Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Ez naiz damu ezertaz

Jakina, ongi egindakoak eta gaizki egindakoak kezkatzen nautela baina berria dena aurkitzeko eta behar diren aldaketak gauzatzeko bidean, inola ez konponketarik ez duen iraganekoaz damutzeko

Non, je ne regrette rien abestu zuen Édith Piafek. Piaf-ek Atzerriko Legio Frantsesari eskaini zion kanta. Estreinatu zenean, Frantzia Aljeriako Independentzia Gerran (1956-1962) sartuta zegoen, eta Legioak Estatu-kolpe bat gauzatu zuen De Gaulleren gobernuaren aurka. Atzerriko Legioak abestia eresertitzat hartu zuen 1961ean bere kolpismoa menderatu zutenean. Ofizial batzuk atxilotu egin zituzten, baina legionarioak beste talde batzuei esleitu zitzaizkien beste ezer gabe eta, orduan, legionarioak beren barraketatik atera ohi ziren kanta hura abestuz, Atzerriko Legioaren sinbolo bihurtu zen eta oraindik ere bere desfileetan abesten da.

Édith Piafen bikotea izan zen Yves Montandek, aldiz, aipatu Non, je ne regrette rien abestia giro ezkertarrientzat bideratu zuen. Parisko zirkulu intelektualetan ohikoa pertsonaia bihurtu zen Yves. Han, «abeslari proletario eta progresista» identitatea landu zuen bere etxea ezker frantsesaren bilgune bihurturik.

Frantziako Alderdi Komunistarekin zuen atxikimenduaren ondorioz, Sobietar Batasunean «bira» bat ere egin zuen, eta Nikita Jruschov, SESBeko Alderdi Komunistako idazkari nagusiak, estatuburu gisa hartu zuen. Halere, estalinismoak hartu zuen norabidearekin desengainaturik, komunismoarekin apurtu zuen, nahiz eta ezkerreko ideiei eta giza eskubideen aldeko posizionamenduari uko egin gabe, eta, hartan, Euskal Herriaren borrokarekin bat eginik azaldu zen behin baino gehiagotan.

Beraz, Non, je ne regrette rien abestia ereserkia izan da hala eskuin kolpistarentzat nola ezker giroko jendearentzat. Izan ere, abestiaren letra errudun izatearen konplexuaren aurka agertu ohi da eta, ondorioz, baztertua izatearen sentsazioaz askatzeko ere baliagarria izan da. Honela dio:

«Ez, ezertaz, ez naiz damu ezertaz,
egindakoa ongi, egindakoa gaizki, berdin zait niri.
Ez, ezertaz, ez naiz damu ezertaz»,

Michel Vaucarie, abestiaren konposatzaileak, «Non, je ne trouverai rien» (ez, ez dut ezer aurkituko) izeneko letra aurkeztu zion Piafi hura lur jota zegoenean, morfinak eta depresioak janda baina, landu ondoren, bai izenburua baita letra ere aldatu zituzten orain famatu den bertsioari bidea emanez.

Euskal Herriko giro politikoan irakurri eta entzuten diren letretan, berriz, «Inoiz babestu behar ez zena» edota «Ados, damutuko naiz» moduko artikuluen karira goian aipatu Non, je ne regrette rien doinuaz eta esanahiaz gogoratzen naiz edota, areago, haren jatorrizko «Non, je ne trouverai rien» (ez, ez dut ezer aurkituko…) datorkit burura, alegia, haietan ezer berririk ez dudala aurkitzen. Zaharrak berri, beraz.

Gure doinu politiko kulturalean ohituta gaude aspaldidanik aditzen behin eta berriro euskal gatazkarik ez dagoela baina, halere, garaile eta garaituak egon beharra dagoela eta, halaber, biktima batzuen barkamenaren premia ere badagoela besteak baztertzen diren bitartean, politikan aritzeko oinarri etikoak ezinbestekoak direla ustelkeriaz ezer ikusten ez den arren, bizikidetzarako baldintzek erruduntasuna zuritzea eskatzen dituztela, helburuek ez dituztela erabilitako bitartekoak justifikatzen, indarkeriaren kondena funtsezkoa dela nahiz eta, jakina, ez da inoiz aski izango… horrekin guztiarekin iritzi askatasuna ukatuz eta ikuspegi kristau totalitarioa elikatuz betiere.

Estatuak, eta dagoenaren defendatzaileak kontzientzien kontrolatzaile zurrunak bihurturik daude bai iritzi emaileen baita komunikabideen laguntzaz erru kolektiboa elikatzen.

Frantziako legionarioek eta ezker giroko intelektualek Non, je ne regrette rien abes dezakete eta bakoitzak bere esanguraz gozatu.

Jakina, ongi egindakoak eta gaizki egindakoak kezkatzen nautela baina berria dena aurkitzeko eta behar diren aldaketak gauzatzeko bidean, inola ez konponketarik ez duen iraganekoaz damutzeko.

Aipatu abestiaren letrak bere itzulingurua duen bezala testuek ere haien testuingurua daukate eta abagune guztiak, noski, testuinguratzen jakin beharra dago gertatutakoaz behar bezala jabetu ahal izateko. Izan ere, mundua ulertzeko, eta horretan eragiteko, orainaldikeria egindakoaren kondemania bezain aholkulari txarra izaten da-eta…
Horrenbestez, ni behintzat, ez naiz damu ezertaz.

Bilatu