‘Hiruerreketa euskararen arte-urak’ erakusketa atondu du Oihanederrek

Data

21.02.05 - 21.02.28

Lekua

Araba - Gasteiz

Zaloa Ipiña, erakusketan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Hiru erreka, hiru ur-emari bilduko dira ostiral honetatik aurrera –otsailaren 28ra arte– Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. Euskal artea euskaraz zergatik ez? Eta zergatik ez euskararen inguruko euskal artea? galderak erantzun nahi ditu erakusketak. Hausnarketatik, dibertsiotik, jolasetik, denetik du.

Hiruerreketa Deba ibaiaren jaiotze gunea, hiru errekatxo bateratzen diren tokia da. ‘Hiruerreketa euskararen arte-urak’ izenburupean lau artistek euren hausnarketaren berri eman dute. Zaloa Ipiña, Zirika eta Bigara (Itziar Aranburu eta Jon Ander Garcia) dira, hain zuzen ere. Arte garaikidearen barruan, hizkuntza hegemonikoen pisua dela eta, euskaraz sortzeak dakarren zailtasunaren eta deserosotasunaren inguruko gogoeta ezberdinek osatzen dute ur-emari kolektiboa.

Ez da ohikoa arteak fokua hizkuntzari jartzea. Izan ere, David Crystal Ipar Irlandako hizkuntzalariak 80. hamarkadatik hona ez du artista bakar bat aurkitu. Hala kontatu zuen ‘Hizkuntzen iraultza’ liburuan. Hori ikusita –hizkuntzek betidanik piztu diote interesa– bide horri jarraiki hasi zen Zaloa Ipiña.

Bi urtetako lanaren emaitza da ‘Gorreri bisuala’ proiektua, erakusketaren lehen ur-emaria. «Guztion arazoa da baina badirudi hiztun gutxiagotuena bakarrik dela», azpimarratu dio NAIZ-i.

Genozidio kulturala, burdinezko eraztuna, gorreri bisuala, menderakuntza… bezalako kontzeptuak landu ditu Ipiñak. Ugariak dira nazioarteko hizkuntzalarien erreferentziak proiektuan. Izenburua ematen dion ‘gorreri bisuala’ terminoa Marleen Haboud-ek sortu zuen, parez pare duten errealitatea ikusi eta entzun nahi ez dutenei zuzendu zien. «Aurreiritzi linguistikoei aurre egiteko hainbat esaldi landu ditut erakusketan –kontatu du Ipiñak–. Orain oso indarrean dago gure hizkuntza inposatzen dugunaren aurreiritzia. Nola, hizkuntza propioa bada? Ezin da inposatu berezko hizkuntza».

Metafora bisualez baliatzen da Ipiña bere hausnarketak ikusleari agertzeko. Historian zehar euskarari ezarri zaizkion debekuen berri eman du ‘Anillo escolar’ –«erderaz jarri diot izenburua, nahita»– obran. Eskolan euskaraz hitz bat esateagatik haurrei zigor modura jartzen zioten burdinezko eraztuna du gogoan lan honetan. «Kultura propioak debekatu eta bestelakoak sortzea da genozidioa, hori lortu da eraztunekin», dio. 

«Gaur egun ere zigorra pairatzen dugu. Nire familian, esaterako, gurasoek euskara galdu zuten –esan du–. ‘Errore linguistikoa’, horrela deitu ziguten Frantziar Iraultzan eta Errorearen Urte hartan sortu zituzten politika linguistikoak, euskararen eta beste hizkuntza askoren kontra. Eta oraindik indarrean daude».

Kolonialismo mentala da landutako beste terminoa. «Hiztunei bere hizkuntzak ezertarako ez duela balio sinestarazten zaie, Galizan gaur egun ere egiten da», salatu du.

Proiektua liburuan ere jaso du eta datorren ostegunean aurkeztuko du aretoan bertan, 19.00etan. Ipiñaren artelanak eta testuekin batera beste bost ikerlari aurkituko ditu irakurleak bertan, nork bere hizkuntzan egindako idatzietan: Xosé-Henrique Costas, Xabier Irujo, Jordi Suils Subira, Maria Pilar Benitez eta Haizea Barcenilla, hurrenez hurren.

Alfredo Hernandezek Zirikak, bere aldetik, ‘Hitz birziklatuak’ proiektua prestatu du propio erakusketarako. «Urteak daramatza euskararekin eta naturak eskaintzen dizkion elementuekin poesia bisuala egiten, eta hori artelan
 bihurtzen. Beti euskarri berrien bila koadroetatik, eskulturetara, eta
 hemendik instalazioetara eraman ditu euskal hitzak, etengabe beraiekin 
jolasean azken urteetan bideo-sorkuntza lanetara egin du jauzi», azaldu dute antolatzaileek. Bigarren ur-emaria.

Eta Bigarak ‘Abere ba: palindromo ilustratuen piztegia’ aurkeztu dute. Abere ba proiektuaren ardatza euskarazko palindromoak dira; ezker-eskuin zein eskuin-ezker testuak eduki berbera dutenak. Erakusketak irudi eta testuaren arteko oreka bilatuz, hainbat elementu elkarrekin harremanetan erakutsiko ditu 101 animalien izenak oinarri: aberearen izena eta alderantziz testu ispilu palindromikoa osatuz izenburu moduan. Hirugarren ur-emaria.

Sarrera doan da, honako ordutegiarekin: asteartetik ostiralera 18.00 etatik 20.00etara. Larunbatetan 12.00etatik 14.00etara eta 18.00etatik 20.00etara. Igande eta jaiegunetan, 12.00etatik 14.00etara.

 

Kokapena

Oihaneder Euskararen Etxea
Fray Zacarías Martínez, 2
Gasteiz. Araba