«Agur; Asko nuen esateko; Asko zuri emateko; Agur; Arakiletik dator Herio; Behar baino lehenago», dio ZETAK taldeak azken lanak. Ostegun arratsalde honetan kaleratu du Pello Reparazen bandak bere abesti berria, ‘Hileta kantu nafarra’.
Heriotzari abesten dio Reparazek, Maixux Zugarramurdik lagunduta. Duela gutxi estreinatutako ‘ZETAK, hau ez da kontzertu bat’ dokumentalean duela hilabete batzuk emandako bere aitonaren heriotzaz mintzatzen zen Arbizuko musikaria. Eta abesti hau bide beretik doa. «Gorroto zenituen; hileta kantu nafarrak; ta orain idazten dizut bat; Iparraldean bezala; herriaren erdian; zutitu nahi baitizut hilarritxo bat».
Dokumental horretan azaltzen zuen azkenaldian heriotza oso presente izan duela, bai bizitzan bertan bai sorkuntza prozesuan. «Ta Kantauritik harago; zerbait balego; besarkatuko gara berriro; batzen gattuenean Heriok».
Zita berezirako azken txanpan dator lan hau. Izan ere, datorren urtarrilaren 3 eta 4an urteurren berezi bat ospatuko du ZETAK taldeak iruñean, ‘Mitoaroa’ lemapean. «Pozez, ilusioz eta bertigo apur batekin goaz Nafarroa Arenara, baina badakigu inoiz izan dugun festa ederrenetakoa izango dugula bertan».
Nafar eta euskal mitologiaren presentzia hobe islatzeko, ZETAK-ek hainbat talde gonbidatu ditu, hala nola, Unanuko Mauxarruek, Lantzeko Ihauteria, Kukai Dantza, Iturengo Joaldunak, Tuterako Zipoteroak, Altsasuko Momotxorroak, Zubietako Joaldunak eta Arbizuko Txatarrak.