Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Engainatu nahi gintuzten, baina...

Borroka mota ezberdin osagarriak behar izan genituen Lemoizko Zentrala ixteko (Iberduero zenari ederki ordainduta, bide batez esanda…). Herri osoaren garaipena izan zen.

Ez gaituzte engainatuko. Horretarako dugu oroimena.

Oroimenean daukat, esaterako, Lemoizen Zentral Nuklearra ezarri nahi izan zutela Iberduero izeneko enpresaren onurako eta euskal herritar gehienon kalterako inolako herri-kontsultarik gabe. Aipatu ezarpenaren atzean interes pribatuak egoteaz gain, orduko sistema instituzional osoa ere lerratuta zegoen. Adibide bat, Gasteizko alkatetzan sentsibilitate politiko guztiak ordezkatu zituen Jose Angel Cuerdak (hango aginte makila EAJ, EA baita independente gisa ere eramandakoa) polizia lokalari agindu zion komite antinuklearrok aipatu Zentralaren aurka jarritako kartelak kentzea. Horra hor, orain esaten den bezala, erakunde publikoak enpresa interes pribatuak defendatzen. Eta balizko «defentsa» horretan, jakina, ez ziren aritu polizia lokalak soilik baizik eta gainerako «estatuaren indar zapaltzaileak» guztiak ere (garai hartako hizkeraren arabera esanda).

Ni 1976an atera nintzen kartzelatik eta 1977tik 1982ra Lemoizeko Zentral Nuklearraren kontrako borrokan goian adierazitako komite antinuklearretan nire ekarpena egin nuen. Hori zela eta ezagutu nituen Euskal Kostalde Ez-nuklearra Babesteko Batzordeko lagunak eta auzoz-auzoko talde ekologistak baita orduko beste talde alternatiboak ere (intsumisoak, hustutako herriak okupatzen zituztenak eta abar…). Zoritzarrez 1982an kartzelara bueltatu nintzen eta bertan Lemoizeko Zentral Nuklearraren kontrako borrokan aritutako beste adiskide batzuk ezagutzeko parada izan nuen, Komando Autonomo Antikapitalistetako edota ETA erakundekoak ere, esaterako. Ez dago esan beharrik Lemoizeko Zentral Nuklearraren kontrako borrokan hauek egindakoek eragin handia izan zutela gatazka hura bideratzeko. Esan gabe doa haiei denei larrutik ordainarazi behar izan zietela egindakoagatik.

Komite antinuklearretan nengoela 1979ko Lemoizko ibilaldia prestatzen eta parte hartzen aritu nintzen Euskal Kostalde osoa, herriz-herri, oinez ibiltzen Iparraldetik Lemoizeraino non, bukaerako Asanblada orokor batean (milaka ginen bertaratuok) Zentralera sartzea edo ez eztabaidatu genuen «estatuaren indar zapaltzaileen» zaintza eta begiradapean. Ondo irakurri duzue... Zentral Nuklearra indarrez asaldatzea izan genuen eztabaidagai baina, horrenbeste jendea izanik, ezin izan genuen taxuzko bozkatzea erdietsi eta, azkenean, ez zen ezer burutu.

Oinezko martxa hartan mota guztietako jendea zegoen, antinuklearrak denak noski, eta nahiz jatorri ideologiko oso ezberdinetakoak izan denak bat eginik helburu baten atzean, hots, Lemoiz ixtea. Haietariko batzuk, goian esan bezala, kartzelan aurkituko nituen berriro ere 1982an.

Begi bistako da borroka haiek guztiak (gose grebak, herri mobilizazioak eta sabotajeak, borroka armatua eta «inpagoak», desobedientzia zibila eta intsumisio instituzionalak...) aurrera eraman behar izan genituela instituzioek bide politikoak erraztu beharrean (herri-kontsulta, kasu) haiek bai itxi zirela erabat guztiz bidezkoa zen eskaeraren aurrean. Lemoiz bera itxi zen eta, aza jan baldin badugu guk nahita izan da, eta ez Lemoizen faltak behartuta. Arrazoia genuen, beraz.

Irakurri berri dut (https://www.naiz.eus/eu/iritzia/articulos/contribucion-al-relato-un-patrimonio-colectivo-al-servicio-de-la-memoria) Euskal Kostalde Ez-nuklearra Babesteko Batzordeak Gogora Institutuko laguntzaz Txalapartan garai hartako artxibategia osatu eta argitaratuko dutela beren hitzetan: «ETAk Lemoniz itxi zuela dioen tesi sinplistei eta manipulatzaileei aurre egiten laguntzeko».

Berriro diot, garaia korapilatsua zen hura eta borroka mota ezberdin osagarriak behar izan genituen Lemoizko Zentrala ixteko (Iberduero zenari ederki ordainduta, bide batez esanda…). Herri osoaren garaipena izan zen eta, ildo horretatik, nire ustez, «ETAk Lemoniz itxi zuela» dioen tesi bezain sinplista eta manipulatzailea izango litzateke esatea «ETArik gabe Lemoiz itxiko zutela».

Denon arteko oroimenak azalarazi, bildu eta erakutsi beharra dago herri gogora lantzeko, inolako bazterketarik gabe, gogoratutako denak osagarriak baitira.

Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa, izeneko dokumentala ikusi nuenean ere horixe bera pentsatu nuen, alegia, borroka honetan aritutakoen arteko ahots bat falta da hemen, 1982an kartzelan aurkitutako lagunena,hain zuzen ere.

Lemoiz itxi genuen. Herri garaipena izan da. Ez dezagun ahaztu eta, hura gogoan, haren historia ez dezagun idatz ohikoak berriro ere bazterturik. Ez, eskerrik asko...

Bilatu