Zuloagaren lau margo berritu eta ikusgai, Arte Eder Museoan

Data

21.07.12 - 21.08.31

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Eraskusketako obra bat. (NAIZ)

Artista jaio zela 150 urte beteko direla-eta, Bilboko Arte Ederren Museoak Ignacio Zuloagak euskal margolariak (Eibar, 1870-Madril, 1945) Eibarko Arrateko Ama Birjinaren santutegiko erretaularako egin zituen lau mihiseak kontserbatu eta zaharberritzeko egin duen lana ezagutarai du astelehen honetan.

Mihiseak 1904an margotu zituen Zuloagak, Sevillan, eta haren nazioarteko arrakasta goiztiarraren oinarri izan ziren zenbait artelanen elementu eta modelo berak dituzte. Margolan horiek XX. mendean izandako gorabeherak azalduz, hitzaldian margolariaren ibilbideko ekintzarik misteriotsuenetako bat argitzeko saiakera egingo da.

Ignacio Zuloaga Museoarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean burutu da proiektua. Lau mihiseak Ignacio Zuloagak Arrateko Ama Birjinaren santutegiko aldare nagusi barrokorako margotu zuen deboziozko multzo baten parte dira. «Margolariak Ama Birjinaren irudia dagoen ganbaratxoaren alde banatan jarri zituen; Sortzez Garbiaren tailu gotikorantz doazen erromesen eta otoizgile fededunen eszenak ikus daitezke haietan. Zuloagaren beraren ekimenez margotu ziren –dirudienez, Ama Birjinari hitzeman zion egingo zituela, bere alaba Lucíaren osasuna hobetzen bazuen–, 1904an, artistak Sevillan egindako egonaldirik emankor eta bikainenean», adierazi dute Arte Eder Museotik.

Garai hartan eibartarra finkatzen zebilen estiloaren ezaugarri nagusiak atzeman daitezke margolanetan. «Estilo harekin, nazioarteko figurazioan iraultza eragiten ari zen Zuloaga. Bere artista dohainez baliatu zen figuren esentzia fisiko eta sikologikoa jasotzeko. Hodei adierazkorren aurrean ageri dira figura horiek, sinbolismoaren eta naturalismoaren arteko erdibidean, eta antzerki giro nabarmenean. Zuloagak berezkoa duen atzealde-figura binomioaz gain, aipatzekoak dira kolore argitsuak, batez ere urdin, arrosa eta moreak; tonu horiek ohikoak dira Zuloagaren 1903 eta 1905 arteko ekoizpenean, eta bizitasun aparta dute hemen. Margolanek gorabehera asko izan zituzten, eta artistak pare bat aldiz zaharberritu behar izan zituen», gaineratu dute. Azkenekoz, 36ko gerran, aldaretik kendu eta denboraldi baterako Bilbora ekarri zituztenean.

Orain, Bilboko Arte Ederren Museoan egindako zaharberritze lan luzearen ostean –museoa da espezialistarik handiena Zuloagaren lana tratatzen eta zaharberritzen–, lau mihiseek jatorrizko itxura dute berriro.

Museoko Alfabetoaren O (Otredad/Bestetasuna) aretoan aurkeztu ondoren, irail hasieran multzoa bere jatorriko lekura itzuliko da, hau da, Arrateko santutegiko aldare nagusira.

Zaharberritzeari dagokionez, 2019an egindako ikusizko lehen analisiek agerian utzi zuten margo geruzak aldaketa handia jasan zuela. «Hain zuzen ere, koloreak efloreszentzia zurixka nabarmenak zituen, eta horiek multzoaren konposizioa eta kromatismoa eraldatzen zituzten. Degradazioaren azterketa teknikoek berretsi zuten ‘orbanen’ zergatia saponifikazioko prozesu kimiko bat zela. Olioaren aglutinatzaileko zenbait gantz azido eta pigmentu batzuetan dauden metal partikulak elkarrekin konbinatzean gertatzen dira aldaketa horiek; erreakzioa, azkenean, kolore geruzan azaltzen da, eta xaboiak edo gatz metalikoak eratzen ditu», azaldu dute.

Tratamendua hasteko, erretaulatik lau margolanak kendu eta museora eraman ziren. Bertara iritsitakoan, azterketa teknikoak egin ziren X izpiak eta erreflektografia infragorria erabiliz, eta agerian geratu ziren obretako bitan izandako konposizio aldaketak, eta euskarriko eta materia piktorikoko beste eraldatze batzuk. «Kalte biologikoa geldiarazi zen anoxia prozesu baten bidez (hau da, oxigenoa guztiz kenduz, modu kontrolatuan), eta, ondoren, disolbagarritasun probak egin ziren, gatz metalikoetan, gainazaleko estratuan eta bernizetan esku hartzeari begira. Jarraian, mihiseei tratamendu bat eman zitzaien presio baxuko mahaian, deformazioak zuzentzeko eta materia piktorikoa egonkortzeko. Azkenik, koloreak berrosatu eta bernizak eman ziren», zehaztu dute museoko arduradunek.

Kokapena

Arte Eder Museoa
Museo Plaza, 2
Bilbo. Bizkaia