Kutxa Kultur Gauak egitasmoak uda girotuko du

Data

21.05.29 - 21.09.30

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Kartela. (NAIZ)

Udako gauak girotzera dator Kutxa Kultur. Maiatzaren 29tik aurrera, musika, dantza, antzerkia, arte eszenikoak eta tokiko proposamenak izango dira Kutxa Kultur-eko terrazan, Tabakalerako laugarren solairuan.

Kutxa Kultur tokian tokian sortzen ari den talentu amateurrarentzako plataforma da.  «Proposamen dinamiko, fresko eta formatu berritzailea duena bizitzera gonbidatzen zaituztegu, konpainia onean eta giro lasaian, maiatzaren 29tik irailaren amaierara arte», adierazi dute egitasmoaren arduradunek.

Kontzertuak, antzerkia, topaketak, elektro-saioak, dantza garaikidea, moda…  eskaintza oparoa da. «Osoa eta kalitatezkoa da, eta, gainera, berrikuntzak ere baditu, hala nola Kutxa Kultur Musika 2021 banden aurkezpen-kontzertuak, Dock of The Bay jaialdiaren eskutik irrati eta dock live saioak, zinema-saioak…», esan dute.

Aire zabalean gozatzeko pentsatutako proposamena da, baina, eguraldia lagun ez bada, Kutxa Kultur Plazara eramango da. Ia 60 ekitaldi iragarri dituzte. Hasiera larunbat honetan emango zaio J. Largo-rekin. Kutxa Kultur Musika 2021 programan dagoen talde honek zuzenean aurkeztuko du bere hurrengo lana ‘Pilas’ ft. Eazy-G Lap Mobb osoarekin eta artista gonbidatuekin izango da kontzertuan. «Estatu Batuetako Hip-Hop eta Trap soinuen eraginpean, bere funts artistikoa garatu du dotoretasun frantsesari lotutako estetikarekin. Barrak eta melodiak», adierazi dute.

Programazio guztia webgunean argitaratuko da, baita sarrerak saltzeko estekak ere. Ekitaldien prezioak 3 euro eta 15 euro artekoak dira, programazioaren arabera. Sarrerak online (aukera gomendatua) eskuratu ahal izango dira, edo leihatilan (ekitaldia baino ordubete lehenago Tabakalerako informazio-gunean, betiere online salmentan agortu ez badira).

Kutxa Kultur Gauak programak sartzeko arau eta segurtasun-neurri batzuk ezarri ditu bertaratzen direnek programazioaz bete-betean gozatu ahal izan dezaten. Hitzorduak 19.00etatik aurrera izango dira ekainean (programan kontsulta daitekeen salbuespenen batekin); eta edukiera mugatua izango da; ekitaldira sartzea pixkanaka egingo da jende-pilaketak saihesteko (ezinbestekoa da txartelean adierazitako orduan joatea ekitaldi-eremura).

«Kutxa Kultur-etik #KulturaSegurua-ren alde egiten dugu, eta, beraz, COVID protokoloak ezarritako jarraibideei jarraituko diegu beti», esan dute.

Kutxa Kultur Gauak programa, besteak beste, Jazzaldiaren, Donostiako Musika Hamabostaldiaren, Euskadiko Filmategiaren, EQZEren eta Tabakaleraren laguntzarekin egiten da.

Kokapena

Tabakalera
Andre Zigarrogileen Plaza, 1
Donostia. Gipuzkoa