Literatura, bertsolaritza eta musika, ‘Opeileko erlea’ ikuskizunean

Data

21.03.28

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Unai Elorriagak idatzi du ikuskizuna. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Unai Elorriaga, Fernando Velazquez, Oihana Iguaran, Jone Uria eta Joseba Santxo igoko dira agertoki gainera ‘Opeileko erlea’ ikuskizunean. Literatura, bertsolaritza eta musika, elkar harilkatuta, aurkituko ditugu Loraldia jaialdirako propio ekoitzitako lanean.

Beste behin, etorkizuna izango du jomugan jaialdiak amaieran. «Aurreko sei esperientzietan bezala, idazle bati jarri diogu erronka eta Unai Elorriagak onartu du sormen berri honen ardura. Berriro ere, zazpigarren aldiz, literatura, bertsolaritza eta musika elkartuko dira geroaren bidean», azaldu dute Loraldia jaialdiaren arduradunek.

Berezia izan da Elorriagarentzat sormen hau lan hau, enkarguzkoa izanik. «Zugandik ateratzen ez diren gauzak ateratzen dira. Ez dut sekula etorkizunaz idatzi eta ez neukan asmorik. Hasieran beldurra sentitzen duzu, ez dakizu nondik jo. Baina gero uste baino erosoago sentitu naiz eta emaitza dotorea delakoan nago, oso gustura geratu naiz testuarekin. Orain, noski, ikusi behar da publikoak nola hartzen duen».

Bikote bat eta euren semea ditu protagonistak ipuinak. Isolatuta bizi da gizona eta bisitan doaz besteak. Etorkizuna milaka milioi pertsonarekin, oso betea irudikatzen dut nik. Aipatzen dudan ideietariko bat da oso zaila izango dela pertsona batentzat bakarrik etxea izatea».

Irakurri ala entzun. Bi erregistro. «Idazte prozesuan atzera-aurrera ibil zaitezke eta ez dago hainbesteko larritasunik. Ahoz kontatzerakoan, hasteko, ondo irakurri behar duzu, entonazio egokiarekin eta erritmoa ere dotore eramanez. Eta horri gehitzen zaio testuan sartu ditudan hausnarketak jendeak ondo ulertzea eta bere hausnarketa propioa egitea».

Erronka moduan hartu du getxoztarrak. «Literatura, musika eta bertsoa uztartzea oso erakargarria iruditu zitzaidan ideia planteatu zidatenean», dio.

Literatura. 5540. urtera egin du salto Elorriagak eta berarekin garamatza gu ere. «Oso urruna izatea nahi nuen. Beti dago arriskua, ‘1984’ idatzi zuen Georges Orwellek eta azkenean bertan dago. Eta gauza batzuk bete direla ikusi dugu. Nik narrazio honetan landu dudana badakit –hilezkortasunaren gaia– ez nik ez ikuskizunera doazenek ez dugula ikusiko. Ala bai, auskalo! Ikusiko dugu nik testuan diodana betetzen den». [barrea].

Bertsoa. Bi bertsolari arituko dira zuzenean, Jone Uria eta Oihana Iguaran. Joseba Santxok gidatuko ditu inprobisazioak. Uria eta Iguaranekin estreinu egunean elkartuko da lehen aldiz. Bapateko sormena. «Polita izango da, ederra», gaineratu du. 

Bertsotan aritua da gaztetan eta gertutik jarraitzen du bertsogintza. «Ikaragarri gustatzen zait, gaur egun ikaragarri oso bertsolari onak daude. Testua asko lantzen dut, behin eta berriz errepasatu, eta bertsolariek emango dio testuari beste ikuspuntua eta beste bizitasuna».

Musika. Eta sormen lanari Fernando Velazquezek jarriko dio soinu banda. Partitura berri bat idatzi du, etorkizuna ardatz duen disziplina arteko ikuskizunari begira. «Musika beti da zoragarria, guztia biribiltzen duena. Edozein ikuskizun borobilagoa egiten da musikarekin».

Velazquez eta Santxorekin bai, harremanetan izan da distantzian bada ere. «Ezagutzen ditut, ondo ulertzen du elkar eta horrek lasaitasuna ematen dit», esan du.

Irrikitan dago publikoaren erantzuna jakiteko, «aurpegiak bertatik bertara ikusteko». Izan ere, Elorriaga da taldeko bakarra bakardadean sortu eta hartzaileekin harreman zuzenik ez duena. «Niretzat berria da. Nire literatur produkzioa etxean egiten dut, handik argitaletxera doa eta nik ez dakit irakurleak ze aurpegi jartzen duen irakurtzean. Ederra izango da, irakurri ahala burua altxatuko dut lantzean behin, ze harrera egiten dioten ikusteko. Horrekin irudikatu dezaket nire testuak bakardadean nola irakurtzen dituzten», kontatu du.

Aurrera begira, Elorriagak nahiko luke emanaldi gehiago egitea eta bertsolari gehiagok parte hartzea. «Beharbada ikuskizun erabat desberdinak aterako dira...», dio.

Kokapena

Guggenheim Museoa
Abandoibarra, 2
Bilbo. Bizkaia