‘Hemingway eta Euskal Herria’ erakusketa, Edorta Jimenezen komisariotzapean

Data

21.03.31 - 22.01.30

Lekua

Bizkaia - Gernika-Lumo

Edorta Jimenezek egin du komisariotza lana. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Jakina da Ernest Hemingwayk urte luzez Euskal Herriarekin harremana izan zuela. Baina orain arte ez da hain erakusketa sakon eta zabalik egin gai honen inguruan. Gernikako Euskal Herria Museoak ekoitzi eta Edorta Jimenezek komisariatu duen erakusketa 2022ko urtarrilaren 30a bitartean dago ikusgai.

‘Hemingway & Euskal Herria’ erakusketan Ernest Hemingway nobel saridunak ia 40 urtetan zehar Euskal Herriko kultura eta jendearekin izan zuen lotura erakusten duten objektuak, argazkiak, ikus-entzunezkoak, idatziak eta bitxikeriak biltzen ditu.

Hemingway «frankismoaren biktima da» Jimenezen esanetan. Batetik, zentsura. «Hemingway frankismoaren biktima da, argitaratutako lanak zentsuratu egin ziren eta beste batzuk ez ziren argitaratu», adierazi du Jimenezek.

Bestetik, feminizidioa. «Emazteak eta emakumeak kendu zituzten hari egindako argazkietatik. 1960an izan ezik unean uneko emaztearekin etorri zen, baita semeekin ere. Eta hori guztia desagertu egin da eskaini nahi izan duten irudi horretan».

Aipatzekoa da Martha Gellhorn-ek, Hemingway-ren hirugarren emazteak, erakusketan duen protagonismoa. Jimenezek lehenengoz aurkeztu du bertan ‘Night Before Easter-Pazko Bezperako Gaua’ liburuaren euskarazko itzulpena. Erramun Mendibelanda euskal margolari, grabatzaile eta ilustratzailea arduratu da liburuaren diseinuaz eta maketazioaz, eta historiari bizia ematen dioten ilustrazioen egilea ere bada.

Hemeretzi urte daramatza Jimenezek estatubatuar idazlearen nondik norakoak ikertzen. Argitaratutako liburuei erakusketa gehitu zaie orain. «‘Ez dago irla den gizakirik’, idatzi zuen John Donne idazleak –hari aipua egin zion Hemingwayk ‘Noren hil-kanpaiak ote?” liburuan–. Iruñean hiru urtez Javier Muñoz eta biok landutako ‘Hemingway bidaide’ proiektuan du oinarria erakusketa honek».

1920ko hamarkadan Euskal Herrira egin zituen lehen bisitetatik, 1961ean Idahon hil zen arte, Kuban egin zuen egonaldi luzetik igaroz, Hemingway-k lagun asko egin eta izan zituen Euskal Herrian jaiotakoak, batzuetan oso estuak. «Era berean, kontaktu batek euskal kultura eta gastronomiari buruzko ezagutza handia eskuratzea ahalbidetu zion, euskararekiko ere interesa agertuz», nabarmendu dute Euskal Herria Museoko arduradunek.

Erakusketak erakusten dituen pieza eta objektuen artean, Jose Maria Ucelayren ‘Conversation Piece, Just Leisure’ olio-pintura aipa daiteke. Bertan bere lagun minarekin, Juan Duñabeitarekin (Sinsky, idazlearentzat) dago Hemingway. Baita Pilar izeneko yatearen maketa, Ernest Hemingwayk II. Mundu Gerran La Habanako bere lagun pilotariekin batera urpekari alemaniarrak ehizatzeko erabiltzen zuen ontzia.

Horrez gain, Helados Pereira-ren gurditxoa ere ikusgai dago; Hemingwayk 1959an Bermeora egindako bisita batean izozki bat hartu eta argazki bat atera zuen horren ondoan.

Bere eleberrien eta idazlearen bizitzari eta lanari buruzko argitalpenen, ikus-entzunezkoen, argazkien eta eguneroko beste objektu batzuen (idazmakinak...) aleek osatzen dute erakusketan ikusi ahal izango diren objektuen zerrenda.

Euskal Herria Museoak bisita gidatuak antolatu ditu. Apirilaren 4tik aurrera igandero egingo dira, eguerdiko 12etan. Nahitaezkoa da aldez aurretik jarduera guztiak erreserbatzea», esan dute museotik. Erreserbak 946255451 telefonoan edo euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbidean egin daitezke.

Beste hainbat jarduera eskainiko ditu apiriletik aurrera, idazlearen irudiarekin eta bere lanarekin lotuta, zine forum, ipuin kontaketa, irakurketa komentatuak, ibilbideak, hitzaldiak. Museoko arduradunek aurrerago zehaztuko dute egitaraua.

Gainera, maiatzean, ‘Literatura eta Ondarea’ ekimenaren baitan, Edorta Jimenezek ‘Night Before Easter’ kontakizunari buruzko hitzaldia emango du. Hilabete horretan bertan, Museoen Nazioarteko Eguna dela eta, ekitaldi berezi bat egingo da Helados Pereiraren eskutik. Aurrerago jakinaraziko dituzte datak.

Apirilaren 10a arte, ordutegia 10.00etatik 14.00etara eta 16.00-19.00 da. Apirilak 11ean: 10.30-14.30

Ohiko ordutegia 10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 19.00etara da. Igandetan 10.30etik 14.30era. Astelehenak itxita neguan, udan irekita.

Sarrera 2 eurokoa da, larunbatetan urte osoan doakoa. Igandero eguerdiko 12etan egingo dira bisita gidatuak. Erreserba egitea beharrezkoa da 946255451 telefonoan edo euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbidean.

Kokapena

Euskal Herria Museoa
Allende Salazar Kalea, 5
Gernika-Lumo. Bizkaia