‘Bizirik’ programa eskainiko du Euskadiko Orkestrak Ruth Reinhardt-en zuzendaritzapean

Data

21.01.29 - 21.04.09

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Euskadiko Orkestra, entseguan. (NAIZ)

Euskadiko Orkestrak denboraldiaren bigarren zatia berregokitu behar izan du covid-19a dela-eta. ‘Bizirik’ izena du programak, horixe nabarmendu nahian, garai zailetan ere aurrera jarraitzeko konpromisoa. «Antolakuntzan ahalegin handia eginez, baina gure publikoarekin konektatuta jarraitzeko asmoarekin», esan dute.

Ekainera bitarteko programazioa ordutegi eta programa desberdinekin birdiseinatu du. «Orkestrak denboraldiko ohiko 50 kontzertu beharrean 100 eskainiko ditu guztira, abonatuengana eta publiko guztiarengana iristeko helburuarekin, eta sarrera solte batzuk ere jarriko ditu salgai horretarako», zehaztu dute.

‘Bizirik’ programa eskaintzeko denera hamar kontzertu iragarri ditu. Sei saio eskainiko ditu Donostiako Kursaalen (urtarrilaren 29an, otsailaren 1ean eta 2an, 17.30ean eta 19.30ean); bat hilaren 3an, Bilboko Euskaldunan (19.30ean); bat otsailaren 4an, Gasteizko Principal Antzokian (19.30ean); eta bi otsailaren 9an, Iruñeko Baluarte Auditorioan (18.00etan eta 20.15ean). 

Donostiako, Bilboko eta Gasteizko kontzertuek Sibeliusen Biolinerako kontzertua izango dute ardatz. Musikagile finlandiarrak instrumentu honetarako ezer gutxi idatzi zuen arren, lan hau bere errepertorioko obrarik ezagun eta interpretatuenetako batean bihurtu da.

Ruth Reinhardt zuzendari alemaniar gazteak zuzenduko ditu hamar kontzertuak. Lehen aldiz arituko da Euskadiko Orkestrarekin. 17 urte besterik ez zituela, bere opera propioa konposatu eta zuzendu zuen Saarbrücken, bere jaioterrian.

Augustin Hadelich biolinista aukeratu du Euskadiko Orkestrak lan hau interpretatzeko. Bere debuta ere bada Euskadiko Orkestrarekin. Interpretazio bakarlari onenaren 2016ko Grammy Saria eskuratu zuen eta ‘Musical America’ aldizkariak 2018ko interprete onenaren saria eman zion.

Sibeliusen obraz gain, Donostiako 19.30eko kontzertuetan, Mikel Urquiza musikagile bilbotarraren ‘Mis monstruos marinos’ entzuteko aukera izango da. ‘Elkano: Mundubira musika bidelagun’ proiektuaren bigarren enkargua da munduko lehen itzuliaren 500. urteurrena gogora ekartzeko.

«Jazoera historiko horri buruz, Urquizari ez zaio hainbeste interesatzen balentria fisikoa, ondorio kultural eta psikologikoak baizik. Hots, «gure mundua amaiduna zela egiaztatzea aurrerapauso izugarria izan zen ‘terra incognita’ kontzeptuaren desagerpenean; izan ere, Errenazimentuko kartografian apurka-apurka txikiagotu zen munstroak eta herensugeak ageri ziren mapetako tarte hori, eta esplorazio modernoak, azkenik, desagerrarazi egin zuen», adierazi dute Orkestraren ordezkariek.

Urquizaren esanetan «hiletsitako munstro haiek babesteko orrialde bat da nire pieza, atlasetan sartzen ez den mundu zahar bat gordetzeko alegiazko leku bat».

Iruñeko kontzertuetan Brahmsen ‘Obertura Tragikoa’ eta Smetanaren ‘Nire aberria’ obrako ‘Sarka’ izango dira entzungai.

Hiru modalitate desberdineko lehen zatiaren ondoren, hamar kontzertuen bigarren zatia berbera izango da: Antonin Dvoraken 5. sinfonia. Lan hau Bohemiako musikagilearen heldutasuneko lehen lan handitzat hartzen da eta ‘konposatzaile txiroentzako’ sari bat irabazi ondoren idatzi zuen.

Saio guztietarako sarrerak salgai daude 10 eurotik aurrera. Datei, ordutegiei, programei eta sarreren salmentari buruzko informazio guztia Euskadiko Orkestraren webgunean dago eskuragarri: euskadikoorkestra.eus.

Hedabideen aurrean asteazken honetan egindako agerraldian izurriaren eraginez abonuak %20ean –mila pertsona inguru– jaitsi direla adierazi du Oriol Roch zuzendari orokorrak. Ordutegi eta aforo murrizketek bultzatutako erabakia da, «ez Orkestrarekin ez daudela gustura», zehaztu du.

Dirusarrerei dagokienez 150.000 euro gutxiago jasoko dutela esan du.

 

Kokapena

Kursaal
Zurriola Hiribidea, 1
Donostia. Gipuzkoa