Euskal sustraiko pertsona izenak dituzten Soriako hilarriak ikusgai San Telmo Museoan

Data

21.11.12 - 22.01.16

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Erakusketako hilarri bat. (Jon URBE | FOKU)

‘Euskal sustraiko jende izenak erromatar epigrafian. Soriako Tierras Altasko hilarriak’ erakusketa zabaldu du ostiral honetan Donostiako San Telmo Museoak.

Soriako Tierras Altas eskualdean 40 hilarri aurkitu dituzte azken urteotan eta horietako sei ikus daitezke orain Donostian. Latinezko hitzak agertzen dira bertan baina era berean bertako biztanleen izen indigenak irakur daitezke.

Zazpigarren hilarri bat ere jarri da erakusketan. Baskoien iparraldeko Oiasso hiriaren eremutik iritsitako Andrearriagako estela da, San Telmo Museoaren bilduma propiokoa. Orain arte bertako erakusketa iraunkorrean erakutsi izan da.

Pieza arkeologikoen ondoan Joakin Gorrotxategi irakasle eta euskaltzain urgazleak egindako azterketa eta iruzkin linguistikoak aurkituko ditu bisitariak. Ezinbestekoa da azken urteotan Eduardo Alfaro arkeologo eta ikerlariarekin izan duen elkarlana. Idoubeda Oros egitasmoan lanean ari da Alfaro eta nabarmentzekoa da euskararekin lotutako inskripziodun hilarriak aurkitzen eta ikertzen egin duen ahalegina. Santa Cruz de Yanguas herrian museoa irekitzeko proiektua du eskuartean. Pozik agertu dira biak ostiral honetan San Telmo Museoan hedabideon aurrean egin den aurkezpenean.

Sorian 2019. urtean ikusi ziren hilarriak, Alfaroan antolatutako erakusketan. Ondoren Bergarako Laboratorium Museoan egon zen ikusgai eta orain San Telmo Museora iritsi da, bertako zazpigarren estelarekin osatua.

«Soriako Tierras Altas eskualdean aurkitutako erromatar epigrafeei esker, bertan gure aroko lehen mendeetan bizi zen jendearen heriotzarekiko erritu eta sinismenen berri dugu», nabarmendu du Miren Urkia euskaltzainak aurkezpenean.

Azken ikerketen arabera, hauetariko batzuk euskal-akitaniar antroponimiaren ikuspuntutik azal daitezke, euskararen historiarako garrantzitsuak diren aztarnak baskoei zegozkien Ebro ibaiaz bestaldeko lurretan kokatuz.

Eskualde horretako biztanleen jatorria, beraz, beren izen indigenetan islatzen da. Azken hamarkadatako aurkikunten aurretik, ezagunak ziren izen indigena urriak Soriako eta Ebro ibarreko ustezko hizkuntzekin lotzen ziren, hau da zeltiberierarekin eta iberierarekin. Geroztik hona nabarmendu da ia ez dagoela zeltiberierazko izenak lurralde horretan, Numanziatik gertu egon arren; aldiz, askok egungo euskararen aurrekariak izan ziren akitanieraren eta baskoieraren ezaugarriak dituzte. Hala azaldu du ostiral honetan eskuartean duen lan-hipotesia Gorrotxategik.

Soriako Tierras Altas eskualdea –‘La Sierra’ izenez ezaguna bertan– lurraldearen ipar-ekialdean eta Ebro arroan dago. Burdin Aroan kultura zeltiberiarraren eremuan kokatzen zen. Aldi hura bukatzean, erromanizazioan, administrazio berriak Tarracon –Tarragona– hiriburutzat zuen Tarraconensis Citerior probintzian sartu zuen eskualdea.

Hilarriak eskualde hartan topatu izana ez da kasualitatea, eta horrek ez du esan nahi estelak beste gune askotan ez zeudenik. Tierras Altaseko populazio baxuak lagundu egin du hilarriak mantentzen eta azken urteotan bertako herrietara itzuli edo lehen aldiz iritsi diren belaunaldi berriak izan dira hilarriak aurkitu dituztenak etxebizitzak eraberritzerakoan.

Ezagunak ziren hainbat hiri eta eskualdeetan inskripzioak egiteko tailerrak. I. eta II. mendeetan Tierras Altasekoak hildakoentzatko estelak egin zituzten batipat. Tokiko tradizioak eta moda erromatarrak uztartu zitueten eta oso estilo berezia eta eskema errepikakorrak erabili zituzten.

Aipatu eskemen eta elementu osagaien berri jasoko du bisitariak erakusketan. San Telmo Museoa, Euskaltzaindia eta Idoubeda Oros egitasmoaren eskutik Museoko klaustroan izango da ikusgai 2022ko urtarrilaren 18a bitartean.

Hainbat ekitaldi antolatu dira erakusketak irauten duen bitartean. Batetik, azaroaren 16an hitzaldia eskainiko du Eduardo Alfarok ‘Costumbres romanas para la muerte en Tierras Altas de Soria. Huellas del euskera en epigrafía antigua’ izenburupean. 

Azaroaren 18an eta 25ean, berriz bisita gidatua egingo da Luis Mari Zalduaren eskutik ‘Euskal sustraiko jende izenak erromatar epigrafian. Soriako Tierras Altasko hilarriak’ izenburupean.

Azaroaren 24an Joakin Gorrotxategiren txanda izango da. ’Euskal sustraiko jende izenak bakoien lurraldeetan: Andrearriagako eta Soriako Tierras Altasko hilarriak’ hitzaldia eskainiko du. Azkenik, abenduaren 4rako ‘Harrizko hitzak’ haurrentzako tailerra antolatu da.

Bisita ordutegia honakoa da: asteartetik igandera 10.00etatik 20.00etara. Astelehenak itxita.

Kokapena

San Telmo Museoa
Zuloaga Plaza, 1
Donostia. Gipuzkoa