‘Sisiforen paperak’, kazetaritzari eta bidegabeki itxi dituzten hedabideei gorazarrea

Data

20.11.27 - 21.01.30

Lekua

Bizkaia - Bilbo

‘Eleak’ egunkariko erredakzioa eta komisaldegia, hari beltzak lotuta. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Madrilen harrapatu zuen Fernando Bernues ‘Euskaldunon egunkaria’-ren itxierak. 2003ko otsailaren 20a zen. Guardia Zibilaren operazioa izan zen, Juan del Olmo epailearen agindupean. Berehala ikusi zuen Tanttaka konpainiako zuzendariak  egunen batean hartaz hitz egin beharko zuela. Iritsi da unea. 

Luze jo du proiektuak. Orain lau urte ekin zion bideari Bernuesek eta lehen gauza Harkaitz Canori deitzea izan zen, hark gidoia idatz zezan. Karmelo Beramendi Tolosa egunkariko zuzendaria (Kepa Errasti) eta Torregarai Administrazio Kontseiluko lehendakaria (Anjel Alkain) dira antzezlanaren protagonista nagusiak. Eta haien inguruan, beste hamar aktore: Mireia Gabilondo, Joseba Apaolaza, Olaia Gil, Asier Hernandez, Asier Hormaza, Dorleta Urretabizkaia, Iñigo Azpitarte, Alexandru Stanciu eta Iñaki Rikarte. Gabilondok Aizpea Goenagarekin partekatuko du pertsonaia gaztelaniazko bertsioan, eta berdin Apaolazak Mikel Losadarekin.

Ez da erronka makala dimentsio honetako ekoizpena aurrera eramatea. Zer esanik ez, pandemia garaiotan. Lau antzokik sustatu dute proiekua: Bilboko Arriagak, Gasteizko Principal antzokiak, Donostiako Victoria Eugeniak eta Centro Dramático Nacional espainiarrak –honek jarri du ia diruaren erdia–. Finantzaketa, beraz, publikoa du %100ean antzezlanak.

‘Sisiforen paperak’ hilaren 19an estreinatu zen Gasteizen, euskaraz. Hurrengo egunean eskaini zen erderaz. Ostiral eta larunbat honetan Arriagako oholtzara egingo du salto, euskarazko bertsioan. Eta datorren abenduaren 5-6an gazteleraz. Donostia (urtarrilak 29-30) etorriko da ondoren, dena ondo bidean. Nabarmentzekoa da Tanttakaren antzerki ekoizpenak Madrilen egingo duen egonaldia. 2021eko apirilaren 9tik maiatzak 2ra Centro Dramático Nacional-en eskainiko da antzezlana, hain zuzen ere. 

Egunkaria auzian libreki inspiratutako antzezlana da, eta era berean kazetaritzari eta bidegabeki itxi dituzten komunikabideei egindako omenaldia. Euskaldun askok eta askok erretinan iltzatuta ditugun irudiak berpiztuko zaizkigu antzokian.

‘Eleak’ izeneko fikziozko egunkariaren erredakziora egingo dugu salto, baina baita  komisaldegira ere. Ikusleak bai Beramendi, bai Torregarai, torturatzen ikusiko ditu obraren unerik lazgarrienean.

Bi mundu, operazioaren hari beltzak lotuta. Eta agertoki gainean, uneoro, galdera bat: «Ikertzea eta galdetzea kazetariaren zeregina da, baina, zer gertatuko litzateke egoera aldatu eta galdekatutakoa kazetaria bera balitz?».
 

Kokapena

Arriaga antzokia
Arriaga Plaza, 1
Bilbo. Bizkaia