‘Hostoz hosto erantzi’, Aran Santamariak bere paperezko istorioak erakutsi ditu Okendo Kultur Etxean

Data

20.11.17 - 21.01.30

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Aran Santamaria, ‘Egin’ egunkariari eskainitako collagearekin. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Aran Santamaria liburu zaharren peskizan ibiltzen da, bere eskuetan hartu, orriak kendu eta irudimena lagun, bizi berria emanda, berriz liburuan josteko. Hostoz hosto erantzi. Hostoz hosto jantzi.

Planetak eta gizakiak protagonista dituzten collage txikiek egiten diote ongietorria bisitariari, sabaitik zintzilikatuta dauden pianola-paper luzeekin batera. Aurrerago ‘Sobrevivientes’ lana dator, emakumeen aurkako indarkeriaren salaketa oinarri duena. Collage txikiak dira, gutunazalekin egindakoak. Gorputz ikus daitezke bertan –besoak, hankak…– aldizkarietatik hartutakoak, adabakiak. Ordularien makinariari esker mugimenduan daude, kan-kan…

Autore ezagunen erreferentziak datozkio bisitariari. Julio Cortazarren ‘Historias de cronopios y de famas’ liburuko pasarteak kristal artean enmarkatuta zintzilik jaisten dira sabaitik. Idazle argentinarraren mundu onirikoa ere aurkituko dugu, zeruan, hodei artean dauden bi oinetako, Santamariaren amonarena izandako poltsatxoa...

Joseba Sarrionandiaren ‘Ez gara gure baitakoak’ orriz orri eraldatua dago. Louise Bourgeois-en ‘Mujer casa’ liburutik ateratako laminak ere artelan bihurtu ditu Santamariak.

Mikel Laboaren “Lili bat” kantuaren oihartzuna ere badatorkigu balda gaineko metronomoaren ondotik. Hura ere brailez idatzia paper zuriaren gainean.

Zuloak, Santamariaren obran aurki dezakegun konstantea. «Asko gustatzen zait papera zulatzea, testura fin hori ikustea, begiez ukitu daitekeena», kontatu du egileak. Musika da bestea: metronomoa, kantu idatziak, pianola-paperak... erlojuak egiten duen soinua...

Eta beira. «Bere transparentziak eta zaurgarritasunak erakartzen nau», argitu du. «Bonbilak gordetzen ditut etxean, eta perfume botilak ere gustukoak ditut», aitortu du.

Paretaren kontra dagoen baldan botila ikusiko du bisitariak eta hitz bat: “sekretua”. «Ondo begiratuz gero, zerbait aurkituko du ikusleak», bota du Santamariak, misterioz beteta. Gauza bera letra-zopaz beteta dagoen maitasun eskutitzean. Hirugarren sekretu bat ere badago. Botilaren barruan, bilduta, brailez idatzitako paperak gordetzen du.

Hamalau liburuk ixten dute erakusketa, denak eraldatuak. «2012an hasi nintzen egiten, eroso sentitu naiz eta jendeak ere gustukoak dituenez, ni pozik», azaldu du.

Lurrari lotuta egon da urte luzez Santamaria –keramikarekin ekin zion bere ibilbideari– eta airean dabil orain, papera eskuan hartuta. Sotiltasuna. «Erortzen den ostoaren poetika hori gustukoa dut, xuabeagoa, arinagoa...

Tamainari dagokionez, pieza txikiak dira Santamariarenak. «Mahai gainean egiten du lan, eta horrek agintzen du –kontatu du–. Pieza txikiekin joaten naiz pieza handiagoa sortuz».

Bere ibilbide artistikoan ze unetan dagoen galdetuta, hauxe esan dio NAIZ-i: «Ofizioa ikasi egin dut, segurtasuna eskuratu, eta plazara irteteko ere beste gorputz bat daukat, hori sentitzen dut». «Emakumeok autoestima baxuago eduki dugu, baita lanerako ere. Gainera, objektu sotilek indar gutxiago dute eskultura handi batek baino». 

Txingurri-lana da berea. «Nik lanean jarraitu dut urte guzti hauetan. Ofizio hau asko maite dut, niretzat pribilejioa da horretan aritzea, eta jaten ematen badit, ni oso pozik».

Kokapena

Okendo Kultur Etxea
Nafarroa Hiribidea, 7
Donostia. Gipuzkoa