Bertso Egun bana egingo da Iruñean, Getarian eta Hazparnen

Data

21.02.13 - 21.05.22

Lekua

Nafarroa - Iruñea

Nafarroako Bertso Egunaren kartela. (NAIZ)

Ohi baino aste batzuk beranduago dator aurten Bertso Eguna. Ez da 2021eko berezitasun bakarra, hitzordu bat baino gehiago izango baitira. Izan ere, bizi dugun egoera ikusita, hiru Bertso Egun edo saio berezi antolatu ditu Bertsozale Elkarteak.

Larunbat honetan Iruñean izango da lehenengoa, Getarian antolatu dute bigarrena martxoaren 27an, eta gauzak ondo bidean, maiatzaren 22an Hazparnen izango da azkena.

Julio Soto, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Xabier Silveira bertsolariak eta Ainhoa Larretxea gai-jartzailea elkartuko dira 2021eko lehen Bertso Egunean. Iruñeko Gayarre antzokian 18.00etan hasiko da bertso saioa. Ez dira protagonista bakarrak izango, Eneko Lazkoz eta Oihane Perea bertsolariek ere hartuko baitute parte emanaldian.

Eta horrek guztiak, protagonistek, lekuak, testuinguruak eta bestek, izango du zeresanik Bertso Egunean: «Errealitateei beste ikuspuntu edo perspektiba batzuetatik kantatuko diegu. Abiapuntuak egiten baitu gaia, kantatzeko hautatu dugun lekuak aldatzen baititu esanahiak, kolektiboan aritzeak aldatzen baitu bakarka marraztu dugun errealitatea» aurreratu du aurrelanean aritu den Saioa Alkaizak.

Otsailaren 13an Gayarre antzokiak hartuko du bertso emanaldia. Aretorako sarrerak www.teatrogayarre.com webgunean daude eskuragai 12 euroren truke. 9 eurotan izango dituzte Bertsozale Elkarteko bazkideek. Sarrerak amaituta bazeuden ere, Nafarroako Gobernuak toki kopurua handitzeko baimena eman dio biharko emanaldiari. 150 sarrera gehiago jarri dira eskuragai.

Aretora joan gabe, Internetez zuzenean ikusi nahi duenak ere izango du aukera. Horretarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian erosi behar dira. 5 eurotan eskuratu ahal izango dira sarrerok, eta 3 eurotan izango dituzte bazkideek. Behin sarrera erosita, Internetez nola jarraitu azaltzeko argibideak bidaliko zaizkie zaleei.

Martxoan eta maiatzean izango diren Getariako eta Hazparneko Bertso Egunetarako sarrerak ere eskura daude jada www.bertsosarrerak.eus atarian.

«Bertso plaza indartzeko egiten ari garen apustuaren parte dira saio hauek», adierazi dute Bertsozale Elkartetik.

Ostiral honetan, Eskolatik Plazara

Iruindarrek aste honetan bertan ere badute beste bertso hitzordu bat. Euskal Herriko Eskolartekoan aritu behar zuten gazteak eta plazetan ohikoak diren bertsolariak elkartzen dituen Eskolatik Plazara ekimenaren bigarren saioa Nafarroako hiriburuan izango baita.

Otsailaren 5ean, ostiralean, izango da; zehazki, Nafarroako Antzerki Eskolan, 18.00etatik aurrera. Aitor Ugarte, Alaia Martin, Bittori Elizalde, Ekhiñe Zapiain, Eukene De Los Aires eta Julio Soto ariko dira, Josu Sanjurjo gai-jartzaile lanetan dela. Sarrera doakoa da, eta gonbidapenak eskuragai daude www.bertsozale.eus atarian.

Kokapena

Gayarre Antzokia
Carlos III Etorbidea
Iruñea. Nafarroa