Lekeitioko Euskal Zine Bilera ate joka dator

Data

21.11.20 - 21.11.28

Lekua

Bizkaia - Lekeitio

Jaialdiko sariak, zain. (NAIZ)

Euskal Zine Bilera euskara hutsez egiten den ikus entzunezko jaialdi zaharrena da Euskal Herrian. Hiru lan ardatz ditu Lekeitioko jaialdiak: euskarazko zinema sortu, partekatu eta saretzea.

Aurtengo edizioak eduki guztiak berriro ere zine aretora eramango ditu azaroaren 20tik 28ra ospatuko den jaialdian. «Zine aretoetako ateak irekita daude berriz ere. Zine zaleak pantaila handiaz gozatu dezakete eta Euskal Zine Bilera ere horren parte izango da», diote.

Lekeitioko Euskal Zine Bilerak bere ohiko egitura berreskuratuko du baina iazko esperientziatik edukiak online jarraitzeko aukera ere emango du. «Iazko urtea ezohikoa izan zen arlo guztietan eta jaialdia online formatura aldatzera behartu zuen. Erabaki horrek aukera berriak azaleratu zituen. 44. edizio honetan zine aretoa bete nahi dugu berriro baina hurbildu ezin direnak ahaztu gabe, hauei zinebilera.eus orrialdearen bidez edukiak eskainiz. Hori bai, jaialdiaren atal guzti guztiez gozatu ahal izateko aukera bakarra Ikusgarri zinera hurbiltzea izango da, honek izango baitu lehentasun osoa», azaldu dute.

Jaialdiaren atal esanguratsuenak online ere jarraitu ahalko dira. Film laburren lehiaketa edota solasaldiak pantailaren bidez ikusi ahalko dira, mugikorrean, ordenagailuan edo telebistan. Euskal Zine Bileraren webguneak jaialdiaren informazio guztia bilduko du leku berean eta jarraipena egiteko aukera emango du. «Zalantzarik gabe gure web orrialdea euskarazko zinemaren erakusleihoa bilakatuko da jaialdia ospatzen den egunetan», esan dute.

Hiru alor

‘Sortu’ atalean zinemaren esperimentazio eta alfabetizazioarekin lotutako ekimenak antolatu dituzte lekeitiarrek. «Alde batetik, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean egiten den Kameratoia izango dugu. Gazteentzako euskarazko ikus-entzunezko rally honetan izena ematen duten taldeek, ordu gutxi batzuk besterik ez dituzte izango film labur bat egiteko. Bestetik, Benito Ansola saria izango dugu, beka honen bidez euskarazko zinema indartzeko ahalegina egingo da, proiektuen lehiaketa bultzatu eta aukeratukoari finantzaketa laguntza eskainiz. Zoom atalean, Arropaineko Arragua eta Zinelab-en laguntzarekin sortutako Marangoni lantegia aurkeztuko da», kontatu dute.

‘Partekatu’ atalean zinemaren arlo ezberdinak elkarbanatzeko xedea duten espazioak azaltzen dira. «Alde batetik, aurre aukeratuak izan diren 20 lanek osatuko duten Sail ofizialeko lehiaketa izango dugu. Film horiek zeintzuk diren jakin nahi? Hauen inguruko informazio guztia zinebilera.eus orrialdean aurkituko duzue. Irabazleak aukeratzearen arduradunak Ane Pikaza, Iratxe Fresneda eta Izaskun Arandia izango dira. Beste aldetik, Euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz sortutako Euskal Zinemaren Begirada izango dugu. Nork eramango du? Hori ezagutzeko oraindik aste batzuk itxaron beharko ditugu», esan dute.

Azkenik, ‘Saretu’ atalean euskal ikus-entzunezkoen sortzaile eta erakundeekin jarriko dira harremanetan. (H)emen elkartearekin batera, euskal zinemagintzaren egoera eta ezinegonak partekatzeko solasaldia antolatuko da. «Era berean, iaz estreinatutako Pantaila Irekia espazioan, ikus-entzunezko beste jaialdi eta egitasmoei leiho bat irekiko diegu, aurten Animadeba jaialdia izango da gonbidatua. Bestalde, iraganetik datozen irudi eta soinuak biltzea helburu duen Atzo8 atalean euskal zinema amateurrari buruz abian dugun ikerketarekin jarraituz, zinemagileei eta haien filmei buruzko saioak antolatuko dira. Aurten Tramana Pictures ekoiztetxea sortu zuten lekeitiar/lagun/zinemagile taldeari eskainiko zaio atal hau. Azkenik, Hazparneko Zinegin Festibalarekin lankidetza jarraituko da, aukeratutako film baten ikustaldia eta solasaldia eginez», azaldu dute.

Kokapena

Ikusgarri Aretoa
Otxoa Urkiza Kalea
Lekeitio. Bizkaia