‘Seeing Auschwitz’, iruditeria kolektiboa berrikusteko gonbidapena

Data

21.01.27 - 21.07.03

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Erakusketaren irudia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

‘Seeing Auschwitz’ erakusketak ateak zabalduko ditu Koldo Mitxelena kulturgunean asteazken honetan. Biharko egunez, duela 76 urte, sobietar soldaduek Auschwitz-Birkenauko nazien kontzentrazio eta desagertze eremua askatu zuten. Hura gogoan, Nazio Batuen Batzar Nagusiak ofizialki aldarrikatu zuen urtarrilaren 27a Holokaustoaren Biktimak oroitzeko Nazioarteko Eguna.

Erakusketa Musealia enpresa donostiarrak sortu du, Poloniako Auschwitz-Birkenauko Estatu Museoarekin lankidetzan eta Nazio Batuekin (NBE) eta Unescorekin elkartuta. Luis Ferreiro, Musealiako eta erakusketako zuzendariak honakoa adierazi du astearte honetan egindako aurkezpenean: «memoria, banakakoa zein kolektiboa, irudien bidez eraiki ohi da neurri handi batean. ‘Seeing Auschwitz’ erakusketa toki horren historia irudikari kolektiboan txertatzeko iturriak kritikoki aztertzeko gonbita da. Donostiarrak garen aldetik, berebiziko garrantzia du Koldo Mitxelenan proiektu hau erakusteak. Erakusketa oro bisitariarekin hitz egitea da, eta etxean, gure herrikideekin, egitea munduko beste edozein lekutan egitea baino bereziagoa da».

Harkaitz Millan, Kultura diputatuaren esanetan «erakusketa honek Europako historia hurbilean dagoen izua gogorarazten digu, eta totalitarismoaren aurrean erne egon behar dugula erakusten digu. Desmemoria ere arma bilakatu daiteke».

Auschwitz gizadiaren historian ezagutzen den sarraski esparru handiena izan zen. Eta, hala ere, Holokaustoaren sinbolo unibertsal honi buruz dugun irudi kolektiboa, gaur egun arte iraun duten bertan ateratako argazki gutxi batzuetatik sortu da.

Erretratu eta eszena horiek, gehienetan SS-ek berek ateratakoak, Auschwitzen egindako krimenen froga argiak dira. «Hala ere, aldi berean, desafio handia dakarkiote ikusleari; izan ere, horretaz jabetu ez arren, argazkilariaren ikuspegitik behatzen du historioa, ‘betaurreko’ nazien bitartez», nabarmendu dute antolatzaileek.

‘Seeing Auschwitz’ erakusketak irudi horien analisi kritikoa egitera gonbidatzen gaitu, «argazki bakoitzak benetan zer erakusten duen aztertzeko: ez soilik tokiari eta uneari buruz, baizik eta egileei, erretratuko pertsonei eta guri buruz, ikusle gisa, ere».

Erakusketak naziek isildu nahi izan zuten munduari begietara begiratzeko gonbidapena egiten dio bisitariari. Hain ezagunak ez diren irudiak ere ezagutuko ditugu bertan. Horrez gain, bizirik atera direnen lekukotzak, presoen eta borreroen marrazkiak eta erretratuak jasotzen dituen bideo bat ere ikusiko du bisitariak. Gipuzkoako lurraldearekiko lotura ere ikus daiteke bertan, deportatuetako batek zelaira Realaren insignia eraman baitzuen soinean.

Bigarren Mundu Gerran, Auschwitzen, gutxienez 1.100.000 pertsona erail zituzten, gehienak juduak. Alemania naziak 1940tik 1945era bitarte funtzionamenduan izandako heriotza fabrika handiena izan zen.

Erakusketa osatuz hainbat ekitaldi antolatu dira, Edurne Portelak zuzendutako eztabaida eta hitzaldi zikloa, besteak beste. Baita Euskadiko Filmategiak eta Begoña del Teso kazetariak koordinatutako zine zikloa ere. «Eztabaida hauei esker XX. mendeko Europako historian zehar ibili diren beste indarkeria-mota batzuk aztertu ahal izango dira: totalitarismoak, gerrak, kolonialismoa, terrorismoa, jazarpena eta sexu-indarkeria...», adierazi dute antolatzaileek. Egitaraua Koldo Mitxelenako web orrian kontsulta daiteke.

Uztailaren 3ra arte dago irekita erakusketa, asteartetik larunbatera 11.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 20.00etara. Astelehen, igande eta jaiegunetan itxita. Ostegunero 17.00etan bisita gidatuko zerbitzua eskaintzen du bisitariei, aldez aurretik erreserba eginda info@komazk.com helbidean edo 678 20 46 35 telefonoan.

Kokapena

Koldo Mitxelena Kulturunea
Urdaneta, 9
Donostia. Gipuzkoa