Nafarroako bertso plaza martxan jarriko du Zapla! egitasmoak

Data

21.04.23 - 21.05.15

Lekua

Nafarroa - Lizarra

Bertso zikloaren kartela. (NAIZ)

Txapelketarik ez den honetan, Nafarroako bertso plaza aktibatu eta sustatu asmoz, Zapla! egitasmoa jarri du abian Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Herrialdeko zazpi herritan, apirilaren 23tik maiatzaren 15era bitarte iragarri dira saioak.

Izurriak erabat astindu du kulturgintzaren sektorea, eta bertsolaritza ez da salbuespen izan. 2020an zehar, Nafarroan, ehun bertso saio inguru egin ziren, normalean 200 baino gehiago izaten direnean urtean. «Osasun egoerak, gainera, erabat desagerrarazi ditu bertsolaritzaren adierazpen informalenak, otorduen bueltan egindako saioak, kasurako. Eta egoeraren ondorioz, bertsolaritzaren gailur eta erakusleiho den Nafarroako Bertsolari Txapelketa ere atzeratu behar izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak, txapelketaren berezko ezaugarriak –bertsolarientzako aukera berdintasuna, aretoen arteko oreka, epaimahai bera saioetan…– bermatzeko zailtasunen ondorioz. Pandemiaren bilakaeraren arabera finkatuko dira txapelketarako data berriak», adierazi dute antolatzaileek.

Kultura segurua dela azpimarratu nahi du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. «Txapelketaren berezitasunak bermatzea zaila da egungo egoeran, baina aukera badago bestelako saio asko antolatzeko. Osasuna bermatu eta bertso saioak antolatzea ez dira bi gauza kontrajarri, eta arlo horretan, eredu izateko prest dago Nafarroako Bertsozale Elkartea, saioak kalitatez eta aldi berean segurtasunez antolatu daitezkeela erakutsiz», diote.

Txapelketak agintzen duen saio/egitura zurrunetik harago, bestelako saio mota, gai, ariketa moldeekin esperimentatzeko aukera ere baliatu nahi du Zapla! ekimenak.

Zazpi bertso saioz osatutako zikloa da. Saio bakoitzean bertsolari ezberdinek hartuko dute parte. Ekitaldi bakoitzak, gainera, izaera propioa izango du, besteengandik ezberdina. «Hain justu, gorago aipatu bezala, hori da egitasmoaren helburuetako bat: bertso saioen diseinuan berritu eta esperimentatzea, ohikotik harago egon daitezkeen ariketa, gai eta saio motak proposatuz. Era berean, bertsolaritzaren aniztasuna ere islatu nahi du egitasmoak, kultur adierazpen horren barruan egon daitezkeen saio mota ezberdinak bilduz».

Lizarran izango da lehen saioa apirilak 23an Los Llanos Kulturgunean. Ekain Alegre, Erika Lagoma, Julio Soto, Oier Lakuntza eta Sarai Robles izango dira bertso jaialdian. Alaitz Rekondo arituko da gai-jartzaile. Sarrerak hemen.

Berako Kultur Etxean da hitzordua hurrengo egunean. Alazne Untxalo, Ander Fuentes ‘Itturri’, Ekhiñe Zapiain eta Xabier Terreros ‘Terre’ arituko dira bertsotan Maddi Ane Txoperenanaren esanetara. Eneko Aizpuruaren ‘Bidasoan gora’ (Elkar, 2020) liburuan oinarrituko da saioa.

Irurtzungo Kultur Etxean du egitasmoak hirugarren geldialdia apirilaren 30ean. ‘Zentzumenei bertsotan’ arituko dira Iker Gorosterrazu, Irati Majuelo eta Sustrai Colina. Maialen Belarrak hartu du gaiak jartzearen ardura.

Zizur Nagusiko Kultur Etxera egingo du jauzi zikloak maiatzaren 2an. Beñat Astiz, Idoia Granizo eta Miel Mari Elosegi ‘Luze’, Saioa Alkaiza eta Xabat Illarregi arituko dira bertso traman. Ander Aranburuk beteko du gai-jartzaile papera.

Antsoaingo antzokian da hitzordua maiatzaren 8an. Kopla saioa izango da Ainara Ieregi,  Endika Legarra, Joana Ziganda, Josu Sanjurjo, Mikel Lasarte eta Saats Karasatorrerekin. Gai-jartzailea, Zigor Gartzia ‘Zian’.

Agoitzeko Kultur Etxean maiatzaren 9an bertso jaialdia iragarri da Aitor Irastortza, Eneko Fernandez, Joanes Illarregi, Mintxo Astiz eta Patxi Castillorekin. Gai-jartzailea Ainhoa Larretxea izango da.

Arantzako aterpean emango zaio bukaera zikloari. Maiatzaren 15ean, 14.00etan izango da bertso bazkaria. Mahaiaren bueltan, Eneko Lazkoz eta Julen Zelaieta.

Lizarrako saiorako izan ezik, gainontzeko saioetarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke martxoaren 29tik aurrera, 7 eta 8 euro bitarteko prezioan (bertso bazkarikoak 30 eurotan). Saio denak 18.30ean dira, Arantzako bertso bazkaria salbu.


Kokapena

Los Llanos Kulturgunea
Los Llanos Pasealekua
Lizarra. Nafarroa