Gazte migratzaileen argazki erakusketa ikusgai, Bilboko Areatzan

Data

21.07.14 - 21.07.25

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Erakusketaren irudia. (NAIZ)

Save the Children erakundeak ‘Ibiltariak: Bilboko begiradak’ argazki erakusketa ikusgai jarri du uztailaren 25era arte Bilboko Areatza pasealekuan. Gazteon Artean talde parte-hartzailea osatzen duten nerabe eta gazte migratzaileek egindako argazkiak biltzen ditu erakusketak, Jabi Jubera argazkilariak gidatuta eta Save the Childrenen laguntzarekin.

Argazki ibilbide honen bidez, egileek bidaia pertsonal bat partekatu nahi dute Bilborekin eta bertako jendearekin. Bidaia horretan, beren haurtzaroaz, beldurrez, itxaropenez eta ametsez hitz egiten dute. Bilboko hiribilduko lekuak harrapatuz egiten dute hori, esanahi handia baitute haientzat, haien bizi-ibilbidearen parte baitira.

«Haur eta nerabe migratzaileei eta errefuxiatuei ahotsa ematea erakunde gisa dugun misioaren parte da. Gazteon Artean taldeak parte hartzeko eskubidea sustatzen du, gizarte abegitsu eta aniztasunarekiko errespetuzkoa eraikitzeko eragile aktibo izateko aukera emateko, eta, horrela, bizi-proiektu bat eraikitzera datozenen integrazio osoa errazteko, borondatez edo gerrak, jazarpenak, pobreziak edo hondamendi naturalek bultzatuta», adierazi du Charo Arranzek, Save the Children Euskadiko zuzendariak. «Erakusketa honek gure begiradak zureekin gurutzatzea ahalbidetzen digu, haien ametsak eta aurkitzen dituzten zailtasunak ulertzeko», gaineratu du Arranzek.

Argazki lagina Save the Children erakundearen Haur Migratzaileen Ahotsa sentsibilizazio proiektuaren parte da. 2019an, foru aldundien tutoretzapeko familia erreferenterik gabeko adingabeen kopurua 777 zen, eta, kalkuluen arabera, 18 eta 23 urte bitarteko 900 gazte inguru daude familiaren laguntzarik gabe EAEn, Arartekoaren azken txostenaren arabera.

Save the Children eta Por Causa Fundazioa egindako txostenaren arabera, EAEn tutoretzapean dauden haur eta nerabe migratzaileen %30 ere egoera irregularrean daude, eta, beraz, Estatuko tasarik altuena duen erkidegoetako bat da, biztanleriari dagokionez.

«Txosten beraren arabera, irregulartasun egoera horrek inpaktu suntsitzailea du haur eta nerabeengan, eta eragin horrek haien egungo bizi-baldintzei eragiten die eta etorkizuneko bizi-aukerak kaltetzen ditu, haien eskubideak urratuz», nabarmendu dute.

Save the Childrenek eskatzen du araubide juridiko espezifiko bat ematea haur migratzaile guztientzat. «Horrela, adingabearen administrazio egoerak adingabearen interes gorenaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioa kaltetzea saihestuko litzateke, eta gerora sortutako irregulartasuna saihesteko neurriak hartuko lirateke. Gainera, haien administrazio egoera naturalizatuz gero, ihesbide bat ireki ahal izango litzateke atzerriko herritarren belaunaldi oso baten bizitza baldintzatzeko mehatxua egiten duen gizarte zaurgarritasunaren aurrean».

Mundu osoan haurren eskubideen alde lanean ari den erakundea da Save the Children. Duela 100 urte baino lehenagotik ari da lanean, haurrek bizirik jarrai dezaten, ikas dezaten eta babestuta bizi daitezen ahaleginean. Gaur egun, 120 herrialdetan baino gehiagotan ari da lanean, eta, gurean, duela 15 urte baino lehenagotik ari da, hezkuntzaren arloan babesa emanez eta aisialdiko jarduerak eskainiz, Bilbon, Barakaldon edo Gasteizen pobrezia edo bazterketa soziala jasateko arriskuan dauden 500 haurri baino gehiagori.



Kokapena

Areatza
Areatza
Bilbo. Bizkaia