Eraldaketaren bidez artelanen irakurketa berria proposatu du June Crespok Artium museoan

Data

20.12.04 - 21.05.02

Lekua

Araba - Gasteiz

June Crespo, Aritum museon ikusgai duen eskultura batekin. (Raul BOGAJO | FOKU)

‘June Crespo. Helmets’ erakusketak hartuko du Artium museoko A1 aretoa maiatzaren 2ra arte. Artistaren ibilbideko hainbat lan biltzen ditu, eskulturak batik bat, baita museoko espazioetarako propio ekoitzitako hainbat lan ere. Artistaren lanaren konstanteak ezagutzeko aukera ematen du: aurretik zeuden formei buruzko irakurketa berriak proposatzen dituzten eraldaketa eta konbinazio prozesuak. Beatriz Herraez eta Enrique Martinez dira erakusketaren komisarioak.

Bere piezatan, Crespok (Iruñea, 1982) gorputzari eta honek arkitekturarekin dituen harremanei buruzko hizkuntza lantzen du. Zuloak, hodiak, mugak, zirkulazioa eta hondarra dira artistaren ekoizpenaren aipamena egiteko gehien errepikatzen diren terminoetako batzuk, beti prekarietate materialetik, baliabideen ekonomiatik, egiten aritzearen, saiakeraren garrantzian tematzen diren eskulturak eta irudiak. 



«Erakusketak Cresporen lanean konstanteak diren eta bere ekoizpena bricoleur delakoaren logikarekin identifikatzen duten jarduteko moduak ezagutzea ahalbidetzen du: aurretik zeuden formak birkonfiguratzeko, konbinatzeko eta eraldatzeko prozesuen bidez, elementu eta irakurketa berriak proposatzen dira, objektuen eta irudien elkartzeko ahalmena areagotzen dutenak», adierazi dute museotik.



Erakusketa hainbat pieza sailetan antolatu da, eta horien artean dago ‘Helmets’ (2019), espazio guztiak egituratzen dituena eta erakusketari izena eman diona. Giza gorputza espresuki aipagai duen obra multzo bat da, ebaki, aldatu eta berriz mihiztatutako gorputz-adarren sekzioekin osatua.

Erakusketak formatu txikiko artelanen multzo bat ere biltzen du, ‘Instrumentos y fetiches’ (2017). Horiek egiteko, eguneroko objektuei egindako moldeetatik abiatu da eta, gero, molde horiek segmentatu, berriro elkartu eta brontzean urtu ditu. 

Sail berriagoetan, ‘Voy, sí’ (2020) izenekoan, berriz, artistak material erabilgarriak jartzen ditu lehen planoan, argizaria edo eskaiola, esate baterako, beste ekoizpen batzuetan azken emaitzatik desagertzen direnak.

Artista iruindarraren lanen eta Artiumeko A1 Aretoko arkitekturaren artean elkarrizketa bat ezartzeko ideia nabarmena da ‘No Osso (occipital)’ (2020) sailean. Oraintsuko beste lan multzo bat ‘Core’ (2019-2020) da, hormigoiz eta metalez egina eta erakusketaren esparruan era sekuentzialean instalatua.

June Cresporen, Beatriz Herraezen eta Enrique Martinez Goikoetxearen arteko elkarrizketa izango da ostiral honetan (abenduak 4, 18.30ean), Museoko Emanaldi aretoan. Streaming bidezko ikusi ahal izango da Museoaren Youtube kanalean.


Bisita gidatuak ere egingo ditu Crespok. Abenduaren 6an 12.30ean; abenduaren 19an 12.30ean; abenduaren 20an 12.30ean; eta abenduaren 23an, 18.00etan.

Kokapena

Artium museoa
Francia, 24
Gasteiz. Araba