‘Naturaren Sekretua’ antzezlanak Gorbeialdeko basoetan murgilduko ditu ikusleak

Data

21.09.02 - 21.09.13

Lekua

Araba - Zigoitia

Panta Rhei konpainiako kideak ‘Naturaren Sekretua’ antzerkiaren aurkezpenean

Panta Rhei konpainiak Muruako (Zigoitia, Araba) basoa erabiliko du oholtza bezala ‘Naturaren Sekretua’ ikuskizunean. Bertan kantu, dantza, musika eta performance diziplinetako hamar artista baino gehiago ibiliko dira elkarlanean bizimodu naturalago eta jasangarriago baten defentsan.

Izan ere, ‘Naturaren Sekretua’-ko zuzendari artistikoa eta antzezlea den Idoia Ayestaranek aurreratu du «pixka bat performatiboa eta multidiziplinarra» izango dela eta ez duela genero zehatzik izango. Aldiz, «mugimendua eta espazioaren okupazioa» iradokiko ditu ikuskizunak.

Hortaz gain, Ayestaranek azaldu du antzezlanak ez duela testu askorik izango: «Momentu batzuetan narratzaile bat agertzen da, baina, testu gutxi dauka. Hitzak ez dira oso garrantzitsuak. Dena da irudia, giroa eta errespetu handi batekin egindako soinua». Hala ere, narratzaileak euskaraz hitz egingo du. Euskara guztiz ondo ulertzen ez duten horientzat, itzulpen txikiak eskainiko dituzte.

Ikusleak Muruako aparkalekuan elkartuko dira eta gero basorantz abiatuko dira taldean. Horregatik, gomendagarria da arropa eta zapata erosoak eramatea, basoan zehar bidaia bat egingo baitute. Hortaz, publikoa ez da era estatikoan toki zehatz batean eserita egongo. Mugimenduan egongo da, naturaren erdian, eta Ayestaranek esan du bidaia horren bitartez «giro miresgarri bat sortzea» bilatzen duela antzezlanak.

Publiko potentzialaren adin tarteari dagokionez, sei urtetik gorako haurrak arazorik gabe joan daitezkeen arren, publiko gazte eta nagusiago bateri dago zuzenduta ikuskizuna.

Antzerkiak naturarekiko errespetuaren alde egiten duen aldarri horren barruan, atrezzorako erabilitako materialek ingurumenarekiko mantentzen duten sintonia azpimarratu du Ayestaranek: «Ez dugu pintura kimikorik ezta plastikorik erabili. Arropak margotzeko erabili ditugun tinte guztiak naturalak dira». Bitxikeria bezala, ahuakate hezurrekin urre koloreko eta tonu berdeko tinteak eskuratu dituzte, erremolatxatik tonu lilak eta gorrixkak eta tipula azaletatik, aldiz, tonu horixkak.

Ordutegiak eta sarrerak

‘Naturaren Sekretua’ irailaren 2, 3, 4, 5, 9, 10, 11, 12 eta 13an egongo da ikusgai Muruako basoan. Irailaren 2koa aurrestreinaldia izango da, eta, bertan, bi emanaldi egingo dituzte bata goizeko 10.00etan eta bestea arratsaldeko 18.00 etan.

Gainerako egunetan, goizeko emanaldiak 10.00-11.30ak bitartean hasiko dira (egunez egun hasiera ordu desberdina izango dute emanaldiek) eta arratsaldeko saio guztiak 18.00etan izango dira, irailaren 11an izan ezik; egun horretan bigarren saioa 13.00etan izango baita. Irailaren 13an, azken egunean, emanaldi bakarra egongo da.

Sarrerei dagokienez, prezio desberdina izango dute pertsona kopuruaren arabera. Gero eta sarrera gehiago erosi, orduan eta merkeagoa izango da pertsonako. Hau da, pertsona bakarra joan ezkero sarreraren prezioa 15 eurokoa izango da.

Aldiz, bi pertsonarentzat sarrerak erosi ezkero 14 euroko prezioa izango dute ikusleko. Hiru sarrera erosi ezkero, bakoitzaren prezioa 13 eurokoa izango da eta lau sarrera edo gehiago erreserbatu ezkero 12 euroko salneurria izango du sarrera bakoitzak.

Kokapena

Muruako aparkalekua
PARKING MURUA Diseminados de Zigoitia Barreiatua, 01138, Araba
Zigoitia. Araba