XXVIII. Nazioarteko Argazki Mostra, Zarautzen

Data

20.11.05 - 21.01.17

Lekua

Gipuzkoa - Zarautz

Nazioarteko Argazki Mostra urtarrila bitartean dago irekita. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Aurten gure bizimoduek erabateko aldaketa jasan dute, eta horrek bere eragina izan du Argazkizale Elkartearen jardueran ere. Betiko izango zela uste genuen hori etengabeko ‘agian’ batean bihurtu da; lehen ziurtasun zirenak, orain posibilitate besterik ez dira. Baina, hala eta guztiz ere, ahalegin berezia egin dugu lanean jarraitzeko eta oztopoak gainditzeko, eta artearen bidez jarduerari berrekiteko. Argazkilariaren begiradak betikotutako lekuen, momentuen, bizidunen, oroitzapenen eta emozioen edertasuna gelditzen zaigu. Horixe biltzen du, hain zuzen, XXVIII. Mostra honek, jendearen atseginerako. Gozatu!», da Zarauzko Argazkizale Elkarteko kideek bisitariei luzatzen dien gonbita.

Lau argazkilari. Lau ikuspuntu. Lengoia aniztasuna. Lander Rezola, Jota Barros, Mari Jose Cueli eta Antonio Manta dira aurten hautatutako argazkilariak. Lander Rezola itsasondoarra argazkilari dokumentalista da. Baina ez hori bakarrik. Jakinminak mugitzen du Rezola, eta egunerokotasunak pizten dio arreta. Eguneroko gertakariek. Izen-abizenik gabeko pertsonek eta haiek, ibilian, utzitako arrastoak. Azken proiektu honetan egileak kanpora begiratzeari utzi dio, eta proiektu intimo eta pertsonalago batean sartu da. Egilearen eta haren beldur eta zailtasunen artean sortzen den elkarrizketaren emaitza da ‘Emak Bakia’.

Galiza barrualdeko herri batean jaioa da Jota Barros. «Umetan iritsi zitzaidan argazkilaritza, nire aitaren bitartez. Igandetan, aitarekin eseri, eta gehigarria irensten nuen, hark egunkaria irakurtzen zuen bitartean. Bere kamerarekin hasi nintzen argazkiak egiten, baina, gero, karrerako urteetan –Fisika ikasi nuen– eta nire lehen lanetan, utzi egin nuen».

Urte batzuk beranduago argazki ikastaroak emateari ekin zion, 2014tik aurrera irakaskuntza profesionalean aritu da. Batez ere kaleko argazkilaritza landu du. «Irakaskuntza, nire ustez, ezagutzen transmisio hutsa gainditzen duen prozesu bat da». Eta argazkilaritza, berriz, irudiak harrapatzea baino zerbait gehiago, «biek aukera eta aitzakia ematen digutelako besteekin eta inguratzen gaituen munduarekin konektatzeko».

Tailer horiek hainbat lekutara eraman dute (besteak beste, Tanger, Londres, Erroma, Berlin), «eta gainera aukera eman didate gure mugen barruko hiri ugari ere ezagutzeko», dio.

Mª Jose Cuelirentzat argazkilaritza abentura da. «Maila errealean beti aurkitzen dut fotografiatu dudanaren aurpegi ederra eta sentikorra. Maila errealetik harago, irudimenezko alderdia askatzea eta mundu sotilak, ametsezko unibertsoak sortzea maite dut. Aukerak izugarriak dira, nik gainazala harramazkatu besterik ez dut egin, zulotxo bat aurkitu eta bertatik sartu eta gozatzeko».

Eta Antonio Mantaren lanaren ardatza emakumeari eskainitako omenaldia da. «Emakumeak garai guztietan eta beti jasan izan du matxismoa, nahiz eta azkenaldian emantzipazio handiagoa aitortu zaion ia mundu osoan. Argazkilaria naizenetik, beti behatu izan dut haien lana, haien indarra eta jarduera guztietan zabaltzen duten maitasuna. Proiektu honekin, balioa eman nahi nioke haien ‘edertasunari’, baina ez ohituta gauden estetikari, baizik eta haien keinuen, haien begiraden edertasunari. Haurrari bularra ematean transmititzen duten maitasunari. Urteak pasata ere pasatzen ez den edertasun horri. Orduak eta orduak pasatu ditut mundu osoan haiek beren eguneroko bizitzan behatzen, eta beti emozioz betetzen naute», adierazi du.

Kokapena

Sanz Enea kultur etxea
Nafarroa Kalea, 22
Zarautz. Gipuzkoa