Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Intsumisioa gerrari baita gerra-informazioari ere

Gerrate garaian, ezin dugu datorren edonongo informaziorik bere hartan onartu, haren aurrean mesfidantza dugu gertaerak ulertarazteko premiazko bihurtzen zaigun jarrera.

Dolarretan zer dago idatzita? «In God we trust...» Alegia, Jaungoikoarekin fidatzen gara! Benetan fedea eduki behar baita paper soil bati balioa emateko! Eta fede hori erlijio monoteistak oinarritu, landu eta zabaldu egin du... Ni, beraz, fedegabea nauzue...

Zergatik eskatzen dute fede berbera erlijioak eta diruak?
Berez, dirua etorkizunerako hitza besterik ez da. Beste noizbait eta beste nonbaiten zurea den zerbaiten ordez emango dizutenaren agindua. Aitorpena, esaterako. Ez da txantxa ez eta txantxorik ere horretan. Zuk nahi duzuna eskuratzeko, daukanari eskatu beharko zenioke, edo bestela, jabea akabatu beharko zenuke, edo lapurreta egin, edota zuk duzun zerbaitez trukatu..., azken hau aukeratu ezkero, eta ordaina dirutan onartuta, ezinbestekoa izango zaizu susmo guztiak alboratzea eta geroan akordioaren emaitza gauzatuko denaren ustea izatea. Fede kontua, beraz, izaten da diruaren oinarria, bakar batzuek diruak, berez, balio duela pentsatu arren. Zergatik? Bertan jartzen duelako. Idatzita dagoelako txanponetan eta billeteetan eta idazkian dagoen horretan ere omen daukagu fedea jarrita: adostutakoan, politikan edota, demagun, elkarbizitzan.

Elkarbizitza hausten denean, ordea, ezin da aldez aurretik datorren politikan edo, ustez, adostutakoan sinetsi. Ezinezkoa bilakatzen da inolako federik eduki.

Horrenbestez, gerrate garaian, ezin dugu datorren edonongo informaziorik bere hartan onartu, haren aurrean mesfidantza dugu gertaerak ulertarazteko premiazko bihurtzen zaigun jarrera. Gerran obeditu egiten baita eta zalantzak alboratzea eskatzen zaigulako.

Gerrari aurre egiteko, ordea, desobeditzeari ekin eta sinesgabezia dira gure itxaropen bakarrak.

Bilatu