaldietarako sarrerak salgai daude jada webgunean.

Kokapena

Bakeako Berdegunea
Bakeako Berdegunea
Bakio. Bizkaia