Literatura eta ondarea eskutik helduta Euskal Herria Museoan

Data

21.02.18 - 21.06.17

Lekua

Bizkaia - Gernika-Lumo

Literatura eta ondarea jardunaldiak. (NAIZ)

Euskal Herria Museoak euskarazko hainbat literatur lani buruz eztabaidatzeko eta obra horiek irakurtzeko topaketak antolatu ditu, hala nola, Kirmen Uriberen ‘Bilbao-NY-Bilbao’; Toti Martinez de Lezearen ‘Urak dakarrena’; Miren Agur Meaberen ‘Nola gorde errautsa kolkoan’; Bernardo Atxagaren ‘Markak’; Edorta Jimenezek zuzenduko duen Martha Gellhornen ‘Pazkoa aurreko gaua’ eta Julen Belamunoren ‘Hotz industriala–Ahaztutako pintoreak’.

Euskarazko literaturako lanen zatien bidez Gernikako Euskal Herria Museoak hileroko jarduera bat aurkeztu du. «Beti elkarri lotuta egon diren bi elementu batzen ditue: literatura eta ondarea. Testuetan landutako gaiei buruzko eztabaida interesgarriak sortzeaz gain dinamika honek euskarazko irakurzaletasuna bultzatu nahi du. Ondarea beti izan da idazle eta artisten inspirazio-iturri garrantzitsua. Euskarazko literatura oso lotuta dago Euskal Herriko historia, ohitura, sinesmen, leku eta jendearekin», adierazi dute antolatzaileek.

Hala, museoak literatura eta ondarea programarekin egungo testuinguruari buruz hausnartzera gonbidatzen ditu interesa duten pertsonak «kultura inoiz baino beharrezkoagoa den garai honetan».

Literatura eta Ondarea programa otsailaren 18an hasiko da, Kirmen Uriberen ‘Bilbao-NY-Bilbao’ irakurrita; martxoaren 11n Toti Martinez de Lezearen ‘Urak dakarrena’ obraren txanda izango da, eta hilaren 25ean Miren Agur Meaberen ‘Nola gorde errautsa kolkoan’ obrarena; apirilaren 22an obra hautatua Bernardo Atxagaren ‘Markak’ da, eta maiatzaren 22an Martha Gellhornen ‘Pazkoa aurreko gaua’ lana izango da protagonista, kasu honetan Edorta Jimenezek komentatuta eta dinamizatuta. Azkenik, ekainaren 17an, Julen Belamunoren ‘Hotz industriala- Ahaztutako pintoreak’ lanak itxiko du zikloa.

Saioak, hilero eta aurrez aurre egingo dira. Ekimenean parte hartuko dutenek euskarazko testu-sorta batean oinarrituz landuko dute eztabaidarako aukeratutako gaia. Gainera, kasu berezietan, lanen egileek topaketan parte hartuko dute, hitzaldi txiki batekin eta ondorengo solasaldiarekin. Hori da Toti Martinez de Lezea, Miren Agur Meabe, Edorta Jimenez eta Julen Belamunoren kasua.

Topaketak arratsaldeko 17.30etan izango dira eta bertara joateko aldez aurretik hitzordua hartu behar da hil bakoitzaren hasieran 946 255 451 telefonora deituz edo euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbidera idatziz.

Kokapena

Euskal Herria Museoa
Allende Salazar Kalea, 5
Gernika-Lumo. Bizkaia