Hiru pieza estreinatuko ditu Ciklus Ensemblek San Telmo museoan

Data

21.01.14

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Ciklus Ensemble. (NAIZ)

Ostegun honetan, urtarrilak 14, Musikagileak Musika Garaikidearen XI. Zirkuitua itzuliko da Gabonetako oporren ostean. Kontzertu berri honetan, eta Ciklus Ensembleren eskutik, bost egileren sorkuntzak entzun ahal izango dira, San Telmo Museoak gaur egun ikusgai daukan erakusketa batekin lotuko direnak.

Gaur egungo bost konpositoreren lan horien artean, erabateko hiru estreinaldi nabarmenduko dira. Kontzertua Helga Ariasen ‘Cellolar Synthesis’ (2012) lanarekin hasiko da, gailu elektroniko eta biolontxelorako sorkuntza. «Horien bidez, Ariasek analogikoaren eta birtualaren arteko metafora bat egiten du, azken hilabeteetan hain presente egon den mundo digitalari begiratuz», adierazi dute antolatzaileek.

Ondoren, ‘Interstizi’ (2003), Javier Torres Maldonado konpositore mexikarrak idatzia joko dute. Obra hau hiru mugimendutan banatuta dago, eta gutxieneko espazioak bilatzeari egiten dio erreferentzia, eta erakusketarekin du lotura tradizioarekin sortzen duen harremanaren bitartez.

Musikeneko bi ikaslek idatzi dituzte kontzertu erdian ageriko diren bi lanak, berriz ere erakusketaren gaiari lotutakoak. Biak erabateko estreinaldiak dira, gainera. ‘Ondorioen lekuko’ obran (2020), Lur Gonzalez jendarteari  buruz egindako hausnarketa pertsonaletik abiatzen da. Bestalde, Diego Sabiok ‘Lluvia de Saetas’ (2020) lana proposatu du, erakusketa duen Sebastian Deunaren estatua batean inspiratzen dena.

Azkenik, Daniel Apodakaren ‘Voci notturne’ (2020) estreinaldia ere entzuteko aukera izango da.

Ciklus Ensemble 2010ean sortu zen. Taldea hamar bat musikarik osatzen dute, diziplinartekotasunaren bidez komunikatzeko modu berriak bilatzen ditu eta etengabeko bilakaeran dago. Talde ireki eta dinamikoa da.

XX. eta XXI. mendeko konpositore eta artista handien amets kontzeptualekiko lilurak batu zituen. Abangoardiako musika esploratu eta zabaltzea dute euren nahia, esperimentazioa lagun. Kideak musikari gazteak izanik ere, talde bai orkestra munduan eta bai ganberako musika edo solista moduan esperientzia dute.

Musikagileak, gaur egungo sortzaileen obraren zabaltzeari arreta berezia emanez, helburu nagusitzat garai guztietako euskal musika sustatzea eta indartzea duen erakundea da. Kontzertuak, lehiaketak, lantegi eta mahai-inguruak, argitalpenak... dira bere jardueraren ardatz. Musika Garaikidearen Zirkuitua da ekitaldi nagusia.

Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin (BOS) eta Euskadiko Orkestrarekin (EO) lankidetzan, elkarteko egileen lanez osoturiko kontzertuak ere antolatzen ditu aldizka. Harreman estua du bere inguruko beste jaialdi batzuekin ere, hala nola Smash (Donostia), Bernaola (Gasteiz), Musika Hamabostaldia (Donostia), Musikaste (Errenteria). Bere eginkizun pedagogikoa zabaltzen du, Musikenerekin lankidetzan, ikastaro eta mintegiak antolatuz. Etxepare Institutuarekin dugun hitzarmenak bere helburuen hedapena nazioartean sendotzea ahalbidetu die, beste herrialdeetako musikari eta festibalekin lan eginez. MGNE Musika Garaikideko Nazioarteko Elkarteko eta EHMBE Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko kidea da Musikagileak.

Kokapena

San Telmo museoa
Zuloaga Plaza, 1
Donostia. Gipuzkoa