Literatura eta Musika Euskaraz zikloa Arriaga Antzokiko foyerrera bueltan

Data

21.11.29 - 22.01.17

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Trizak zikloan arituko da. (NAIZ)

Literatura eta Musika Euskaraz zikloa Arriaga Antzokiko foyerrera itzuliko da eta bost ikuskizun eskainiko ditu denboraldi honetan. Foyerrera itzuliko da, gainera. Bertan egiten zen joan den urtera arte baina covid-ak hala behartuta agertokira eraman ziren.

«Foyerrera itzultzeak, zalantzarik gabe, mesede egiten dio ziklo honetan aurkezten diren proposamenen giro bereziari, erosoagoa eta intimistagoa izango baita. Ikuskizunen estiloarengatik eta/edo ezaugarriengatik ere aproposagoa da Arriaga Antzokiko espazio eder hau», adierazi dute Antzokitik.

Lehenengo emanaldia azaroaren 29an izango da. Harkaitz Canok ahotsa jarriko die Raymond Carver poetaren testuei, Trizak hirukote musikalak lagunduta. Hasier Oleagak (bateria), Julen Izarrak (saxoa) eta Jon Pirisek (kontrabaxua) Canoren irakurketa eta interpretazioa girotuko dituzte. Canok euskaratu ditu Carverren poemak, eguneroko bizitzako zirrikitu gordinenei txinparta poetikoak ateratzeko gaitasuna gure hizkuntzan erreproduzituz. Ikuskizuna, Zerbait gertatzera doa edozein unetan izenekoa, Arriaga Antzokian estreinatuko da.

2021eko bigarren eta azken hitzordua Oskarbi taldearen kontzertua izango da. Euskal taldeak bere ibilbidearekin jarraitzen du (1966-2021) eta bere hamabigarren diskoa ezagutzera emango du: ‘Kantua zueri’. Lan honetan, musika eta ahots harmonia zainduak uztartzeko maisutasuna erakusten dute berriro, eta horrek, zuzenean eta foyerraren hurbiltasunean, ikusleak hunkituko ditu, zalantzarik gabe.

2022ko urtarrilaren 17an iritsiko da zikloaren hirugarren emanaldia. Shakespeareren sonetoak euskaraz entzungo dira ‘Oro aski ez’ izeneko errezitaldian. Olatz Prat abeslariaren eta Joxan Goikoetxea instrumentistaren eskutik izango da, oraingoan pianoan eta akordeoian; eta bera arduratu da ere musika moldaketez. Biekin batera, bere ahotsa batuz eta gitarrarekin lagunduz, Iosune Marín abeslaria egongo da.

Otsailaren 22an, Katixa Agirre eta Maite Larburu elkarrekin arituko dira errezitaldi batean, eta kantuen eta ipuinen artean, letren eta abestien artean, biak ere bi diziplinen artean mugituko dira. Ikuskizunaren izenburua ‘Kax-Kax-Kax!’ da, eta honako premisa hau izango du abiapuntu: bizitza, funtsean, irekitzen diren edo irekitzen ez diren ateen joko bat da, zeharkatzera ausartzen gara edo ez, eta ikusleei ere gonbidapena egingo diete: sartzeko… edo, agian, kanpoan geratzeko, badaezpada ere. «Agirreren eta Larbururen asmamena ezagututa, proposamena interesgarria izango dela espero dezakegu», diote Arriagatik.

Azkenik, Literatura eta Musika Euskaraz zikloak bosgarren emanaldi bat eskainiko du, Esti eta Mikel Markezena. ‘Azal berritzen’ diskoa aurkeztuko dute.

Arriaga Antzokiak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak bultzatutako zikloa da. Sarrerak salgai daude webgunean eta antzokiko txarteldegietan. Ikuskizun horietako edozeinetarako sarreren prezio bakarra 15 eurokoa izango da.

Kokapena

Arriaga Antzokia
Arriaga Plaza
Bilbo. Bizkaia