Martin Ugalderen bizitza eta lana biltzen duen erakusketa, Koldo Mitxelenan

Data

21.07.07 - 21.08.27

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Eraskusketaren irudia. (Raul BOGAJO | FOKU)

Martin Ugalde jaio zela 100 urte beteko dira datorren azaroaren 11n, eta idazle eta kazetaria gogoratzeko abian dira hainbat ekimen. Aipagarria da Martin Ugalderen bizitza eta bere ekarpena bilduko dituen erakusketa. Hondarribiako Arma plazan egon da uztailaren 4a bitartean. Eta orain Donostiako Koldo Mitxelenan zabaldu ditu ateak, uztailaren 7tik abuztuaren 27ra.

Erakusketak lau atal nagusi ditu. Batetik, sei ataletan banatu diren paneletan, bere bizitza eta obra ezagutuko ditu bisitariak hainbat argazkiz lagunduta. Ugalderen biografia; bere ekarpena politikan, literaturgintzan zein kazetaritzan; Martin Ugalde eta bere izena daraman Andoaingo parkea eta Ugalde euskaltzalea.

Horrez gain, bitrina batean Andoaingo udalak bere funtsetik utzitako zenbait elementu ikus daitezke: Ugaldek eskuratutako sarien diplomak, berak elkarrizketak egiteko erabiltzen zuen grabagailua…

Proiekzioa izango da uneoro ikusgai eta entzungai aretoko panel batean. Bertan, ETBk 1992. urteko ‘Ispiluan’ saioa ikusi ahal izango da. Ugaldek, bere azken urtetan, bere bizitzaz eta lanaz hitz egiten du bertan.

Azkenik, mahai batean Ugaldek bai kazetaritza, bai literatur alorrean idatzitako hainbat liburu jarri dira ikusgai. Familiak utzitako liburuak dira.

Ugalderen seme alabak pozik agertu ziren ekimenarekin Hondarribian egindak aurkezpenean. «Gure aitak egindako lanaren zati handi bat ongi jasotzen da erakusketan, eta Hondarribian egitea guretzat garrantzitsua da. Oso eskertuak gaude eta erakusketaz gozatzera gonbidatu nahi genituzke herritarrak baita Hondarribira datozenak ere», adierazi zuten.

Ondoren Andoainen ikus ahal izango da, azaroaren 5etik abenduaren 4ra, Bastero Kulturgunean. Ondoren, panelak Martin Ugalde kultur parkean geratuko dira jendaurrean.

Hitzaldi zikloa ere iragarri da. Urrian zehar, hainbat hitzaldi antolatuko dira, Martin Ugalde eta haren lana aztertu eta gizarteratzeko asmoz: literaturan, kazetaritzan, politikan eta ‘Euskaldunon Egunkaria’n Ugaldek egindako ibilbidea eta haren ekarpena. «Itxi gabe dago, baina jadanik hitzartuta ditugu honako hizlari hauek: Larraitz Ariznabarreta, Nerea Azurmendi, Anjel Lertxundi eta Iñaki Uria», kontatu dute.

Zinemak ere izango du bere tokia ekitaldietan. «Jakina da Ugalde kazetari handia izan zela. Esaten da erreportajeak egiteko eta elkarrizketarako dohain berezia zuela. Hain zuzen ere Lezo Urreiztietari egin zion elkarrizketan oinarrituta egindako filma da ‘Jainkoak ez dit barkatzen’, Josu Martinezek zuzendua. Andoaingo Bastero Kulturgunean proiekzio berezia egingo da azaroaren hasieran. Filmaren ondoren, zuzendariarekin solasaldia ere antolatuko da», azaldu dute.

Ugalderen lan publikoaren digitalizazioa eta sareratzea ere iragarri dute. «Dudarik gabe, hauxe da mendeurrenak egingo duen ekarpenik handiena. Martin ugalderen lanaren parterik handiena duela urte batzuk Jakinek digitalizatu zuen. Digitalizazio hartatik abiatuta, osatu eta txukundu egingo da eta webgune batean jarriko dira bere lan argitaratu guztiak», kontatu dute.

Ugalderen lan guztia bilduta eta sarean egongo da, kontsultatu nahi duen edonoren eskura. Liburu (47), liburu zati (50) eta artikuluen (1500) artean 1.600 lanetik gora dira, eta 120 lan inguru gaurdaino identifikatuta berari buruzkoetan. «Datu horiekin has gaitezke tamaina hartzen Ugaldek egin zuen lanaz, utzi digun ekarpenaz», azpimarratu dute.

Ugalderen lan baten irakurketa jarraitua ere egingo da. Azaroaren 11n haren izena daraman Andoaingo parkean, bere lan baten irakurketa jarraitua egingo da. Goizetik hasi eta testua bukatu arte hamarnaka lagun pasako dira, zatika-zatika testua irakurtzen. «Egun hori bera baliatuko dugu Ugalderen lan publiko digitalizatuta zabaltzeko», diote.

2015etik, bi urtean behin, Martin Ugalde beka deitu izan da. 2019ko beka jaso zutenek entregatu berri dute haien lanaren emaitza, eta udazkenean ekitaldia antolatuko da hura aurkezteko.

Martin Ugalde ipuin sariketa antolatzen du urtero Andoaingo Udalak. Aurten ere antolatuko da, eta gainera indartuta egingo da, Leihaketak 25 urte betetzen baititu. Lehiaketaren deialdia eta informazio zehatza udalak berak zabalduko ditu. Sari banaketa azaroak 10ean izango da.

Kokapena

Koldo Mitxelena Kulturunea
Urdaneta, 9
Donostia. Gipuzkoa