Angulo Portutik Hiru Erregeen Mahairainoko ibilbidea egingo du Urmugak

Data

21.07.13 - 21.07.31

Lekua

Araba - Artziniega

Aurkezpenaren irudia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Uztailaren 13tik 31ra, Mendiak eta Herriak Mendi Gidari Elkartear eta Et Incarnatus Orkestraren eskutik egingo da Urmugak.

«Ertz luze batek zeharkatzen du Euskal Herria mendebaletik ekialdera, eta Kantauri eta Mediterraneo itsasoetara banatzen ditu urak. Ertz luze honek Urmuga du izena. Garobel Mendilerrotik Auñamendietako Hiru Erregeen Mahaiaraino, Urmugak Euskal Herria josten du. Gailurrik gailur, errekaz erreka, zuhaitzez zuhaitz, Urmuga jostura luze bat da gure geografian eta gure herri izaeran. Mendizale eta musikari garen hainbat lagun batu, eta ertz eder honetan musika imajinatzen hasi ginen. Baita egin ere; mendilerro, lautada eta muinoak musikaz, euskaraz, kulturaz busti genituen. Guzti haren oihartzuna galdu aurretik urmugara itzuli gara. Bazter preziatu haiek mendizaletasunaz eta musikaz betetzera», adierazi dute antolatzaileek.

Mendi ibilaldi musikatua da Urmuga, natura eta gizakia musikaren bidez harremantzeko. «Hemeretzi egunetan osatuko dugu ertz luzearen zeharkaldia oinez. Bertako gailur, leku eta herri esanguratsuenetara musika eraman eta Urmugaren inguruko pertsonak eta herriak elkarrekin harremanetan jarriko ditugu».

Angulo Portutik abiatuko da uztailaren 13an jaialdia eta Hiru Erregeen Mahaiaren igoerarekin bukatuko. Formatu handiko bedratzi kontzertu eta formatu txikiko beste lau iragarri dira. Euskal Herriko eta atzerriko hainbat musikari eta kantari esanguratsuk izango dira Urmugako kontzertuetan, eta Et Incarnatus Orkestraren 15 bat partaidez osatutako hezurdura izango dute oinarrian. 

Donostiako Orfeoia, Olatz Salvador, Maddi Oihenart, Alos Quartet, Petti, Alex Sardui, Jurgi Ekiza, Nerea eta Gorka Urbizu,Anari, Josu Zabala, Idoia Asurmendi, Niko Etxart, Juantxo Arakana, Miren Narbaiza, Mikel Urdangarin... musikari partehartzaileen zerrenda luzea da. Bertsolariak ere, Maialen Lujanbio eta Julio Soto, besteen artean, bertan izango dira.

Uztailak 25ean, Urkiaga eta Ibañeta mendien arteko ibilaldia egingo dute parte hartzaileek. Egun horretan, Andoainen izango den musika emanaldian, Castillo Suarez idazleak Ugalderen omenez berak idatzitako testua irakurriko du. Urmugak, keinua egin nahi izan dio Martin Ugalderi, jaio zenetik mendeurrena beteko den urtean, eta bat egin du Martin Ugalde Kultur Parkea beste hainbat eragilerekin antolatzen ari den mendeurreneko ekitaldiekin. Musika ekitaldia Leitzaran Bixitarien Etxearen ondoan izango da, 18.00etan.

Sarrerak webgunean daude eskuragarri. Kontzertuetako sarrerak balio ezberdinetan salduko dira. 20 euro formatu handiko kontzertuetarako eta 15 euro formatu txikiko kontzertuetarako.

Mila eta berrehun pertsonarainoko aforoa egongo da kokalekuaren arabera. «Tokiko legediaren eta osasun egoeraren arabera berrikusiko dira hauek. Urmugatik pasatuko dira bigarren aldiz Euskal Herri osoko musikagintzan erreferente diren izen ugari. Estilo, belaunaldi eta kantaera desberdinak bilduko ditugu, eta gainera formatu eta espazio ezohiko batean. Naturan eta orkestra batez lagundurik», diote.

«Emanaldi guztietan zainduko ditugu kontzertuak egiteko aukeratutako natur-guneekiko oreka, errespetua eta jasangarritasun irizpideak. Lehen edizioan lortu genuen publikoa kultur eredu ez-masibo eta deszentralizatu batera erakartzea. Hiri eta populazio gune nagusietatik atera, eta mendia eta musika konbinatuz, kalitatezko kultur proposamena Euskal Herriko landa eremuetara eramatea. 2021an berriz ere, kulturaz gozatzeko beste mota bateko ereduak posible direla baieztatu nahi dugu», gaineratu dute.

Urmuga kontzertuetara denetariko jendea hurbil daiteke. «Mendizale nahiz musikazale. Dela mendi buelta bat emateagatik, dela haurrak eremu garbi batera eramateagatik, dela musikaz gozatzeagatik...», adierazi dute.

Edozein mendizalek aukera izango du jaialdia bere osotasunean, astebete, edo zatiren bat burutzeko. Mendigidari batek zainduko du mendizaleen ibilia. Edozein mendizale zein musikazalek aukera izango du mendi kontzertuez gozatzeko.

Kokapena

Angulo Portua
Angulo Portua
Artziniega. Araba