Javier Colina eta Maria Joao, Getxo Jazz jaialdiko izen berrien artean

Data

21.06.30 - 21.07.04

Lekua

Bizkaia - Getxo

Aurtengo kartela. (NAIZ)

Osasun egoeraren ondorioz urtebete geldirik egon ondoren, Getxo Jazz jaialdia ate joka dator. Ekainaren 30etik uztailaren 4ra bitartean egingo da 44. edizioa. Euskal Herriko jazza, Estatu espainoleko jazzaren izen nabarmenak eta Talde Lehiaketako banda gazteak izango ditu ardatz aurtengoak. Jazz jaialdien denboraldiari hasiera emango dio Getxok, ohi bezala.

Muxikebarri zentroak jaialdiko kontzertu nagusiak hartuko ditu 19.00etan, baita Talde Lehiaketa ere, aurten goizeko ordutegira pasako dena. Horrela, lehian jardungo diren lau talde europarrek emanaldia eskainiko dute 13.00etan. Arratsaldean, 17.00etan, Biotz Alai plazan, Hirugarren milurtekoa atala izango da, eta euskal jazza eta banda gazteak uztartzen dituen doako eskaintza gerturatuko dio publikoari. Hilaren 3an eta 4an leku berean 12.30etik aurrera, egingo diren familientzako bi emanaldiek osatuko dute aurtengo programazioa.

Jazzaldia aurkezteko izan den prentsaurrekoan, Iñaki Saitua ekitaldiaren arduradunak jazz jaialdia egungo egoerara egokitzeko egindako ahalegina azpimarratu du, «hori bai, kalitatea, musika aniztasuna eta gaztetxoentzako babesa mantendu dira jaialdiaren ezaugarri nagusi gisa».

Amaia Agirre Getxoko alkatea pozik agertu da jaialdiaren itzulerarekin. Azpimarratu duenez, «kultura gure nortasunaren ezaugarrietako bat da, eta horregatik, poz handia da jazz erritmoak publikoari berriz ere hurbiltzea». Halaber, nabarmendu du jazz jaildiak Getxo Euskal Herriko abangoardia kulturalera eramaten duela.

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak adierazi duenez, «40 urte baino gehiagoz, Getxok munduko leku askotatik ekarri du jazza, eta edizio bakoitzean onena erakutsi du, bai nazioarte mailan, bai Euskadin, eta musika hitzordu horrek gure lurraldeko kultur agenda aberasten du».

Kontzertu nagusiei dagokienez, Javier Colinak irekiko du aurtengo edizioa. Javier Colina Europako egungo kontrabaxu-jotzailerik ospetsuenetariko bat da, eta ezinbesteko pieza erritmiko bilakatu da fusio latinoetatik gertu dagoen edozein talderentzat. Hurrengo egunean, The Cuban Jazz Syndicate taldeak joko du, espainiar Estatuan bizi diren musikari kubatar onenetakoek osatutako boskotea, talde ezberdinetatik etorriak eta musika ezagutza handia dutenak: Pepe Rivero, Miryam Latrece, Carlitos Sarduy, Ariel Brínguez eta Michael Olivera.

Maria Joao-Carlos Bica Quartet izango da jaialdiaren hirugarren egunean. Portugalgo jazzaren bi izen handi hauen arteko lankidetza 80ko hamarkadan hasi zen eta ‘Conversa’ (1986) eta ‘Sol’ (1991) diskoetan erregistratu zen. Hamar urteko biren ondoren, bere bideak banatu egin ziren, eta, orain, 25 urte beranduago, André Santos (gitarra) eta João Farinha (teklatuak) musikarien konplizitatearekin topo egin dute.

Laugarren egunean Chano Domínguez eta Martirioren saioa hartuko du jaialdiak. Duela 20 urte kopla klasikoen berrinterpretazioa eskaini zuen jazz moldaketekin, eta lankidetza hori ‘Coplas de la madrugá’ (1996) diskoan islatu zen. Orain, Ignacio Villa Bola de Nieve Kubako piano-jotzailea gogoratzeko elkartuko dira berriro.

Carles Benaventek, Tino di Geraldok eta Jorge Pardok osatutako hirukoteak emango dio amaiera Getxo Jazzari, ibilbide luzeko estilo ezberdinetako hiru musikari, Niño Josele gitarra-jotzailearekin batera.

Proposamen horri gehitu behar zaizkio Taldeen Lehiaketaren finalera iritsi diren lau taldeak, eta, beste behin ere, Europako jazz gaztearen lanaz gozatu ahal izango dute ikusleek, Italia, frantziar Estatua, Hungaria eta espainiar Estatua, Irlanda eta Britainia Handiko partaideen eskutik, bai eta Malu Garay Quintet, Baleen Lobak, Horda eta Los Aurora elkartuko diren Hirugarren Milurtekoa saileko kontzertuak ere. Capitán Corchea eta Hollywood Kids Band musikariek familientzako ikuskizunak eskainiko dituzte.

Gainera, Jorge Lopez de Guereñuren margolan erakusketa izango da ikusgai ekainaren 28tik uztailaren 23ra bitartean, ‘No Silence, No End’ izenburupean.

Sarrerak honako puntuetan eros daitezke: Muxikebarriko Informazio Bulegoan (astelehenetik ostiralera 8.30etik 14.30etara); Muxikebarriko txarteldegian (astelehenetik ostiralera 10.00etatik 13.00etara eta 17.30etik 19.30etara eta ikuskizuna dagoen egunetan emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik; eta Erromoko Kultur Etxean astelehenetik ostiralera 9.00etatik 14.30era eta 16.00etatik 18.00etara eta larunbatetan 9.00etatik 13.00etara.

Kokapena

Muxikebarri Zentroa
Basagoiti Etorbidea, 77
Getxo. Bizkaia