Paul Caballerok bere ilustratzaile ibilbidea erakutsi du Aieten

Data

21.01.27 - 21.05.09

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Paul Caballeroren ilustrazioa. (NAIZ)

Paul Caballerok (Bilbo, 19881) bere ilustrazio ekoizpenari errepasoa egiten dion erakusketa jarri du Aieteko kultur etxean. Pozik agertu da. «Areto txikia izanik bilduma polita ikusten da», dio Caballerok.

Anitza da erakusketa, bere ibilbidearen ispilu. Argitalpenetan –komikiak eta liburuak–, telebistan zein muralgintzan aritu da. Lehenengo bitrinan bi proiektu hasten direnetik bukaera arteko prozesua ikusiko du bertatik bertara ikusleak. Zirriborroetatik hasi eta azken emaitzara arte. Komikiak, liburuak eta dokumentalak egin ditu Caballerok eta horien adibidea ere aurkituko dugu Aieten. Bruna, bere pertsonaia ezagunenetakoa ere zain dugu, lagun eskulturgile batek kartoiez egina. Baita oraindik argia ikusi ez duen beste pertsonaia bat ere. «Nire irudimenean sortzen dena euskarri fisikora nola pasatzen den erakusten dut bertan», kontatu du.

Bilboko saltoki tradizionalek ere euren txokoa dute. «Denbora pasa arren bizirik daude eta oso komertzio baliagarriak direlako irudikatu ditut». Azkenik, erakusketa osatuz, han-hemen biltzen dituen haritz-ostoak margotuz osatutako lanak jarri ditu, ingurukoek oparitzat jasotzen dituztenak.

Enkarguzko lanak eta proiektu pertsonalak uztartuz ari da. «Denborarekin, proiektu pertsonalak komertzial bilakatzea eta horietatik bizitzea da helburua; gakoa hori da eta horretan nabil», esan du.

Bilboko maskotak egiten ari da enkarguz. Eta Bilboko beste ekintzaile batzurekin animaziozko serie baten sorreran dabil buru-belarri. «Nik gidoia eta marrazkiak egin ditut. ’Pequeños genios’ izena du eta didaktikoa da, haurrei zuzendua, teknologia berrietara hain lotuta dauden garaiotan Fisika eta Kimika bezalako ikasgaien eta inbentoen garrantzia azpimarratuz geure burmuina osatzeko. Lehenengo kapitulua ia egina daukagu eta hasi gara ekoiztetxeei aurkezten. Aurrerago nahiko genuke liburu formatuan ere argitaratzea», esan du.

Proiekturik ez du falta. CMYK eskola ere sortu du Iñigo anaiarekin batera. Ilustrazio digitala irakasten diete belaunaldi berriei. «Ibilbide logikoa da, ni profesional bilakatu ondoren nire eskutik profesional berriak sortzea. Kanpora joan gabe Euskal Herrian ere ikasketak egiteko aukera eduki behar dugu. Norbait zalantzan badago animatuko nuke ilustrazioa ikastera».

Leioan Arte Ederrak ikasi ondoren Madrilera jo zuen lanera, «etxera itzuliko nintzenaren jakitun, beti ere»–. Hiru urte egin zituen han.

«Lan ugari dago hemen bertan, mugitu egin behar zara, hori bai», dio. Ez argitalpenetan bakarrik. Egindako lanen artean aipatzekoa da Portugaleteko zubiaren sarrerako muralak. «Oso lan bitxia da, nire lehenengo saiakera errealista izan zen», gogoratu du.

Lau urtez La2 telebista katean ‘Qué animal’ abereen dokumentalak egiten ere aritu zen. «Animaziozko lehen proiektua izan zen». «‘La canción de Bruna’ egitasmoarekin gozatu nuen gehien. Haurrei zuzenduta dago eta Alzheimerraren gaia landu genuen lagun batek eta biok».

Ilustrazioak gure herrian dituen aurreiritzien gainetik –haur literaturarekin lotzen du askok– bere zeregina definitzeko eskatu diogu. «Nire proiektu pertsonalen kasuan nire buruko txoriak harrapatzean aritzen naiz, eta enkarguzkoa denean bezeroaren buruko txoriak harrapatzen ditut; era fisiko eta errealean jartzen ditut, besteen nahiak lortzen ditut irudien bitartez». 

Sarrera doan da eta ordutegia honakoa: asteartetik ostiralera 16.00 etatik 20.30etara. Larunbatetan 10.00etatik 14.00etara eta 16.30etik 20.00etara. Igandetan: 10.00etatik 14.00etara. Aste Santuan: 10.00etatik 14.00etara. Astelehenetan eta jaiegunetan itxita. 

Kokapena

Aiete kultur etxea
Aiete Pasealekua, 63
Donostia. Gipuzkoa