2024 URR. 27 KIROLA Minbizia eta indar entrenamendua (Getty) Ione Rodriguez Tolosa - Salto Training Minbizia duten pertsonentzat, indar entrenamenduak onura garrantzitsuak eskaintzen ditu, bai tratamenduan, bai errekuperazio prozesuan. Tratamenduak, hainbat ondorio fisiko eta mental eragin ditzakete, eta indar entrenamenduak horiei aurre egiten asko laguntzen du. Tratamenduek gihar-masa galtzea eragin dezakete, eta horrek mugikortasuna eta eguneroko jarduerak egiteko gaitasuna murriztu dezake. Indar entrenamenduak gihar-masa handitzea eta mantentzea ahalbidetzen du, tratamenduaren ondorioz gerta daitekeen giharren galera prebenituz. Funtsezkoa da eguneroko bizitzako jardueretan autonomia mantentzeko. Indar entrenamendu arinek, energia maila handitzen laguntzen dute; hots, nekea murriztu eta pertsonen bizi kalitatea hobetzen dute. Ariketa fisikoak gorputzaren energia-sistemak aktibatzen ditu; hala, tratamenduaren ondorioz gerta daitezkeen gainkargak eta ahultasunak murrizten ditu. Bestetik, indar entrenamenduak endorfinak sortzen ditu, eta horiek estresa eta antsietatea gutxitzen laguntzen dute. Ariketa fisikoaren bidez pertsonek estresa, depresioa eta antsietateari aurre egin eta ongizate psikologikoa hobetu dezakete. Horrek autoestimua eta pentsamendu positiboa sustatu eta tratamenduaren erronka psikologikoak gainditzen laguntzen du. Minbiziak eta bere tratamenduek pisu-galera edo obesitatea eragin dezakete. Indar entrenamenduak metabolismoa azkartzen du, eta horrek pisua kontrolatzen eta gorputzaren osasuna sustatzen lagun diezaguke. Tratamenduek funtzionamendu orokorrean eragin negatiboa izan dezakete. Horren aurrean indar entrenamenduak mugikortasuna, malgutasuna eta gihar-indarra hobetzen du. Hala, pertsonak eguneroko jarduerak egiteko gaitasuna mantentzen du, eta, beraz, bere bizitza normaltasunez eta autonomiaz egiteko gai izango dira tratamenduaren ondoren. Tratamenduan eta errekuperazio prozesuan laguntzeko, garrantzitsua da programa pertsonalizatu eta ziurra garatzea. Neurrizko intentsitateko ariketak dira gomendagarrienak; ahulezia eta mina agertzen diren kasuetan, batez ere. Beraz, entrenamenduaren egokitzapena eta intentsitatearen kontrola funtsezkoak izango dira entrenatzeko prozesu honetan.