Mikel Laboaren unibertsoa, Tabakaleraren erakusketaren abiapuntu

Data

21.05.28 - 21.08.29

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Zumetaren ‘Gernika’, iragana eta abangoardia. (Andoni CANELLADA /FOKU)

Mikel Laboaren unibertsoa hartu du abiapuntu Donostiako Tabakalerak ‘Komunikazio-inkomunikazio’ erakusketan. Lluis Llachekin batera 1977an Laboak eman zuen kontzertuaren izena maileguz hartuta, abuztuaren 29ra arte ikusgai egongo den laginean herri-kultura eta abangoardiaren arteko ibilbidea proposatzen zaigu hainbat diziplinen bitartez.

«Sustraiak bilatzea, inguru-miru ibiltzeko modu bat da». José Bergaminen esaldi honek ezin baino hobeago azalduko luke zer motako paradoxekin jokatu zuen Mikel Laboak (1934-2008) bere ‘lekeitioak’ sortu zituenean. Eta logikarik at dirudien logikari helduz antolatu du Donostiako Tabakalera zentroak bere erakusketa berria, hain justu Laboaren kanta esperimentaletatik abiatzen dena.

Bergaminen esaldi honi heldu dio Oier Etxeberriak, erakusketaren komisarioak,   ‘Komunikazio-inkomunikazio’ honen berri ematean. Laboaren figura eta lana baitira abuztuaren 29a bitartean erakusketa-aretoan eta Lau Pareta aretoan ikusgai egongo diren lanen abiapuntua.

Mikel Laboa XX. mendearen amaierako euskal kantautore garrantzitsuenetakoa eta euskal kulturaren figura karismatiko eta maitatuenetako bat izan zen. Hori ez du inork zalantzan jartzen. Oier Etxeberriak osatu duen proposamen honetan, aztergai jartzen dira herri-kulturaren eta sorkuntza esperimentalaren kontzeptuen arteko harremana, edo errotze-adierazpenaren eta nazioarteko abangoardiaren artekoa. Kontzeptu horien artean joan-etorriko zubiak ezarri baitzituen Mikel Laboa berak, eta horiexek dira bere musika-ekoizpenaren ardatz.

Horretarako Laboaren ‘Lekeitioak’ hartu dituzte abiapuntu, ahots-jokoek, oihuek, ohiko soinuek eta onomatopeiek osatutako abesti esperimentalak. Horiekin Laboak lengoaia propio eta ezberdina sortu zuen. ‘Komunikazio-inkomunikazio’ izenburu iradokitzailearen pean –Laboak izenburu bera jarri zion 1977an Lluis Llachekin batera emandako kontzertu batean estreinatu zuen aurkezpen apurtzaileari–, erakusketak ibilbide bat proposatzen du, artxibo eta dokumentu historikoetatik hasi eta obra historiko eta garaikideetaraino, Tabakalerak bultzatutako ekoizpen berriak tarteko.

Esaterako, erakusketa honetan ikusgai izango dira Asier Mendizabal, Kimia Kamvari & Nader Koochaki, Amaia Urra, Maria Salgado & Fran MM Cabeza de Vaca eta Zbyněk Baladránen sorkuntza berriak, beste artista batzuen lan historikoekin batera: Remigio Mendiburu, Vicente Ameztoy, Francisco de Goyaren ‘Caprichos’ lanetako bat, Jose Luis Zumetaren ‘Gernika’ eta JoxAnton Artzeren artxiboak.

Tabakalerako lehenengo solairuan, erakusketa-aretoak ‘Komunikazio’ eta ‘Inkomunikazio’ atalak hartzen ditu bere bi aldeetan, ‘Lekeitioak’ lanaren forma begirada garaikide baten eta hainbat lenteren bidez berrikustea proposatzen duen ibilbide batean.

Aretoaren beste aldean aurkezten diren lanek soinu-arloan gauzatutako garapen teknologikoaren, gerraren eta bi prozesuek giza komunikazioaren garapena zehazten duten moduen arteko loturak azpimarratzen dituzte.

Azkenik, Lau Pareta aretoan ‘Lekeitioak-Antigonak’ lana dago. Bertan, Donostiako kultur-giroa markatu zuen ekitaldi bat aipatzen da: New Yorkeko The Living Theatre taldeak Brechten ‘Antigona’ lanarekin egin zuen emanaldia. Gertakari honek ‘Lekeitioak’ lanaren dimentsio tragikoa esploratzeko balio du, Bertolt Brechten figurak garrantzia berezia hartzen duen areto batean.

Erakusketa-aretoaren eta Lau Pareta aretoaren ordutegia hauxe izango da: asteartetik igandera,  12.00-14.00 / 16.00-20.00. Astelehenetan itxita.

Bestalde, Maialen Lujanbiok, Xabier Erkiziak eta Itxaro Bordak azken 50 urteotan Euskal Herriaren testuinguruan ahotsaren praktika hedatzeko garrantzitsuak izan diren hainbat artistaren pieza musikalak bildu ditu playlist batean. Besteak beste, Esther Ferrer, JoxAnton Artze, Itxaro Borda, Loty Negarti, Mursego, Alex Mendizabal eta Ibon RG artisten lanak izango dira entzungai, erakusketaren sarrerako hallean egongo den instalazioan.

Erakusketaren inguruko programa publikoa ekainean hasiko da, Itxaro Bordaren eta Kiko Cavaliéren ‘Musika dena eta eszena’ programako Orbelen intziriak izenburuko saioarekin.

Jarraian, uztailaren 7tik 10erako astean, Ezbaikaria egingo da, San Telmo Museoarekin elkarlanean garatutako mintegia, Mikel Laboaren unibertsoaren inguruko ikerketa lerroak elkartu nahi dituena. Hitzaldiak San Telmo Museoan eta Tabakaleran egingo dira, eta Iñaki Segurola, Beñat Muguruza, Marta Boccos Garcia, Elixabete Ansa Goikoetxea, Hugo Savino, Germán Labrador, Olatz Otalora, Esther Leslie eta Jon Mantzisidor izango dira hizlariak.

Era berean, udako hilabeteetan eta Donostiako Musika Hamabostaldiarekin elkarlanean, ‘Lekeitioak’ entzuteko aukera izango dugu Tabakalerako zinema-aretoan, hainbat gonbidaturen eskutik: Garazi Navas, Marie Cosnay, Mohamed Bouljal eta Pedro G. Romero. Entzunaldiak bost saiotan egingo dira, ostegunetan, uztaila eta abuztua bitartean.

Arte garaikidera hurbiltzeko arte-makina ikastaroa, bisita elkarrizketatuak, familientzako arte tailerrak eta Oreka Tx taldeak eta Jad Atouik emango duten saioak osatuko dute ‘Komunikazio-inkomunikazio’ erakusketaren jarduera programa.

 

Kokapena

TABAKALERA
Plaza de las cigarreras 1
Donostia. Gipuzkoa