Artzai Larzabal naiz+ bloga

...“Spain is wonderful”...

Alegia, “Espainia zoragarria da!”

Aurrekoan aipatzen nizuen moduan, Chicagoko aireportuan aduana zeharkatu behar izan dut. Izugarrizko jende pila zegoen berton. Pixka bat urduri nengoen, 3-4 ordutan beste hegazkinean egon behar bainuen. Ordu erdiz zain egon ostean, nire txanda iritsi zen eta polizia jator batek hartu ninduen.

“Uer ar yu from?” (nongoa zara?). “Aiam bask, from de Bask Kauntry....!”. Eta tipoa niri begira... tentsioa... tik tak... “from Spain!” (Espainiakoa!). Azkenean esan beharra eduki nuen. Mekatxiz!. “Oh, Spain!, I lof Spain!” (Espainia maite dut!) erantzun dit. Eta han jarraitu du: “Ezagutzen duzu Madril? polita da e?”. Eta "ezagutzen al duzu Zamora?”... Zamora? Hor harrapatu nau. Nola ezagutuko dut Zamora ba! Existitzen al da Zamorarik Espainian?

Kontua da, poliziaren abizena Zamora zela eta noski, tipoa emozionatuta zegoen “espainiar” bat aurrean edukitzeaz. Eta poliki poliki, elkarrizketa serio jartzen hasi zen: “Ez duzu uste Madril polita denik?”. Beno... handiegia nire gusturako. Eta halako batean, ezpata eta hormaren artean jarri ninduen: “Espainia zoragarria da, ezta?”... Aidios!...

...segunduak banan banan... tik tak, tik tak... izerdi tanta bat kokotean behera... Ez dakit zenbat denbora behar izan nuen erantzuteko, baina ikaragarri luzatu zitzaidan momentua. Eta azkenean... bai... bota nion entzun nahi zuena: “Bai gizona! Espainia zoragarria da!”...

...eta Estatu Batuetara sartzen utzi ninduen Zamorak...