2024 ABEN. 01 ARKITEKTURA «Garden» gardena Tokioko hiri espazio trinkoan dagoen eraikin bat da Garden House. Hala ere, eraikuntza berezi honek zuhaitzak ere barne hartzen ditu eta, gisa horretan, etxeak natura ingurunearekin duen lotura indartzen du. Nekane Azpiazu Lejardi NEKANE AZPIAZU LEJARDI Tokion egoteko aukeraz zeharo eskertuta, sentitzen nuen bazeudela herrialdea utzi aurretik bisitatu behar nituen zenbait bazter. Ikaslea nintzenetik ikusmira sortu didaten eraikinak ezagutu gabe joateak nostalgia ematen zidan. Inoiz baino gertuago nituen, hantxe bertan zeuden, metro edota tren geltoki gutxi batzuk barru; bisita hurrengo bidaia baterako uztetik baino gertuago. Arkitektura eskolan sartu eta ogibidearen inguruan daukazun ikuspegia zeharo zabaltzen dizutenak dira hemen aurkitzen direnak, eta berezia zen niretzat aldizkarietan ikustera ohituta nengoen eraikin hartara joatea. Lekura nola iristen zaren, haren inguruneak nolakoak diren, hamar bat urte ondoren nola dagoen arakatzera. Zer giro arnasten den testatzera. Eraikinak zer transmitituko ote didan esperimentatzera. Aurreko artikuluetako ereduak bezala, gaurko arkitektura domestikoak, Tokioko dentsitatean, gainezka dagoen hiri testuinguru batean, eraikitzearen erronkari erantzuten dio. Garden House etxea, aurrekoak ez bezala, dentsitate are handiagoko alderdi batean kokatzen da, 30 metroko garaierako etxebizitza altuen artean. Sorpresa izan zen eraikina helbide gisa genuen erreferentzian zegoela baieztatzea, zaila baitzirudien kale nagusi bati perpendikularra zen kalexka estu hartako bi dorreren zirrikituan bitxi hau aurkitzea. Kalexka zorretan dago 8 x 4 metroko orube txikiarekin, haren landarediaren freskotasun berdeak lekuaren pertzepzioa aldatzeko gaitasuna baitauka. Garden House etxearen kanpoaldea, 2024ko abuztuan. Hamar urteren ondoren etxeak izandako bilakaera nabaria da, sarean proiektuko argazkiak ikustea gomendatzen da. Nekane Azpiazu Lejardi Ryue Nishizawa arkitektoaren (SANAA) eraikina bi editorek lan egiteko eta bizitzeko espazio malguak dituen bizitegi bertikala da, argiari eta aireztapenari garrantzia ematen diona, emaitza gisa egitura arina eta irekia diseinatuz. Solairu guztietan lorategiak ditu, eta, horrela, lasaitasuna eta natura berrien giroa lortzen du hiriaren bihotzean. Eraikineko solairu bakoitza berezia da, espazio bizigarriaren eta begetazioaren konbinaziori dagokionez, eta malgutasun horrek ahalbidetzen du, hain zuzen ere, erabiltzaileen beharren arabera espazioak funtzio desberdinetarako egokitu ahal izatea. Horrela, gela bat logela gisa erabil daiteke, beste bat egongela, bulego edo bainugela gisa. Diseinu horri esker, espazioak jarraitutasuna du, egitura sinple bat mantenduz, baina bizitzeko modu berriak ahalbidetzen dituen banaketa batez. Kanpoaldearekiko lotura iraunkorra da; izan ere, lorategiek, maila bakoitzean, erlaxazio espazio bat eskaintzen diete biztanleei, eta, bertan, irakurri, haizeaz gozatu edo, besterik gabe, ingurua ikusi dezakete. Bake giroa sortzen da hiri burrunba handia dagoen alderdi batean. Errezel arin eta mugikorrek funtsezko rola jokatzen dute proiektu honetan, horiek baitira espazioa zatitzen dutenak, diseinuari dinamismo ukitu bat emanez eta barneko eremuak erabiltzaileen beharren arabera bereiztea ahalbidetuz. Bilera gela baten testuinguruan, errezelak itxi egiten dira espazio pribatu bat sortzeko, eta beharrezkoak ez direnean erretiratu egiten dira, eremua zabaltzeko. Baliabide honek eraikinaren malgutasuna nabarmentzen du, eta espazioen izaera moldakorra indartzen du, etxeko kideek beren ingurunea eguneroko jardueretara egokitzea posible eginez. Zirkulazio bertikala eskailera baten bidez egiten da, etxebizitzako lau mailak zeharkatzen dituena, egituraren hezurdura nagusi gisa. Japoniako arkitekturan hain esanguratsuak diren zehaztasuna eta xehetasuna erabiltzen ditu eskailerak, zirkulazio eraginkorra ahalbidetu eta mailak modu jarraituan lotzeko. Garden House etxearen oinak. Nekane Azpiazu Lejardi Goiko solairuan, zoruan dagoen hutsune gehigarri batek hirugarren mailan landatutako zuhaitz bat haztea ahalbidetzen du, natura barneratuz eta ingurune naturalarekin lotutako etxebizitzaren ideia indartuz. Zuhaitz hori, eraikinaren bizitzaren irudia izateaz gain, mailak bisualki lotzen dituen elementua da, Nishizawak natura eta arkitektura integratzeko duen ikuspegia azpimarratzen duena. Proposamenak etxebizitzaren barnealdearen eta kanpoaldearen arteko muga lausotzen du, eta aurrerapausoa da etxebizitzaren eta naturaren arteko harremanean, begetazioak fatxada funtzioa betetzen baitu. Etxebizitza bestelakoa da, Tokioko hirigune trinkoko hiri-partzela txikienetan lorategiak ia ez baitira existitzen, baina tarteka badaude horrelako ereduak, non eremu ñimiñoetan naturarekiko lotura lehenetsi egiten den. Etxebizitzaren kokapena bertatik bertara ezagututa, sekulakoa da kolore berdeak lekuari egiten dion mesedea; kalea eraldatzen du, segurtasun sentipena handitu eta guzti egiten du -beharrik ez dagoen arren-, eta atzealde bat izan zitekeena espazio atsegin bilakatzen du. Etxebizitza biztanleen nortasun sortzailearen isla da; izan ere, beren izaera profesional eta artistikoaren hedapen gisa ikusten dute eraikina. Editoreek beren espiritu askearekin eta originalarekin bat egingo zuen espazioa bilatzen zuten, eta Nishizawaren proposamenak ikuspegi horri erantzuten dio, ingurune malgu eta pertsonala eskainiz, non eguneroko bizitza eta lana erraz uztartu daitezkeen. Diseinu ariketa original eta ausarta da, hiriko etxebizitzaren muga tradizionalei aurre egiten diena eta biztanleek ingurunearekin duten harremana birdefinitzen duena. Egitura sinpleak eta espazio irekiek askatasuna, natura eta sormena protagonista dituen giroa sortzen dute. Garden House etxearen marrazki irudikapena. Nekane Azpiazu Lejardi