Iritsi da Getxophoto nazioarteko irudi jaialdiaren 15. edizioa

Data

21.09.02 - 21.09.26

Lekua

Bizkaia - Getxo

Leonard Suryajaya autorearen ‘False Idol’ bildumako argazkia. Getxophoto 2021 edizioan ikusgai.

Irailaren 2tik 26ra bitartean ospatuko den Getxophoto 2021en gaia «elkarbanatu» izango da. Jon Uriarte argazkilari hondarribiarra izango da Getxon zehar ospatuko den jaialdiaren komisarioa eta hogeita bi artistak hartuko dute parte.

Guztira, autore adina argazki erakusketa egongo direnez, erakusketak herri osoan zehar egongo dira sakabanatuta. Hala ere, esposizio gehienak Ereagako kaian eta Algorta auzoan egongo dira.

Argazki bildumen eraskusketez gain, Getxophotok ekintza desberdinez beteko ditu herriko puntu desberdinak. Gauzatu ahalko diren ekintzen artean, familientzako bisita gidatuak, Yogurinha Borova, Alaia Martin, Imanol Uria eta Cristina Lizarra bezalako artistekin txangoak eta ‘instadeath’ talde terapia moduko jardunaldiak egongo dira.

Gaiaren aukeraketari dagokionez, «elkarbanatu» kontzeptua garapen globalaren eta polarizazioaren testuinguruan kokatu dute antolatzaileek: «Informazioaren eskuragarritasunak eta migrazio-fluxu handiek planeta-kontzientzia moduko bat sortu dute, batetik, kulturak hurbilduz edo harreman eta helburu komun berriak ezarriz, eta, bestetik, gero eta handiagoak diren desberdintasun ekonomikoak, aurreiritzi ideologikoak eta politika erreakzionarioak agerian utziz».

Testuinguru ez hain berri honetan, teknologia, gizarte kultura eta ingurumen fenomeno batzuk elkarbanatzearen kontzeptua eguneratzen ari direla deritzote antolatzaileek. Era berean, elkarbanatzearen nozio tradizionala eraldatuz.

Azpigaiei erreparatu ezkero, asko jorratuko dira. Tartean, genetika eta DNA antzekotasuna, telebista, interneteko borroka kulturalak, gizakia eta naturaren arteko harremana, queer migratzaileek pairatzen dituzten muga legal eta ideologikoak, gizarte boliviarra, txingorra, haragi industria, ama-alaben arteko harremana, sare sozialak, gizarte-langileak eta banatzaileen lana, besteak beste.

Hortaz, irailaren 2tik 26ra bitartean hogeita bi artistaren lanak Getxoko puntu desberdinetan egongo dira  ikusgai, aire zabalean. Argazki erakusketetarako sarrera doakoa izango den arren, festibalean zehar antolatutako jardunaldi puntualetan 5-10 euroko sarrerak kobratuko dituzte aforoak kontrolatze aldera.

Kokapena

Romo Kultur etxea
Santa Eugenia, Plaza, 1, 48930 Getxo, Bizkaia
Getxo. Bizkaia