Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Enaren esperoan

Munduko ekonomia modu koherentean lan egiteko, ikuspegi ekologiko orokorra behar da: ekoizpenaren prozesuak, aldeek eta bideek elkarreraginean duten modua eta elkarreragin horiek etorkizuneko aukeretan ekar dezaketen noziketa ezagutu beharra dago.

Ez dakit hasi berria den urtean enarak itzuliko ote diren baina azken hamarkadatan politikoki bideratutako ohartarazpenak, akordioak edo aktibismoak ezin izan dituzte energiaren kontsumoa jaitsiarazi ezta atmosferako karbonoaren emisioak gutxitu ere eta, oso litekeena da, 2023an aipatu kontsumoa eta emisio haietan guztietan errekor berriak izatea.

Alde batetik, publikoki aitortzen denaren kontra, munduko ekonomiak hazten segitzen du eta, beraz, datozen urteetan izugarrizko energia eta materialak kontsumitzen jarraituko dugu.

Egungo gizateriaren benetako arazoa da emozio paleolitikoak ditugula baina Erdi Aroko erakundeak eta, haiekin batera, Ilustrazio sasoitik eratorritako teknologia ere gure esku badago, denak batera eta arlo bakoitzak bere pentsamendu mota bereiziaz garaturik. Beraz, gero eta informazio gehiago dugu esanahi gutxiago duen mundu batean bizi garelarik.

Bestelako pentsamoldea eta bestelako ekinbideak behar ditugu espezie bezala iraun ahal izateko.

Ildo beretik, egunero jasotzen ditugu berriek adierazten digute munduko ekonomia ez dabilela behar bezala. Esaterako, gizakien artean aberastasunean eta diru sarreretan dagoen desberdintasuna handituz doa, ekonomia errealak zorrarekiko eta berme publikoekiko mendekotasun handia dauka eta gainbehera ekologikoa begi-bistakoa da.

Gure mundu garatuak finantzetara jotzen du ustiaketarekin jarraitu ahal izateko, beste modu batera atera ezin diren erregaiak errazago lortzeko eta, halaber, kontsumitu ezin ditugun gauzak sortzen jarraitzeko.

Egoera honetan, etorkizunerako zeintzuk lirateke sistema ekonomiko bideragarriak gaur egun? Antropozenoan, zer ondorio atera ditzakegu gure etorkizunari buruz? Edota ekosistemen eta sistema ekonomikoen arteko harremanez?

Ekologia aurreratu egin zen bere garaian, naturaren zerbitzuen eta giza ekonomien oinarri biofisikoen funtsezko garrantzia azalaraziz. Orain, egoera honetatik abiatuta, jarraitu behar al dugu orain arteko bide beretik edo «gizarte berreraikitze» plan bat diseinatzerik ba al dago?

Munduko ekonomia modu koherentean lan egiteko, ikuspegi ekologiko orokorra behar da: ekoizpenaren prozesuak, aldeek eta bideek elkarreraginean duten modua eta elkarreragin horiek etorkizuneko aukeretan ekar dezaketen noziketa ezagutu beharra dago.

Lan horri ekitea ez litzateke aurten enaren esperoan egoteko modu txarrik izango.

Bilatu