Artzai Larzabal naiz+ bloga

Egun handia

“Egun on bihotza” batek esnatu nau. Amaren ahots goxoa da. Goizeko lauak dira eta hegazkina hartu behar dut. Atzo gauean, gaueko 11etan maleta egiten ari ginela, maleta apurtu zitzaidan. Hura estutasuna. Pare bat dei egin eta familiakoek berehala konpondu zidaten arazoa. Eskerrak! Hala ere, ezin izan nituen maleta berrian gauza guztiak sartu... Kaka!

Garaiz iritsi gara Loiura. Agur esatea gogorra izan da, etxeko umea ez da sekula hain urrutira joan. 23 orduko bidaitzarra nuen aurretik. Loiu-Madril (ordu bat), Madril-Chicago (9 ordu eta erdi), Chicago-helmuga (ia bost ordu). Eta gainontzeko denbora aireportuetan zain. Urduri xamar iritsi naiz Chicagora.

Estatu Batuetako bigarren aireporturik handiena da, egunean ia 3.000 hegaldi izaten ditu eta nik, 3-4 ordu besterik ez nituen hegazkinetik jaitsi, aduana zeharkatu eta beste hegazkina hartzeko. Azkenean ondo atera da dena, eta hurrengo hegaldiaren zain ordubete egin behar izan dut. Han egon naiz txintxo txinto, atearen aurrean, noiz deituko zain.

Helmugara iristeko falta zitzaizkidan lau orduak ez dira hain luzeak izan. Erdi lotan joan naiz. Hala ere, aduanan gertatu zaidana ez dut berehalakoan ahaztuko...