Shandra Martinezek bere azken ilustrazioak ikusgai jarri ditu jaioterrian

Data

21.07.01 - 21.07.30

Lekua

Gipuzkoa - Errenteria

Shandra Martinez bere artelanekin. (NAIZ)

Errenteriako Xenpelar Etxean erakusketa berriak ireki ditu ateak. Shandra Martinezen (Errenteria, 1977) lanak ikus daiteke bertan. Erakusketan, 2019tik 2021era bitartean egindako ilustrazio originalak daude, hiru gunetan banatuta.

Lehen gunean, hainbat obra original daude ikusgai, tinta-gouache eta akuarela paperean landuak. Emakumeak ikus daitezke irudietan, denboran zehar, beren istorioak musikatik, dantzatik, zirkutik edo iraganeko eta oraingo modatik kontatzen dizkigutenak.

Bigarren gunean, bideo batek ikusgai dauden hainbat lanen prozesua proiektatzen du. Erabiltzen dituen bi bideen arteko aldeaz jabetu daiteke ikuslea. Bisitariak lan egiteko bi modu ikus ditzazke bertatik bertara. Batetik, modu analogikoa, ohiko pigmentua eta pintzelaren bidez. Bestetik, mihise digitalean (tableta grafikoa) burututako lanak.

Azkenik, hirugarren gunean, zenbait piezaren lan digital originalak daude ikusgai (1), jarduera profesionalak garatzen dituzten emakumezko figurak irudikatzen dituztenak –mekanikoa, astronauta, banatzailea–, eta zirriborrotik ilustratutako liburu baten lan prozesua, kolore probak eta azken pieza, liburua.

Egitasmoa Katapulta Plataformak sustatu du Errenteriako Udalaren kolaborazioarekin.

Shandra Martnezek gaur egun, Donostian bizi eta lan egiten du, Erroman, Parisen edo Madrilen egonaldiak egin ondoren. «Nire arte prestakuntza ikerketa eta esperimentazio propioaren bidez garatu da urteetan zehar, pinturaren eta ilustrazioaren (tradizionala eta digitala) artean ibiliz», adierazi du.

Ilustratzaile gisa parte hartu du hainbat proiektutan, ‘Gunter-alegiak’ haur liburuan, kartelen diseinuan eta ilustrazioan, baita ‘Hiru une’ banakako pintura erakusketan ere, Kutxa Kultur Plaza espazioan, Tabakaleran, 2017an.

Astelehenetik larunbatera 17.00etatik 20.00etara ikus daiteke erakuskea Errenteriako Xenpelar Etxean.

Kokapena

Xenpelar Etxea
Madalen Kalea, 34
Errenteria. Gipuzkoa